Gazte ekintzaileak bilatzeko proiektua abiatu du Mondragon Unibertsitateak

Eneko Azkarate 2014ko ira. 3a, 09:18

Mondragon Unibertsitatea "espiritu ekintzailea duten gazteen bila" dabil, "etorkizuna elkarrekin eraikitzeko!". Izan ere, MUk Etorkizuna Elkarrekin Eraikiz (E3!) ekimena jarri baitu abian. "Proiektuaren abiapuntua da Debagoienean pertsona gazteen kapital sozial handi bat dagoela, prestakuntza tekniko eta unibertsitario handiz hornitua, eta esperientzia ekintzaileak protagonizatzeko gaitasunarekin" diote MUtik. Unibertsitateko tulua izatea, 18-25 urte artean egotea eta Lanbiden izena emanda egotea dira baldintzak.

Pertsona horiei, Etorkizuna Elkarrekin Eraikiz! (E3!) ekimenak alderdi hauetan parte hartzeko aukera eskaintzen die:

  • Proiektu egituratu bat, bideragarritasun teknikoaren eta merkatuaren ebaluaziora orientatua.
  • Enpresek aurkezten dituzten proiektuak, epe laburrera negozio aukerak sortzera orientatuak.
  • Oinarri teknologikoko ekintzailetza proiektuen bitartez gauzatu daitezkeenak.
  • Langabezian dauden gazteek osatutako diziplina arteko taldeek protagonizatuta, kualifikazio tekniko handiarekin.
  • Gaitasun bereziak eskaintzea, erronka teknologiko edo merkatuaren erronka jakin bati erantzuteko.

E3! ekimenaren ezaugarri berezia da "gazte tituludunen jarduera ekintzailea eta Mondragoneko enpresen ekintzailetza prozesuak" elkartuko dituela, "prozesu sinergiko eta egituratu baten esparruan", adierazi dutenez.

Izan ere, E3! ekimena zabalik dago langabezian dauden gazte tituludunek eta ekintzailetzarekin konprometituta dauden Mondragoneko enpresek libreki parte hartzeko.

Unibertsitate tituludun gazte langabetuak

Horrenbestez, proiektuetan sustatzaile moduan parte hartu ahal izango dute, gaitasun bereziak eskainiz, erronka teknologiko edo merkatuaren erronka jakin bati erantzuteko.

Pertsona horiek bete beharreko baldintzak hauek dira:

  • Langabezian egotea eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren bulegoetan izena emanda egotea.
  • 18-25 urte bitartean, biak barne.
  • Unibertsitate titulu ofizial bat izatea, edo lanbide heziketako titulua izatea, erdi edo goi mailakoa.

Enpresak ere tartean

Proiektuan parte hartzen duten enpresek, berriz, honako baldintza hauek:

  • E3! Proiektuaren esparruan garatu daitezkeen proiektuak proposatzea.
  • Esperientzia duten langileak jartzea, proiektu jakin baten tutore moduan jarduteko.

E3! Ekimenean parte hartuz enpresek hartzen dituzten konpromisoak hauek dira:

  • E3! Ekimenaren barruan landu nahi den enpresa jarduera berriaren proiektua dokumentatzea eta aurkeztea.
  • Talde sustatzaileen jardueraren tutore lana egitea.

Eta hauen bitartez:

  • Telefono bidezko arretarako linea bat, noizbehinkako kontsultak egiteko.
  • 15 egunetik behin talde sustatzailearekin bilera presentzial batera joatea.
  • Proiektuaren aurrerapen partzialak aurkezteko saioetara eta proiektuaren amaierako aurkezpenera joatea.
  • Talde sustatzaileek egindako lanen bideragarritasun teknikoa eta merkatuarena ebaluatzeko konpromisoa hartzea eta horien etorkizunari buruzko erabakiak hartzea.  

Enpresa jarduera berrien bideragarritasun teknikoaren eta merkatukoaren azterketak egiteko, E3! Proiektuak, Negozio berrien abiarazlearen metodologia barneratu du garapenerako. Abiarazlearen xedearen oinarrian, oinarri teknologikoko enpresa proiektu berriak abiarazteko prozesua dinamizatzea dago. Beraz, abiarazlea izango da:

  • Ikasteko esperientzia praktiko bat, negozio ideia bat benetako enpresa bihurtzeko moduari buruz.
  • Helburua benetako esperientzia ekintzaile bat garatzea da, parte hartzaileak ekintzaileak jasaten dituen baldintzen berdin-berdinak jasan ditzan, enpresa jarduera berri bat abiarazteko hasierako faseei dagokienez.
  • Zeregina ez da Negozio Plan bat idaztea, enpresa bat sortzen aktiboki parte hartzea baizik.
  • Oinarrizko baldintza da parte hartzaileek saio batetik bestera igarotzen den denboraren zati handi bat benetako bezeroekin interakzioan jardutea.

Lanbidek egingo du hautaketa:

Pertsona ekintzaile gazteen kontratazioa Lanbideren Enpresetan lanekoak ez diren praktikak kudeatzeko, jarraipena egiteko, kontrolatzeko eta ebaluatzeko 2013ko ekainaren 5eko Instrukzioaren arabera arautuko da.

Lanbide arduratuko da, Enplegu bulegoen bitartez, hautagai gazteen aurre-hautaketaren prozesua egiteaz.

Modu osagarrian, ekintzaile izateko hautagai gazteen multzoa hainbat irizpideren arabera aztertuko da. Hala nola:

  • Hautagaiak ekintzailetzan jarduteko duen jarrera.
  • Enpresek proposatzen dituzten proiektuen izaerari ondoen egokitzen zaion profil teknikoa.

Baldintza horiek kontuan hartuta, E3! ekimenaren iraupena 6 hilabeterako ezarri da.

Horregatik guztiagatik, MUk uste du E3! Proiektuak onura hauek ekarriko dizkiela ekimenari atxikitzen zaizkion gazteei:

  • Esperientzia eta gaitasuna lortzea, ekintzailetzako benetako esperientziak protagonizatuz.
    Negozio berriei ekiteko konpromisoa duten enpresetan sartzea.
  • Negozio berriei ekiteko ardura eta grina berdina duten beste pertsona batzuk ezagutzea.
  • Eta, beharbada, beren ibilbide profesionala bideratzeko aukera, etorkizuneko ahalmena duten enpresa ekimenetan parte hartuz.

Osagarri moduan, E3! Proiektuan parte hartzen duten pertsonek Lanbidek homologatutako egiaztagiri bat jasoko dute, eta bertan aitortuko da praktika hori egin dela, prestakuntzan zein eduki jaso diren eta horren iraupena eta noiz egin den.

Une honetan E3! ekimenean parte hartzeko prest dauden pertsona gazteak erakartzeko prozesu bat ireki da.

E3! Proiektuari buruzko informazioa zabaldu nahi duten pertsonek mezu bat bidali dezakete posta elektronikoko helbide honetara: morobengoa@iseamcc.net.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak