Diputazioak dio jasotako txostenaren arabera, azpikontratatutako enpresak bai Aldundiari bai Lan Ikuskaritzari esan ziola ekainaren 23an garrantzirik gabeko gertakari bat izan zela (kamioi baten karga apur bat irauli eta trabeska geratu zela) eta ekainaren 24ko goizean istripu arin bat gertatu zela; alegia kamioi bat, gidaririk gabe, aldapa batean amildu zela eta gidariak kamioia gelditu nahian igotzeko saioa egin zuenean hankan min hartu zuela.
Gidariak kamioitik salto egin behar
Baina gertakari horren kontura abiarazitako ikerketaren arabera, Diputazioak ikusi du hori ez zela hala izan. "Enpresa Batasunaren txostenaren arabera, Deskargako lanetan istripu bakarra izan zen, ekainaren 23an, eta istripua larria izan zen, inplikatutako langilearen zauriak larriak izan ez ziren arren. Antza, kamioi bat aldapa batetik amildu zen eta gidariak kamioitik salto egin behar izan zuen, eta salto egiterakoan min hartu zuen bizkarrean. Beraz, txostenaren arabera, azpikontratatutako enpresak bertsio faltsua eman zuen", jakinarazi dute.
Irailean, sindikatuekin
Hori horrela, Deskargako obrak egiten diharduen Lapatza Aldi Baterako enpresaren kontra zein neurri hartu aztertzen dabil orain Diputazioa. Jakinarazi du irailean obren Jarraipen Batzordea zein sindikatuak ere deituko dituela erabakiak guztien artean hartzeko.
"Larria"
Gipuzkoako Foru Aldundiaren ustez "larria" da gertatutakoaren inguruan "bertsio faltsua" ematea, eta "lan segurtasuna bezalako gai garrantzitsu batean halako jarrera desegokia izatea. Onartezina da bai Aldundiari bai Lan Ikuskaritzari bertsio faltsua ematea eta datuak ezkutatzea, eta horren araberako neurriak hartuko ditu Aldundiak", azpimarratu dute.