Unai Iturriotz, 'Herriko Tabernen' auziko abokatua: "Baieztapen asko daude sententzian frogarik gabe"

Usoa Agirre 2014ko abu. 31a, 18:30

Uztailaren bukaeran etorri zen Herriko Tabernen auziko epaia: 103 herriko taberna konfiskatzeko agindu eta kartzela zigorra ezarri zien hogei laguni Auzitegi Nazionalak, fiskaltzaren tesiarekin bat eginez. ETAren finantza-sarea osatzea egozten diete. Bailarako elkarteen defentsan dihardu Unai Iturriotz abokatuak.

Zein da momentuko egoera? Errekurtsorik jartzeko asmorik badago?
Irailaren 4ra arteko epea dago  errekurtsoak egiteko. Zigortuak izan diren edo konfiskatuak dauden herrikoen egoera epaiaren aurreko egoera bera da, neurri kautelarrek indarren jarraitzen dute; kontuen bahikuntza mantentzen da. Errekurritu daitekeenez, sententzia ez da irmoa. Ikusi beharko da Auzitegi Gorenak zer dioen, horren arabera exekutatuko dira zigorrak.

Bailarakoen artean libre geratu da baten bat?
Aretxabaletako Urbaltzen kontrako akusaziorik ez zen formulatu epaiketan eta neurri kautelarrak altxatzekotan daude.

"Astakeria juridikotzat" hartu duzue epaia. Zein dira hori esateko dauden arrazoiak?
Baieztapen asko egiten dira sententzian inolako frogarik gabe. Gainera, arrazoibidea askotan zirkularra da. Ez da ez prozesu logiko baten arabera ez mahai gainean egon diren frogen arabera egiten arrazoiketa. Boto partikularra irakurtzea besterik ez dago; justu horixe kritikatzen die beste bi epaileei. Behin eta berriro esaten du beste bi epaileek kausa bat esateko, batetik, oinarritzat hartzen dituzten kausak eta, bestetik, arrazoitzeko duten modua ez dela ez zuzenbidearen araberakoa ezta logikaren araberakoa ere. Adibidez, bi epaileek esaten dute ondorio nagusi moduan elkarteak izan direla ETArentzat finantzabidea. Aldi berean aitortzen dute ez dagoela ez dokumenturik ez testigantzarik ez ezer frogatzen duenik iritsi denik elkarte batetik zentimorik ETAra. Aldiz, berresten dute hori izan dela oinarri ekonomikoa.

Boto partikularra zela baloratzen duzue?
Oso esanguratsua eta garrantzitsua da guretzat epaiketa batetik nola iritsi daitezkeen bi epaile akusazioarekin bat egitera eta beste bat justu kontrakoa esatera, ia defentsaren tesia bere egitera.

Horrek erakusten du epaiketa politikoa izan dela?
Oso adierazgarria da sententziako pasarte batean esatea "hau ez da epaiketa politiko bat", eta hori arrazoitzen saiatzea. Excusatio non petita, accusatio manifesta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak