Hego Euskal Herriak %16ko langabezia tasarekin bukatu du urte erdia, EPAren arabera

Leire Kortabarria 2014ko uzt. 24a, 10:33

Ekain bukaeran, aurreko hiruhilekoan baino 9.400 enplegatu gehiago zegoen Euskadin (+%2,25). Nafarroan are gutxiago handitu zen enplegua: bakarrik %0,65. Nafarroak %15,88ko langabezia tasa dauka, eta Euskadik %16,13koa. Gaur Espainiako Estatistika Erakundeak (INE) emandako datuak dira, EPA inkestan. Horren arabera, Espainian (Hego Euskal Herriko datuak barne) 402.400 enplegatu gehiago zeuden urteko bigarren hiruhilekoan.

Denetara 17.353.000 lagun zeuden lanean, 2005eko bigarren hiruhilekoa ezkeroko gorakada handiena. Eta azken 12 hilabeteetan, 192.400 enplegatu gehiago daude, %1,12ko bariazioa, sei urtean izan den lehenengo bariazio positiboa.

INEk azpimarratzen duenez, "Espainiako langabezia tasa txikienak dituzte Nafarroako Foru Erkidegoak, Euskadik eta Errioxak", azken horrek %17,66ko tasarekin. Beste muturrean, Andaluziak %34,74ko langabezia tasa du ekain bukaeran.

Eraikuntza ere, gora

Datu orokorretara bueltatuta, bederatzi urtean Hego Euskal Herrian eta Espainian izan den enplegu igoera handiena dela azpimarratzen du INEk, eta krisia hasi zenetik lehenengo aldiz igo dela enplegua 12 hilabetean jarraian. Langabeziaren murrizketa ere hiruhilabete batetik bestera arteko handiena da datua erregistratzen hasi zenetik: 310.400 langabe gutxiago (-%5,2).

Batez ere Zerbitzuetan handitu da okupazioa (378.700 enplegatu gehiago); gero, Industrian (56.700) eta Eraikuntzan (36.900). Nekazaritzak 69.800 langile galdu ditu.

Azken urtean, Zerbitzuetan 263.800 enplegatutan handitu da okupazioa, baina Eraikuntzan jaitsi egin da (55.200 gutxiago).

Jardun osoko enplegua lortu dute 304.400 lagunek azken hiruhilekoan, eta jardun erdikoa, 98.100ek. Autonomo kopurua 12.400 lagunetan handitu da, eta soldatapekoena, 388.000tan.  Kontratu indefinitua lortu dute 180.200 lagunek, eta aldi batekoa, 207.800 lagunek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak