Fagor Etxetresnak CNAri ematea gomendatzen du administratzaile konkurtsalak

Leire Kortabarria 2014ko uzt. 24a, 09:42

Gaur zenbait komunikabidek argitaratzen dutenez, Fagor Etxetresnen konkurtsoa CNA talde katalanaren alde erresolbitzea gomendatzen du administratzaile konkurtsalak eta horixe proposatu diote Pedro Malagon epaileari.

Komunikabideek diotenez, administratzaile konkurtsalak CNAren eskaintza gomendatzen du: eskaintza ekonomiko onena egin duelako, lanpostu gehien eskaintzen dituelako eta perimetro osoa hartzeko gertu dagoelako, hau da, unitate produktibo eta negozio-lerro guztiak. CNAk 42,5 milioi euro ordainduko lituzke, eta lehenengo urtean 705 enplegu zuzen sortuko lituzke.

Administratzaileak atzo, eguaztena, idatzi bat egin zuen epaileari bidaltzeko. CNA eta Cevitalen eskaintzen balorazioa egin zuen han.

CNAk Fagor Etxetresnen perimetro osoa hartu nahi du, eta Cevitalek, berriz, bakarrik Garagartza, Eskoriatza eta Bergarako lantegiak, eta Aljeriara eraman nahi ditu garbigailu, ontzi-garbigailu eta hozkailuen ekoizpen-negozioak.

Zentzuzkoena da epailearen erabakia administratzaile konkurtsalaren gomendioen bidetik joatea. Erabakia hartzeko epea uztailaren 29an bukatzen da. Fagor Taldeak uztailaren 29rako espero du erabakia.

Autoa egindakoan, aldeei jakinarazi behar die epaileak erabakia, eta aldeek bost egun dituzte errekurtsoa ipintzeko.

Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun sailburuak, Arantza Tapiak, Fagor Etxetresnak enpresa "berriaren" jarduera irailean berriz hastea espero duela esan du.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak