1. Amaren tabernan lanik ez egiteko hasi omen zinen txirrindularitzan...
Hamaika urterekin Oiartzundik Astigarragako Bentetara joan ginen, eta han taberna bat geneukan. Erosketetarako eta ondoko herrietara joateko, bizikletan ibili behar genuen, eta hor hasi nintzen.
2. Guztien artean, zein garaipen izan zen lortzeko zailena?
Ez lehen eta ez orain, inork ez du ezer ere oparitzen. Gehiago edo gutxiago, beti izaten da zaila irabaztea; baita txikitan txapekin jolasten genuenean ere.
3. Zein da gaur egungo eta garai bateko pelotoiaren arteko alderik handiena?
Alde batetik, prestakuntza: gaur egun askoz hobeto kontrolatzen da, bakoitzak bere prestatzaileak ditu. Materialak berak ere, aldaketa handia izan du.
4. Nolakoa ari da izaten aurtengo txirrindularitza denboraldia?
Itzuli handietan ikusi moduan, istripu askoko denboraldia izaten ari da. Vueltan ere, hainbatek etxerako bidea hartu behar izan dute eta horrek beti kentzen dio interesa lasterketari. Contadorri Santiagorako bidea asko erraztu dio.
5. Kolore laranja bota dute askok faltan aurtengo pelotoian. Zuk?
Noski, pena handia izan da. Baina pentsatu behar dugu enpresa bat zela, eta egungo egoeran, zoritxarrez, normala dela gertatutakoa.
6. Zenbat bizikleta dituzu etxean?
Bizikleta bakarra neukan, eta lagun bati eman nion zeukan museo txikian jartzeko. Ez naiz bizikletan ibiltzen, hemengo errepideak arriskutsu xamarrak dira-eta. Orain oinez ibiltzen naiz: kirol sanoa eta merkea.
7. Era batera edo bestera, bizi guztia txirrindularitzaren inguruan. Ez zaitu inoiz ere aspertu?
Txirrindularitza utzi eta pare bat urtera ez da inor zutaz akordatzen. Baina zuzendari moduan ibilita, eta gero hedabideetan, jendea askoz gehiago gogoratzen da. Niretzat hori da zorterik handiena.
8. Inbidiarik pasatzen duzu hedabideetan lasterketak komentatzean?
Ez. Beti pentsatu izan dut profesional mailan hamalau denboraldi eman nituela, eta horrekin nahikoa eta sobera izan zela!
9. Dopin kontuetan, zorrotzagoak gara txirrindularitzarekin beste kirolekin baino?
Bai, gehien kontrolatzen den kirola da. Kirol denetan hainbeste kontrol pasako balira, ikusiko genuke zein den garbiena.
10. Ze txirindularik emango du zeresan handien datozen urteetan?
Gazteek etorri behar dute: hor daude, esaterako, Fabio Aru eta Nairo Quintana. Baina oraindik ere Contador eta Froome bezalako beteranoak ibiliko dira goian.
----------
Makila magikoa baneuka: "Ikasi duen horretan, edo balio duen horretan, lanpostu bat emango nioke bakoitzari"