Ontzia birziklatu ahal izatea ez da hain garrantzitsua udako erosketetan, ikerketa baten arabera

Leire Kortabarria 2014ko uzt. 25a, 12:46

Botilak, birziklatzeko pilatuta. Argazkia: "Recyclables". Egilea: Streetwise Cycle. (Wikimedia Commons-en bidez erabilia).

Udako oporretan, iraunkortasun irizpideak ez dira hain kontuan hartzen erosketak egiteko unean; oro har, ohiturak erlaxatu egiten dira eta %12 jende gutxiagok birziklatzen du. Hori da Eroski Fundazioak, Envase y Sociedad plataformarekin eta Hispacoop-ekin (Espainiako Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Kooperatiben Konfederazioa) egin duen ikerketa baten ondorio nagusia.

Ikerketa hori inkesta bidez egin da; hain zuzen, www.consumer.es webgunearen bitartez egin da eta 18 eta 74 urte artekoen erantzunak hartu dira kontuan, denetara 800 inguru. Galdetutakoen erdiek esan dutenez, erosketa egiten dutenean, ontzia nolakoa den kontuan hartzen dute produktu bat erosi edo ez erabaki aurretik: tamaina, formatua, hauskortasuna, birzikla daitekeen edo ez… Urtean zehar, ontzia erraz birziklatu ahal izatea da bigarren faktore garrantzitsuena erabakia hartzeko orduan, eta garrantzitsua da inkestatuen %65endako; ezaugarri hori bereziki baloratzen dute emakumeek eta 50 urtetik gorako gizon-emakumeek.

Baina, udan, ezaugarri horren garrantzia %7 txikiagoa da eta bosgarren faktore garrantzitsuena izatera pasatzen da. Garrantzia galtzen du, bereziki, alokatutako apartamentuetara joaten direnen artean (23 puntu gutxiago), hoteletara joaten direnen artean (10 puntu gutxiago) eta landetxeetara joaten direnen artean (12 puntu gutxiago).

Urte osoan, gehien baloratzen den ezaugarria produktuaren kontserbazioa da. Alde batetik bestera eroateko erraztasuna, erosotasuna, tamaina, arintasuna eta hauskortasuna bereziki ondo balorazen dira udako oporretan.

Horrekin lotuta ere, udan jende gutxiagok birziklatzen du: biztanleen %95ek, urtean zehar, eta %83k, udan.

Gertuan edukiontzirik ez

Inkestatutakoek esan dutenez, gutxiago birziklatzeko arrazoi hauek dituzte: oporrak pasatzen dituzten lekuan birziklatzeko edukiontzirik ez izatea (birziklatzen ez dutenen %41ek esan dute hori) edo edukiontzietara ailegatzeko zailtasun handiagoak (%30ek). Ohitura falta edo nagikeria aipatu dute %24k.

Ikerketaren arabera, 49 urtetik beherakoak dira ohiturak gehien erlaxatzen dituztenak: adin-tarte horretako %17k esan dute ez dutela banantzen ez birziklatzen. 18 eta 39 urte artekoen artean, laurdenek esan dute gauza bera.

Dena dela, erantzun duten hamar lagunetik zazpik esan dute "erraza" dela udan birziklatzea, eta %82k esan dute oporretan ere birziklatzea garrantzitsua dela badakitela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak