Kalakan eta Easo, Arantzazun

Ubane Madera 2014ko abu. 7a, 15:12

Kalakan hirukotea.

Gaur (eguena) iluntzean musikari entzutetsuak izango dira Arantzazuko Santutegian: Madonnarekin biran ibilitako Kalakan taldea eta Donostiako Easo Abesbatza. Bi horiekin batera jardungo dute, baita ere, Andoni Egaña bertsolariak eta Ana Belen Gartzia organo-jolea. Donostiako Musika Hamabostaldiaren baitan antolatutako hitzordua da hauxe. 19:00etan hasiko da kontzertua. 

Aurkezpenik ez dute behar gaur Arantzazun jardungo duten musikariek. Merezi du, ordea, haien curriculum oparoa gogora ekartzea.

Kalakan

Talde bat: hiru abeslari/perkusionista: Thierry Biscary, Xan Errotabehere, Jamixel Bereau.
Hizkuntza bat: euskara, aukera naturala. Beren ama-hizkuntza da, harekin ikasi dute abesten. Eta euskara da, halaber, hautatutako errepertorioaren hizkuntza: euskal abesti tradizionalak.
Izpiritu bat: askatasuna, funtsezkoari eskainia. Kalakanek soiltasunaren, dotoretasunaren eta entzuleenganako komunikazioaren aldeko apustua egin du emozioak sorrarazteko.

Kalakan topaketa istorio baten protagonista da, Katia eta Marielle Labèque, Madonna eta Oreka TX-ekin. Katia eta Marielle Labèque pianistek M. Ravelen Boleroaren bi piano eta euskal perkusioetarako bertsio bat grabatzeko kontratatu zituzten bi txalapartari. Horri jarraitu zion bira abentura eder baten hasiera izan da, giza abentura eta abentura artistikoa. Haiei esker ezagutu zuen hirukoteak Madonna, euskal kostaldean. Haren urtebetetzean kantatu ondoren, Kalakan taldeak abeslariarekin jardun zuen lankidetzan eta MDNA Tour 2012 munduko biran parte hartu zuen. Oreka TX taldearekin bizitza, musika eta etenik gabe bilakaeran dagoen txalapartarenganako maitasuna partekatzen du, eta horrek bultzatuta ematen du txalaparta ezagutzera mundu osoan zehar (“Nömadak Tx” dokumentala). Kalakanek “Herritmo” ikuskizun berrian parte hartzen du.

Easo abesbatza

1940an sortua, nazioarteko lehiaketetan ekin zion bere ibilbideari, eta lehenengo sariak irabazi zituen Llangolem (Bretainia), Lille (Frantzia) eta Arezzoko (Italia) lehiaketetan, azken horretan bi alditan.

Munduko antzoki handietara deitu ohi dute: Madrilgo Errege Antzokia, Bartzelonako Palau, Munich Herkulessaal, Monakoko Errege Jauregia, Bruselako Errege Jauregia, Buenos Airesko Colón Antzokia, Mexikoko Arte Ederretako Jauregia, Berlingo Philharmonie, San Petersburgoko Alexandrinsky eta Hermitage, Parisko Salee Pleyel eta Châtelet, etab.

Maila handiko orkestrekin batera jardun du, hala nola Espainiako Nazionala, Frantziako Orkestra Nazionala, Londresko eta Buenos Airesko Filarmonikoak, Toulouseko Kapitolioko Orkestra Nazionala, New Yorkeko I Solisti, Orchestra of the Age of Enlightenment, Mariinsky Antzokiko Sinfonikoa, etab. Hainbat bakarlarirekin jardun du, besteak beste, C. Ludwig, R. Blake, E. Prokina, A. Machado, A. Agache, S. Alaimo, A. Dohmen, E. Johanson, G. Gorbachova, A. Schimdt, W. Schimdt eta D. Zajick. Zuzendari izan ditu I. Stravinsky, S. Baudo, S. Cambreling, M. Janowski, K. Wöss, L. Hager, J. L. Cobos, J. Pons, J. Mena, V. P. Pérez, T. Sokhiev, V. Jurowski eta V. Gergiev, beste hainbaten artean. 30 grabaziotik gora egin ditu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak