'Euskara praktikoa' eskaintzen du AEKk 2014-2015 ikasturterako

Ubane Madera 2014ko ira. 19a, 08:37

Urriaren lehen astean hasiko du ikasturtea Debagoieneko AEKk, eta ekainera bitartean euskara ikasteko hainbat aukera eta baliabide jarriko ditu eskura. Euskara praktikoa da leloa, izan ere, berba bi horiek dioten moduan, ikasteko ez ezik gure hizkuntza erabiltzeko ere badela erakutsi gura dut. Azken batean, hizkuntza bat bizirik mantentzeko gakorik handiena erabilera delako.

"Batzuetan euskara oso lotuta dago teoriara eta gramatikara; askotan ikasleak gehiegizko ikuspegi gramatikala dauka hizkuntzari begira, eta aldarrikatu gura dugu euskara praktikoa, benetan bizitza errealerako baliagarri izango den euskara hori (…) Badago jendea euskara ikasi duena baina erabileran hutsuneren bat sentitu duena, edo euskara batuan apur bat alfabetatzeko beharra sentitu duena… hainbat profil ikusten dira euskararen erabilera demandatzen dutenak, eta urteotan horri erantzun gura izan diogu. Egia esan, ikasleak pozik daude eskolak askotan ez direlako zorrotz gramatikalak izaten, denetik egiten saiatzen gara, eta neurri handi baten ahozko komunikazioa lantzen dugu, gehienbat beldurrak eta segurtasun ezak kentze aldera. Adibidez, azterketetan-eta baliteke gramatikan edo idatziz ondo moldatzea, baina ahoz beldur-errezeloak egoten dira, eta uste dut nahiko modu praktikotik erantzuten diogula euskararen ikaskuntzari", esplikatu du Xabier Betzuenek, Arrasateko Erdu-AEK euskaltegiko irakasleak.

Diru laguntzak

Osterantzean, maila guztietarako eskaintza du Debagoieneko AEKk, maila baxuenetatik hasita, HABEko azterketetarako lehen, bigarren, hirugarren eta laugarren mailetarako prestakuntzetara arte, "eta urte batzuetatik hona Online eskaintza eta autoikaskuntza ikastaroak ere eskaintzen ditugu, non tutore bat bideratzen den ikasle bakoitzeko, gero jarraipena eginez", azaldu du Betzuenek.

Irailaren amaierara arte

AEKren matrikulazio epea irailaren bukaerara arte dago zabalik. Euskaltegietara jo beharra dago, edo arrasate@aek.org helbidera; eta telefonoz ere egin daiteke: 943 77 03 69. Deialdia kolorez jantzi dute, gainera, euskaltegikoek: laranja kolore biziz margotu dute Arrasateko Uarkape pilotalekuko pareta zati bat, jendea animatzeko.

 

Bestalde, matrikula ordaintzeko laguntzak ematen dituzte eskualdeko udalek, baita Jaurlaritzak ere. "Esaten da euskararen ezagutzak asko egin duela gora, baina tamalez, inkestek behin eta berriz esaten dute erabileran larri-unean dagoela. Euskaltegiak oro har, eta gu, bereziki, beti gaude prest ikasle berriak hartzeko, eta jendeari euskaraz bizitzen laguntzeko, motibatzeko. Azken batean, hizkuntza bat bizirik mantentzeko erabilera delako gakorik handiena", azpimarratu du irakasleak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak