Horren guztiaren ondorioz, gipuzkoarrek zabortegira gero eta hondakin gutxiago bidaltzen dutela azpimarratu dute: "Aurtengo lehen zazpi hilabeteetan iazko epe berean baino % 10,2 gutxiago eraman dugu; 101.908 tona aurten, eta 113.507 tona, 2013an".
Bada, datu horietan oinarrituta, aurten Gipuzkoan 170.000 tona inguru errefus sortzea aurreikusi du Foru Aldundiak, duela zazpi urte baino %38,5 gutxiago, alegia.
Iñaki Errazkin Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatuaren arabera, datuok lurraldea norabide egokian doala agerian uzten dute eta norabide aldaketa honetako protagonistak herritarrak dira: “Eskerrak eman behar dizkiegu hondakinen alorrean gauzak txukun egiten ari diren milaka eta milaka gipuzkoarrei. Gipuzkoan aldaketa soziala ere badago arlo honetan: denok ohiturak aldatzen ari gara, eta hondakinak gaika sailkatzen, konpostatzen, arduraz jokatzen… ikasten ari gara. Beraz, Foru Aldundiaren izenean, herritarrei eskerrak eman behar dizkiet, haiek direlako aldaketa honetako protagonista nagusiak”.