"LOMCEren kontra lan komuna" egingo du Debagoieneko eskola publikoak

Ubane Madera 2014ko abu. 4a, 09:16

Berrikuntzekin estreinatu behar du 2014-2015 ikasturtea Debagoieneko eskola publikoaren sareak, Goieskolak. Berrikuntzekin, bi arlotan: batetik, sei udalerritako eskoletako zuzendaritza taldeak berritu egin dituzte. Eta bestetik, datozen urteotarako hezkuntza proiektu berria landu dute.

Zuzendaritza talde berriei dagokienez, Goieskolaren Debagoieneko honako herri hauetako zentroetan izendatu dituzte zuzendari berriak: Arrasate Herri Eskolan, Beñardo Balerdi; Aretxabaletako Kurtzebarri Eskolan, Dorleta Gaztañaga; Eskoriatzako Luis Ezeiza Eskolan, Jaione Garai Ibabe; Antzuola Eskolan, Izaskun Azpiazu Elkoroberezibar; Elgetako eskolan Nora Olabide eta Aramaioko San Martin eskolan Elisabet Izagirre.

Horrez gainera, joan den uztailaren 1a ezkero, Beñardo Balerdi arrasatearra da Goieskolako presidente; eta Emmanuel Igartua elgetarra, berriz, izendatu dute Goieskolako koordinatzaile.

Hizkuntza eskola

Zuzendaritza berriak, era berean, erronka-proiektu berriak landu ditu ikasturtea abiarazteko eta hurrengo urteotarako, bi lerro nagusirekin: hizkuntza eskola proiektua eta haur-eskolaren esparruan talde-lana sortzea, hain zuzen ere.

Hizkuntza eskola proiektuari dagokionez, helburu argi bat dute buruan Goieskolako arduradunek. "Hizkuntza eskola talde-lana sortu, eskualdean hizkuntza eskola egon dadin Eibarko hizkuntza eskolaren adar bat Debagoienean izateko", adierazi du Beñardo Balerdik, Goieskolako presidente berriak.

LOMCEren kontra, batera

Haur eskolari dagokionez, berriz, lau helburu lortu gura dituzte eskualdeko eskola publikoko arduradunek: "Partzuergoaren eta eskola publikoaren arteko lotura lortzea; Haur Eskolak eta Haur Hezkuntza uztartzea eskola publikoan; tasak, ordutegiak eta egutegiak bateratzea eta LOMCEren kontra lan komuna egitea, indarra lortzeko", esplikatu du Balerdik.

4.800 ikasle

Hori guztia abian jarriko dute ikasturte berriarekin batera, irailaren 9tik aurrera. Goieskolan diharduten 4.800 ikasle orduantxe hasiko dira 2014-2015 ikasturteko egutegiarekin. 450 irakasle arduratuko dira haien hezkuntzaz eta horiez gainera, kanpoko beste 70 langilek osatuko dute lantaldea. Debagoienean bederatzi herrietan (Aramaio barne) hamalau ikastetxe ditu Goieskolak. Herri txikietan (Leintz Gatzagan, Eskoriatzan, Aramaion, Antzuolan eta Elgetan) Haur eta Lehen Hezkuntza eskaintza du euskal eskola publikoak. Herri handiagoetan, berriz (Aretxabaletan, Arrasaten eta Bergaran), Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ere lantzen dute eta Arrasaten eta Bergaran nagusiendako eskaintza ere badu, Nagusien Eskolen bitartez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak