Euskal erakundeen batasuna, hizkuntza eskubideen eta autonomiaren defentsan

Ubane Madera 2014ko uzt. 30a, 15:16

Carlos Urkijok, Espainiako Gobernuaren ordezkariak Gipuzkoako 59 udalen eta hiru erakunderen aurka egin du azken hiru urteetan, hizkuntza irizpideak direla eta. Bestela esanda, Gipuzkoako udalen % 67ren kontra. Guztira, 80tik gora informazio eskaera edo errekerimendu egin eta 25 salaketa jarri ditu epaitegietan.

Bada egoera hori dela-eta, batzarra egin du Eusko Jaurlaritzaren Herri Erakundeak Koordinatzeko Batzordeak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta UEMAK, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak eskatuta. Eta horren emaitza izan da Eusko Jaurlaritzak auziari irtenbidea bilatzeko eta laguntza bideak aztertzeko konpromisoa hartu duela: elkarrekin jardungo du Espainiako Gobernuaren errekerimendua edo errekurtsoa jaso duten udalerrietako abokatuekin batera, ziurtasun juridikoa duen erantzun bat emateko.

Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi du hori, ezen batzarra deitzeko Diputazioak zituen "helburuak lortu" direla uste du erakunde horrek.

Hizkuntza eskubideen defentsa

Gaineratu du Jaurlaritzak bi txosten ere egingo dituela: "Bata, dokumentuak elebitan eginarazteko Urkijoren asmoari buruzkoa, irailerako, eta bestea, Eusko Legebiltzarrak eskatutakoa, kontratazio administratiboei buruzkoa, urrirako".

Gipuzkoako Foru Aldundiaren ustez, beraz, positiboa izan da gaurko bilera: "Lankidetza honek geure herritarren hizkuntza eskubideak eta udal autonomia defendatzeko tresnak ematea espero dugu", adierazi du Zigor Etxeburua Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendariak.

"Espainiako estatuak betikoa du espainiera inposatzeko eta euskara debekatzeko politika. Hizkuntza politika asimilatzailea ezartzen digu eta espainieraz bizitzera behartzen gaitu euskaldunok. Euskara galtzea du azken helburua. Testuinguru horretan ulertu behar dugu Urquijok Gipuzkoako udalen aurka daraman politika", adierazi du Etxeburuak. Eta horregatik, Euskal Herriko erakundeek elkarri lagundu behar diotela eta erantzun bateratua eman behar dutela dio Euskara zuzendariak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak