Aurten Zinemaldiak errealitatearekin lotura eta konpromisoa daukaten filmak erakutsiko zituela aurreratu zuen duela pare bat aste Jose Luis Rebordinos zuzendariak, eta badirudi, bere hitzak hasieratik bukaerara beteko direla.
Atzo inaugurazio-galaren unea iritsi zen, eta alfonbra gorriak duen glamourraz gainera, bizitzarekin, errealitatearekin zerikusia duten sailak ere aurkeztu zituzten. Baina errealitateaz gain, "estetika, abentura eta dibertimendua", ere badela gogorarazi zuen Mireia Gabilondo aktore eta zuzendari bergararrak atzo. "Dibertere latinezko hitzak hori esan nahi du: norbera bere barrutik ateratzea. Eta guk dibertsio handia behar dugu", adierazi zuen Gabilondok.
Denzel Washington
Denzel Washington aktore entzutetsuak, Karra Elejalde eta Edurne Ormazabal gaueko galaren aurkezleen hitzetan Hollywoodeko izarren eredu izan den aktoreak, Donostia Saria jaso zuen.
Bi Oscar sari irabazi dituen aktoreari Antoine Fuquak zuzendariak eman zion saria. Fuquaren ustez, Washingtonek interpretazioa barruan darama, eta "Lanean pasio handia jartzen duen bihotz zabaleko", aktore bezala aurkeztu zuen.
Aurkezpenaren ostean, bere ibilbideko paper nabarmenenen laburpen bat erakutsi eta gero, eskenatokira sartu zen Denzel Washingtonek, goitik behera beltzez jantzita. Txalo zaparrada ozenak erabat hunkitu zuen aktore estatubatuarra, eta hasieran hitz egitea kosta zitzaion arren, ahots dardaratsuaz, esker onez hitz egin zuen.
Sail ofiziala
Hasi da urrezko maskorra eskuratzeko lasterketa, eta Alberto Rodriguez zuzendariaren La isla mínima sari gosearekin iritsi da Zinemaldira.
Gidoi mardul eta pertsonaia landuak dituen polizia thriller bat da La isla mínima. Hollywooden egiten diren filmetatik urrun, hemen ikusleak ez du puzzlerik egin behar, pertsonaiak hasieratik agertzen baitira diren bezalakoak, honetan baina, protagonistak hotzak dira, ez dute enpatiarik sortzen. Zuzendariak berezi zaindu dituen argazki, muntaia eta argiak filma borobiltzen laguntzen dute, dudarik gabe baina, film honetako onena Raul Arevalo eta Javier Gutierrez aktoreen lana da.
Perlak
Bizitza poztasuna, algara, irribarrea... izateaz gain, malkoa, depresioa... ere bada. Atzo Xavier Dolan zuzendariak argi utzi zuen, une gaziak gozoak bezain beharrezkoak direla.
Mommy ikusi beharreko film horietako bat da. Seme eta ama baten harremanari beste bira eman dio Dolanek eta ikuslea hunkitzeaz gain, hausnarketara eroaten zaitu. Malkoa eta barrea tartekatzen dira Mommyn, eta bizitzan gertatzen den moduan, emozioek errealitatearekin talka egiten dute behin eta berriro.
Txutxu-mutxuak eta bestelako kontuak atsegin duzuen horiek, jakin, Zinemaldiaren azken egunetan Orlando Bloom etorriko omen dela, baina oraindik zurrumurru bat besterik ez da.