Espainiaren kasuan, 2014ko bigarren hiruhilekoan %0,6 egin du gora ekonomiak, baina, epe berean, Euroguneko herrialde indartsuenen emaitzak ez dira bide beretik joan. Frantzian, BPGa ez aurrera eta ez atzera dago, eta Gobernuak iragarri du ezingo duela aurten defizitaren helburua bete.
Alemanian eta Italian bestalde, jaitsiera %0,2koa izan da. Italiaren kasuan, gainera, berriz ere atzeraldian sartu da. Horrek guztiak, Euroguneko ekonomia ez haztea ekarri du.
Debagoienean, zer?
Ibarreko lau enpresatako arduradunek egun bizi duten egoeraren eta ekonomiarekin lotutako azken datuen inguruko galderak erantzun dizkiote GOIENAri.
1. Espainiako adierazle ekonomiko positiboak igarri dituzue?
2. Nola egokitu zarete krisira?
3. Bigarren hiruilekoan Alemania, Frantzia eta Italiak izan dituzten datuek nola eragin ahal dizue etorkizunean?
----------
Xabier Berasategi
TTT enpresako zuzendari orokorra:
"Arduragatik, enpleguarekiko konpromisoa mantendu dugu"
1. "Badirudi Espainian ekonomia berriz aktibatzen ari dela; baina industriala den gure inguruko ekonomiaren kasuan, saltzen dugun herrialdeen hazkunde industrialari begiratu behar diogu gehiago. Alemania eta Frantzia, esportatzen dugun merkatu nagusiak, haztea komeni zaigu. Salmentetan, errekuperazio arina nabari dugu, aurreko urtearekin alderatuta ia berdin mantendu arren. Ez dugu lortzen krisiaren aurreko salmentak errekuperatzea, eta gainkostuak hazten joan dira: lehiakortasuna galtzen jarraitzen dugu".
2. "Merkatuen dibertsifikazioak eta nazioarteratzeak lagundu digute krisia saihesten. Sektore aeronautikoan salmentak igotzeak eta Frantziako bezeroen presentzia handiagoak beste sektore batzuetako salmenten galera konpentsatzen lagundu digute hein baten. Ezin da esan krisitik irten garenik: pixkanaka salmentak errekuperatzen ari diren arren, ekoizteko ahalmena eskaeraren oso gainetik dago. Lan-karga jaitsi den arren, unearen larritasunaren aurrean, arduragatik, enpleguarekiko konpromisoa mantendu dugu".
3. "Oraindik ezin dugu ondoriorik atera, baina adi egon behar dugu makro-datuen garapenari eta esportatzen dugun herrialdeetako salmentei. Salmentak pixkanaka errekuperatzen doazen arren, ez da lanpostu berririk sortuko guztiz errekuperatu arte, betiere, geratzen diren enpresak bideragarriak eta lehiakorrak badira".
----------
Jose Creixell
Hijos de Juan de Garayko Administrazio Kontseiluko kidea:
"Marjinak nabarmen murriztu dira, eta zenbait kasutan, ezerezean geratu"
1. "Aurten bai nabaritu dugu aktibitatean tirakada handia: automobilaren sektorea berriz ere aktibatu da Espainian, eta batez ere, nazioarteko merkatuetan. Kontrapartida moduan, aktibitatearen hobekuntzak ekarri du salmenta prezioen jaitsiera orokorra. Ondorioz marjinak nabarmen murriztu dira, eta, zenbait kasutan, ezerezean geratu. Gehiegizko eskaintza dago, eta, egoera normaldu arte, automozioaren merkatuak ezartzen dizkigun prezio baxuak onartu beharko ditugu".
2. "2008ko azken hiruhilekoan hasi ginen nabaritzen krisia, eta 2013 bukaera arte mantendu da. Egin ahal izan dugun aldaketa bakarra izan da gastuak murrizteko neurriak hartzea; baina ez dira nahikoa izan salmenten jaitsieraren aurrean. Hala, egun dugun zorpetze mailak ez du inolako antzik iraganean izan dugunarekin. Horrelako egoera zailen amaieran, akaso ohikoa ez den erantzukizuna hartu dugu gure gain; ohikoena da nork bere buruari bakarrik begiratzea".
