Udan, nik lan eta hik jai

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2014ko abu. 4a, 08:00

Abuztua, opor hilabetea askorendako, baina urteko beste sasoietako lanbidea edo lan egiteko modua aldatzeko hilabetea beste batzuendako. Tapia eta Leturia musikarien kantu ezaguna gogoan hartuta, izenburuari buelta eman  diogu datozen asteetan agenda beteta duten hainbat debagoiendarren esanak jasotzeko. Zinemagile eta aktore batekin izan gara, eta baita bi musikarirekin ere.

Manu Gomez (Zinema zuzendaria): "Mexikoko jaialdia Oscar sarietarako puntuagarria da"

To kill time (Antonio Hernandez) filma errodatzen amaitu berri, Almeriako Mojacarko hondartzan atsedena hartu du Arrasateko zinemagileak, abuztuan ez du-eta aspertzeko aukerarik izango. Das Kind film laburrarekin zine jaialdiz-jaialdi saltoka ibiliko da. "Dagoeneko 52 jaialditarako aukeratua izan da eta 12 dira eskuratutako sariak. Astean, Italiatik bi proposamen jaso ditugu eta, besteak beste, Bartzelonako eta Ciudad de Juarezko  (Mexiko) jaialdietan ere izango gara. Mexikokoa, nazioarteko 25 jaialdi garrantzitsuenen artean dago eta Oscar sarietarako puntuagarria da" dio Gomezek.

Labean sartzeko duen hurrengo proiektua ere abuztuko lan-zerrendan du arrasatearrak: "Errepresio frankistari buruzko zine-ikerketa lan bat da, Si me quieres escribir du izenburua, eta fikzioa eta egiazko gertakariak nahastuta salaketa-dokumentala egiteko asmoa dut" aurreratu du zinemagileak.

Mikel Laskurain (Aktorea): "Kalekoak sekulako eskolak dira areto barruko lanetarako"

Uztailean moduan, abuztuan ere herriz-herri ibiliko da Bergarako aktorea Konga kale-antzerkia egiten. Gustuko ditu udako emanaldiak, udako lana gogorragoa dela aitortzen badu ere: "Alde onak dituzte: bakarrik asteburuetan beharrean, astean zehar ere izaten dira; ordutegiari dagokionez, negukoak baino goizago dira normalean; behin lana eginda garagardo bat edo beste hartzen dugu terrazaren batetan... Lanerako beste izpiritu bat izaten da. Baina txanponaren beste aldea ere badauka, ikuslea bertan-bertan baduzu ere, ez dago horren adi egoten, aldamenekoarekin berriketan dago, edo bizkarra ematen dizu... Udako emanaldiak sekulako eskolak dira areto barruko denboraldirako" azaldu du Bergarako aktoreak.

Udako lanak familiaren oporrekin partekatzen dituela dio: "Euren oporrak errespetatzen saiatzen naiz. Orain, adibidez, kanpin batetan daude eta ni handik joaten naiz lanera; eta bukatutakoan, kanpinera berriro".

Kale-antzerkia egiteaz gainera, Emaztegaiaren semea lanaren gaztelerazko bertsioa prestatzea ere lan-zerrendan du Laskurainek: "Madrilera noa laster, Irailean estreinatuko dugun El hijo de la novia lana entseatzera".

Haritz Zubiate (Gose musika taldea): "Lan asko eginda, Europara irteteta lortu dugu aurten"

Abuztua ez da Gose musika taldearentzako hilabeterik lanpetuena izaten. Lau kontzertu egingo dituzte oraingoan: Lemoan, Berastegin, Gabirian eta Bilboko Aste Nagusian. "Ekaina eta uztailean gehiago izan ditugu: besteak beste, Madril inguruan, Katalunian eta Holandan izan gara; eta egia esan, oso gustura. Europara irteteko apustua egin genuen eta hainbat bidaia eta lan asko egin ondoren, lortu dugu" azaldu du Haritz Zubiate taldekideak.

Taularen gaineko hirukoteaz gainera, beste hiru kidek osatzen dute Gose taldea: "Bulegoko eta management lanak Amaiak egiten ditu eta normalean ez da kontzertuetan izaten; Josema, soinu teknikaria eta materialaren arduraduna da, eta berak muntatzen du, led-pantaila. Nire lana, berriz, furgoneta gidatzeaz gainera, kontzertuetan askotarikoak: manager lanak, muntatze eta batze lanak, musika tresnen ardura izatea..." dio Zubiatek.

Amaia Txintxurreta (Abeslaria eta DJ-a): "Orain hamar urte hasi nintzen erromeria taldeetan abesten"

Amaia Txintxurretak, Goienako kazetariak, mikrofonoa eskuetan izaten du urte guztian, eta horrela izango du abuztuan ere, berriak kontatzeko beharrean, kantatzeko bada ere. Orain dela hamar urte hasi zen erromeria taldeetan abesten. Ermuko, Tolosako, Iruñeko eta Altsasuko taldeetan ibili izan da; azken hiru urteetan Ermuko Gauargi taldearekin dabil. DJ moduan ere jarduten du baina abuztuan erromeriatan ibiliko da gehienetan. "Gauargi erromeria taldean gaur egun, bi lagun joaten gara: Ermuko Asier Castro eta biok. Hark teklatua eta gitarra elektrikoa jotzen du eta nik, berriz, abestu eta dantzatu egiten dut. Aurrekontuak jaitsi egin direnez, guk ere taldea moldatu dugu" dio abeslariak.

Bizkaia, Nafarroa eta Burgosen ditu aurten, emanaldi gehienak. Askotariko saioak egiten dituzte: "Kantu-zerrenda izugarri zabala daukagu, askotariko hizkuntza, estilo eta erritmotakoak askotariko saioak egiten ditugulako: haurrendako, jaietan, zaharren egoitzetan, ezkontza eta bestelako ospakizunetan ..." dio kazetari-abeslariak.

Xabi Igoa (Bertsolaria): "Abuztua lasai hartuko dut, iraila gogorra dator-eta"

Ekaina eta uztaila bitartean izan ditu Igoa Aramaioko bertsolariak saio gehien, eta iraileko agenda ere betea duela kontatu du. Horregatik, bada, abuztuan saio batzuk dituen arren (Arrasateko Erguin auzoan eta Gasteizko jaietan, horien artean), abuztuan, lasaitu eta pilak kargatuko dituela dio, irailean Arabako Bertsolari Txapelketako lehenengo saioak jokatuko direla aintzat hartuta.

Jaietako egitarauetako saioak izaten dira, gehienetan, eta formatua, herriaren araberakoa: ordubeteko saioa eguerdian taularen gainean, bertso bazkari edo afariak eta baita bertso-poteoak ere. Igoaren esanetan, krisiak saioen kopuruan eragina izan badu ere, garai berrietara moldatu beharra dagoela dio, eta horren erakusle dela Arabako Bertsozale Elkarteak udarako bi bertsolari formatuko saioak sustatu dituela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak