Donostia Zinemaldia

Amodio eta gorrotoen eguna

Imanol Gallego 2014ko ira. 21a, 15:34

Antonio Banderas, Autómata filmaren aurkezpenean.

Sail ofiziala inoiz baino biziago dago. Bere proposamenak, oso interesgarriak izateaz gain, eztabaida sortzen duten gaiak jorratzen dituzte. Lehiaketa gogotsu hasi da, eta aurtengo epaimahaiak lan nekeza izango du.

Lehiaketara aurkeztutako filmek orokorrean oso zapore ona uzten ari dira, Autómata luzemetraia albo batera utzita noski.

Sail ofiziala

Dans la maison pelikularekin Urrezko Maskorra irabazi eta bi urtera, Donostiako Zinemaldira itzuli da Françoise Ozon. Une nouvelle amie filma aurkeztu zuen atzo lehiara. Melodrama bat egin asmo zuen arren, komedia ukituak ere badituen maitasun istorio bat kontatu du azkenean.

Kursaaleko publikoak une batzuetan barre egin izanarekin pozik azaldu zen zuzendari frantsesa. "Filma jendearekin batera deskubritzen dugu, eta barre egin badu, hobeto, film popular bat egitea izan da nire asmoa", azaldu du zuzendari frantziarrak. Homosexualitatea, bakoitzaren identitatea... puri-purian dauden gaiak jorratzen dira Une nouvelle amie luzemetraiean. 

Komedia zantzuak dituen film batetik eutanasiaz mintzo den film batera. "Duintasunez" landu gura izan du Bille August zuzendari daniarrak Stille hjerte filmean gai potolo hau, eta Kursaal aretoa lepo bete zuen ikuslegoari kasu egiten badiogu, film honek sariren bat lortuko du, azken urteetako txalo zaparrada luzeena jaso baitzuen emanaldia amaitu eta gero.

Giza harremanak, familia eta maitasuna osagai nagusi hartuta eraiki du filma zuzendariak, eta, adierazi duenez, Christian Torperen gidoia hasieratik izan zuen gogoko, "duintasunarekin eta errespetuarekin lotutako istorio indartsua baita".

Susanne Bier zuzendariaren istorioek beti hunkitzen du ikuslea, eta oraingoan, bide beretik doa zuzendari danimarkarra. En chance til bigarren aukerez mintzo da. Bigarren aukerak onak al dira? Akats bat egitean posible da atzera egitea?

Egoera sinesgaitzei aurre egin behar dieten pertsona arrunten inguruko istorio hunkigarria da. Nahiz eta amaiera aldean, istorioari hainbat buelta eman eta gero, kontakizuna gehiegi luzatzen den.

'Cliché' guztiak mantendu arren, The drop, zine beltza defendatzen duen luzemetrai duina da. Gagsterrak, mafia, hilketak... guztia dauka zinta estatubatuar honek, baina kasu honetan, gidoi borobil bati esker, ikusleak ezusteak izango ditu. 

Tom Hardy-ren lana primerakoa da, nabarduraz josia, erakartzen zaituen lan horietako bat da. Nostalgikoak garenontzako James Gandolfini aktorearen azken lana ikusteko ere balio du film honek.

62. edizio honetako lehen desilusioa izan da Autómata filma. Antonio Banderasek aurrera eroandako proiektua ez da ona. Blade runner, Yo robot, eta beste film askoren zantzuak izan arren, Campo de batalla: la Tierra filmarekin gertatu zen moduan, ez du ikuslegoa liluratu.

Egia da teknikoki aparta dela, eta Hollywoodeko edozein filmerekin parekatu daitekeela, baina gidoia nahiz gainontzeko aspektuetan... ez da batere film gomendagarria.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak