Dolmena ala menhirra?
Barandiaranek, bere garaian, indusketa txiki bat egin zuen Telesforo Aranzadirekin eta Enrique Buenorekin batera, 1922an, trikuharri bat zelakoan. Ikatzak eta teilak azaldu ziren eta Barandiaranek pentsatu zuen garai hartako mugarri bat zela, baina ez historiaurrekoa. Orain dela hamar urte, ostera, pertsona batzuek handik igaro eta trikuharria [hilobia] zela esan zuten, eta hala katalogatu zuten. Oraindik hori esaten duen Jaurlaritzaren plaka bat dago han.
Zuek, ordea, zutarri bat dela frogatu ahal izan duzue.
Gure ustea beti izan da historiaurreko monolito bat zela, baina nahia zen hori frogatzea, eta hasierako indusketa txiki bat egin genuen. Hasi eta berehala agertu zen zulo handi bat, zoruko harrian egindakoa, eta suharri printza batzuk ere, eta horrek argi eta garbi erakutsi zuen ez zela trikuharria, monolitoa baizik. Zuloa eta monolitoa neurtu genituen eta bat zetozen. Zalantzarik ez zegoen, hortaz. Erabateko ziurtasuna izateko 3D eskaner batekin azken ikerketa bat egin genuen eta garbi geratu zen.
Ingurua bera nahiko aberatsa da historiaurreko harrietan, ezta?
Menhirretan ez hainbeste, baina bai trikuharri eta tumuluetan. Azken bi horiek historiaurreko ehorzketak dira eta ugariak dira inguru horretan. Elosua-Soraluze espazio megalitikoan daude, gutxi gorabehera, hogei egitura.
Menhirrek, ostera, beti dute mugarri funtzioa?
Gaur egun zutik daudenak normalean helburu horretarako daude baliatuta, mugarri bezala erabiltzen dira, jatorrizko funtzioaz harago. Bere garaian, Brontze Aroan, duela 4.000 bat urte, ematen duenez, lurralde bat gizatalde batena zela adierazteko erabiltzen ziren menhirrak: "Gu hemen gaude" esateko. Hala ere, zaila da jakiten, sepulturarik ez dagoenez, aztarnarik ere ez dago, hipotesi hutsak dira. Jabetasunaren ikur ziren, orokorrean, monumentu megalitikoak, eta erakusten dute ordurako gizakiak ez zirela nomadak, bizitoki finkoak zeuzkatela.
Arribiribilletakoa, beraz, ziurtasun osoz itzuli duzue jatorrizko egoerara, ezta?
Hori da ziurtasunez esan genezakeen bakarra, harria hor zegoela eta horrela jarria. Jakin bagenekien ikerketa egin aurretik.
4.000 urte inguru dituela diozue. Zein garaitan kokatzen du horrek zutarria?
Brontze Aroan, gutxi gorabehera. Nekazari eta abeltzainen gizartea zen, ez hainbeste ehiztariena. Behi eta ardietatik bizi ziren.
Monumentu megalitikoekin bezala, Brontze Aroko aztarna asko aurki ditzakegu gure inguruan?
Ez, ze trikuharri gehienak Neolitikokoak baitira, antzinagokoak. Trikuharri eta tumuluak Neolitikotik Brontze Arora arteko garaian jasotzen ziren, normalean. Hemen inguruko monolitoak berriagoak dira, beste leku batzuetakoekin konparatuz gero.
Harria bera nondik dator?
Harri bolkanikoa da, eta ez da bertakoa [Irukurutzetakoa]. Haraino eraman behar izan zuten, baina bertakoa ez izan arren ingurua dela esan dezakegu, asko jota bi kilometroren bueltan. Geologoek esan beharrekoa da hori, harkaitz mota hori han bertakoa ez bada ere inguruan badagoelako halakorik.
Elosua-Soraluze espazio megalitikoa aipatu duzu. Zein da inguruaren balioa?
Ez da ohikoa hainbeste monumentu megalitiko aurkitzea hain mendilerro txikian. Aralarrera joanez gero, pilaketa handia dago, baina eremua askozaz ere zabalagoa da, inondik ere. Elosua-Soraluze espazioaren kasuan, hogei monumentu daude mendilerro txiki baten; kontzentrazio maila nahiko berezia da hori.
Arrazoirik aurki genezake?
Gizataldeak garai guztietan bizi izan dira hemen eta monumentu megalitikoak egotea gauza normala da. Neolito garaian eta Brontze Aroan mendian bizi ziren, goi aldeetan, ez haranetan. Gaur egun, hiri gehienak ibaien ondoan daude, baina hori Erdi Aroko kontua da. Orain dela 4.000 urte mendi magaletan bizi ziren gizaki gehienak, basotik gertu, eta, hala, ingurua kontrola zezaketen.
Harriak ez diren bestelako aztarnarik aurkitu da inguruan?
Oraingoz ez; ez, behintzat, Karakaten. Saiatuko gara ikertzen jarraitzen eta garai hartako toki gehiago aurkitzen, baina zaila da. Noski, guk orain arte ehorzketak aurkitu ditugu, baina non dago jendea? Non bizi ziren?
Herrixkaren bat egongo da.
Egongo zen, baina arrastoa uztea zaila da; garai hartan txaboletan bizi ziren eta eraikuntza guztiak egurrez zeuden eginak, eta hori mantentzea oso zaila da. Hemengo kliman, behintzat, ia ezinezkoa da hainbeste urtean eustea. Harrizko zorua, tresnak eta halako materialak aurki daitezke, asko jota. Normalean, gainera, ez da ezer nabaritzen eta zerbait aurkitzeko zulatu eta zulatu eta indusketa txikitxoak egin behar izaten dira.
Beraz, inguruan lanean jarraitzeko asmoa badago.
Baimen eta diruen arabera da hori, baina asmoa badago, eta, hain zuzen, garai hartako bizitokiak bilatu nahi ditugu. Garrantzitsua da bizitokien aztarnak aurkitzea. Saiatuko gara datorren urterako halako zerbait egiten. Badugu susmoa eremu baten zerbait aurki dezakegula, Soraluze inguruan.