Donostia Zinemaldia

Debagoiendarrak alfonbra gorrian

Miren Arregi Amasorrain 2014ko ira. 19a, 09:22

Loreak filmeko kartela Kursaal aurrean.

Dena gertu dago Donostian Zinemaldiaren beste edizio bati hasiera emateko; Kursaala, zine aretoak, antzokiak, alfonbra gorria, zine zuzendari, produktore, aktore... Zinemaren hiriburu bilakatuko da gaur hasi eta datorren zapatura arte Donostia. 62.a du aurten Zinemaldiak; eta indartsu dator: 212 pelikula eta izen handiak, bai zuzendari, eta baita aktoreei dagokienez ere.

Europako zinegileen kopuru eta mailak emango dio, besteak beste, prestigioa aurtengoari. Donostian izango dira François Ozon,  Susanne Bier eta Cedric Khan zinegile ezagunak, besteak beste.  

Gaur izango da Donostiako Zinemaldiaren 62. edizioko inaugurazio gala, 21:00etan, Kursaalean. Karra Elejalde eta Edurne Ormazabal izango dira hori zuzentzen eta galako izen nabarmenena, zalantza barik, Denzel Washington aktore estatubatuarra izango da, hark jasoko baitu aurtengo lehenengo Donostia saria. Benicio del Toro aktoreak ere jasoko du aurten Donostia saria, baina hori hilaren 26ko galan izango da.  

Aipatzekoak dira, baita ere, guztien artean hiru sail: Ofiziala, Zabaltegi eta Perlak. Perlak, beste zinemaldi batzuetan saritutako pelikulaz beteta datorrelako; Zabaltegi eta Sail Ofiziala, bietan ere debagoiendarrek parte hartu duten filmak emango dituztelako. 

Ibarreko ordezkaritza zabala 

Donostiako Zinemaldiaren 62. edizioa berezia izango da, baita ere,  euskarazko zinemagintzak inoizko parte hartzerik handiena izango duelako Sail Ofizialean –Loreak eta Lasa eta Zabala filmean emango dituzte sail horretan–, eta ez hori bakarrik, bereziki berezia izango baita debagoiendarrentzat, inoizko parte hartzerik handiena izango duelako. 

Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak zuzendutako Loreak filma Urrezko Maskorrarengatik lehiatuko da Sail Ofizialean eta  horretan parte hartu du gidoilari eta  bigarren unitateko zuzendari lanetan Aitor Arregi oñatiarrak; ez hori bakarrik, filmeko ekoizle eragilea ere izan baita. Datorren martitzenean, hilak 23, 22:00etan, zapalduko du Loreak filmeko lantaldeak alfonbra gorria eta han izango da Aitor Arregi ere, "urduri eta gogotsu: "Sekulakoa izango da Kursaala beteta ikustea", dio. Pozik dago, era berean, Sail Ofizialean emango duten euskara hutsean grabatutako lehen filma baita Loreak. "Sail horretan egote hutsak izena eta aukera handiak emango dizkio filmari", dio. Eta gaineratu du: "Amestea libre da; Urrezko Maskorraz gain beste sari asko emango dituzte, eta, zergatik ez, horietako bat eskura genezake".

Aktore bi Sail Ofizialean

Ez da Arregi Loreak filmaren estreinaldian egongo den debagoiendar bakarra izango, Mariasun Pagoaga aktore arrasatearra ere han izango baita. Pagoagak Loreak filmean parte hartu du "paper txiki" batekin, eta, egunotan Goenkale-ko grabaketekin lanpetuta dabilen arren, estreinaldian izango da: "Lanpetuta nabil oso eta lanak uzten didan heinean egongo naiz Zinemaldian; Loreak filmaren estrainaldia, seguru", dio Pagoagak. "Lasa eta Zabala-renean, ez dakit oraindik", gaineratu du. Hain justu ere, Pagoaga Lasaren ama izango da fikzioan.

Kepa Errasti aretxabaletarrak ere hartu du parte Sail Ofizialean erakutsiko diren bi filmetan, eta "handik ibiliko" da Zinemaldiak irauten duen bitartean. "Ez dut agerraldi ofizialik egingo, baina Donostian ibiliko naiz. Zinemira galan, seguru, eta jairen baten ere bai". Loreak eta Lasa eta Zabala ikusiko dituen galdetuta dio nahiago dituela ondoren ikusi, "euskal produkzioek gero behar dute-eta publikoa".