3. "Abuztuan Europatik datorren nolabaiteko dezelerazio baten zurrumurruak zabaldu arren, oraingoz, ez digu eragin. Halere, ezin ditugu zurrumurruok alde batera utzi: azkenengo aldian ere genioen burbuila inmobiliarioa eta finantza krisia ez zirela hona helduko, Ameriketako Estatu Batuetako kontua zela. Alertan gaude, gorabehera hutsa bakarrik izatea espero dugun arren".
----------
Aitor Goikoetxea
Cerrajera Valle Leniz-eko zuzendari orokorra:
"Gakoak berrikuntza, internazionalizazioa eta barne prozesuaren hobekuntza izan dira"
1. "Bai, hobekuntza igarri dugu. . Gorakada bat izan dugu estatu mailako salmentetan".
2. "Negozio estrategiari dagokionez, krisiak salmenten jaitsiera garrantzitsua eragin zuen arren, krisia hasi aurretiko hiru ardatz estrategikorekin jarraitzen dugu lanean: berrikuntza, internazionalizazioa eta barne prozesuaren hobekuntza. Bestalde, kudeaketa ereduari dagokionez, lehendik aplikatzen ari ginen eredua mantendu dugu, langileen parte-hartzean oinarritzen dena. Lanpostuak mantentzea lehentasunezko irizpidea izan da guretako eta malgutasuna bilatzen saiatu gara. Horrela lortu dugu Enplegu Erregulazio Espedienterik ez eskatzea eta kaleratzerik ez aplikatzea. Maila guztietan komunikazioa eta gardentasuna landu dugu".
3. "Merkatu horien gorabeherek ez digute larregi eragiten. Merkatu horietan eraikuntzan oinarritzen den industriak ez du gorabehera handirik izaten garai onetan zein txarretan. Bestalde, Alemania bereziki krisian egoteak alde ona izan dezakeela deritzot, Euroaren debaluatzea ekarriko duela uste dut-eta. AEB, Txina, Japonia eta Erresuma Batua moneta debaluatzen edo debaluatuta izaten saiatu dira, baina Alemania ez. Alemaniak, ezin hobeto zihoanean, ez zuen moneta debaluatzeko beharrik ikusten eta horrek lehiakortasuna murrizten zigun besteei".
----------
Santi Agirregoikoa
Elay taldeko zuzendari orokorra:
"Gure bezeroak ondo kokatuta daude eta egoera egonkorra aurreikusten dugu"
1. "Gure bezeroak Europan daude, batez ere Alemanian, eta bertan ekoizten diren autoak mundu zabalean saltzen dira. Hortaz, onerako zein txarrerako, Espainiakoarekin baino lotura estuagoa daukagu Alemaniako egoerarekin. Hala ere, hobekuntza igarri dugu, adibidez, banketxeek erakusten duten konfiantza mailan".
2. "2009 eta 2010 izan ziren urterik gogorrenak, bat-batean merkatuaren %40 galdu genuen. Egoera horri erantzuteko denon esfortzua beharrezkoa izan da. Enplegu Erregulazio Espediente bat jarri genuen martxan, eta aldi berean, gure esfortzu komertziala biderkatu genuen lan gehiago lortzeko. 2010ean bukatu zen gure EREa hurrengo bi urteetan ere sufritu ostean, egun egoera normal baten ari gara lanean. Ez genuen egitura aldaketa handirik egin baina krisiaren ostean talde sendoago bat gara, zorrotzagoak akatsen aurrean eta helburu orokorrak lehenesten ditugu helburu partikularren gainetik".
3. "Krisi aurreko zifretara bueltatu gara eta hor mantentzea espero dugu 2015ean ere. Nahiko zuhurrak gara etorkizuna aztertzerakoan, eta ez dugu aldaketarik aurreikusten. Izan ere, gure bezeroak oso ondo kokatuta daude mundu mailan; hori bai, alarmak piztuta ditugu eta bezero zehatz batzuen joerak arretaz jarraitzen ditugu. Beraz, egoera egonkor bat aurreikusten dugu".