Argazki zuzendaria, oñatiarra

Aitor Mantxola oñatiarrak argazki zuzendari lanak egin ditu Lasa eta Zabala filmean. Hilaren 25ean estreinatuko da hori, Kursaalean, 19:00etan. Han izango da egun eta ordu horretan Mantxola, nola ez, ez du hutsik egingo. Zinemaldiak irauten duen bitartean ere Donostian emango ditu egunak, gaurtik hasita: "Aurten ilusio bereziarekin, Lasa eta Zabala han egonda". Gustura dago Mantxola filmean egin duten lanarekin. "Teknikoki oso maila handiko lana da; oso neurrikoa eta konplikatua gaiari dagokionez. Beharrezkoa zen gai horren gaineko horrelako lan bat", dio filmaz galdetuta. Sail Ofizialean badago ere, Lasa eta Zabala ez da lehiaketa ofizialean egongo.  

 

Zabaltegin ere, ibarretik asko

Zabaltegi sailak ere izango du ibarretik aurten. Esaterako, Aitor  Arregi oñatiarraren Zarautzen erosi zuen film laburra erakutsiko da: "Belodromoan emango dute, eta oso harro nago labur hau Zinemaldira aukeratua izan delako", dio Arregik. 

Zabaltegin ikusi ahalko da, baita ere, Asier Altuna Kixi bergararraren Soroa. Bihar arratsaldean aurkeztuko da hori Kimuak bildumarako izan diren film laburren aurkezpen ekitaldian, eta gauean, 22:45ean, Trueban emango dute. Han izango da Kixi, emanaldiaren aurretik aurkezpen txiki bat egiteko. Denbora luzez aritu da bergararra Soroa laburrean lanean: "Urtetan joan  gara grabaketak egiten Bardean eta postprodukzio lan itzela izan du", dio. Jorge Oteitzaren ipuin batetik abiatutako filma da, "lan esperimentala eta surrealista".  

Maria Cruickshank oñatiarrak Borja Kobeagaren Negociador pelikulan parte hartu du, eta film hori ere emango dute Zinemaldiko Zabaltegi sailean. Paper txiki bat izan du oñatiarrak filmean, eta nahikoa izan zaio zinegintza ere gustuko duela jakiteko: "Nire lehenengo filma izan da, beti ibili naiz telebistan edo antzerkian. Erritmoa oso desberdina da, lasaiagoa, eta lan fina eta polita gelditu da". Zinemaldian izango da oñatiarra,  "ilusioz", lantaldearekin egingo den prentsaurrekoan lehenik, eta filmaren lehenengo emanaldian ondoren. 

Kimuak-ekin Zinemaldian

Esther Cabero ere Donostian izango da egunotan, Eusko Jaurlaritzak eta Etxepare Institutuak kudeatzen duten Kimuak programan egiten du-eta lan aretxabaletarrak; hain zuzen ere, hura da Euskal Herrian ekoitzitako film laburren katalogoaren koordinatzailea. Caberoren ustez, Kixi-ren Soroa-k "sorpresa emango du" eta Arregiren Zarautzen erosi zuen "enpatia handia eragiten duen" filma da. Zinemaldian lanpetuta ibiliko bada ere, Loreak ikusteko tarte bat hartuko du.  

Joan Sala ere, Donostian

Bartzelonan bizi den Joan Sala arrasatearrak ere Donostian emango du astea. Filmak deskargatzeko aukera ematen duen Filmin enpresako editorea da hura eta 40 pelikula inguru ikusiko ditu Zinemaldian. Irrika handiena pizten diona Loreak filma da.

----------

Sarrerak 'on line' eta leihatilan salgai

Hainbat film ikusteko aldez aurretiko sarrerak agortuta badaude ere, emanaldi bakoitzeko sarreren %10 filma erakutsiko duten egunean bertan salgai egongo dira leihatilan. Kutxabank.es eta Sansebastianfestival.com webguneen bitartez eskura daitezke, 08:00etatik aurrera. Kreditu txartel bakoitzarekin lau sarrera eros daitezke.

----------

Zinemaldia Goienan

Imanol Gallego kazetaria izango da, aurten ere, Goienako berriemailea. Goiena telebistan, Debagoiena zuzenean saioan egunero zuzeneko konexioak egingo dituzte eta irailaren 24an, eguaztena, berriz, Loreak filmaren gaineko erreportajea eskainiko dute, Goiena.eus atarian, ordea, blogak.goiena.eus/zinemalditikgoienara helbidean batuko dira kronikak, argazki galeriak eta filmen gaineko bideo-kritikak. GOIENA paperak ere jasoko du zinemaldiak emandakoak. Eta Arrasate Irratian,     berriz, zuzeneko konexioak egingo dituzte. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak