Sekulako ustekabea, hortaz, Fagor Etxetresnak lortzeko eskaintzak aurkezteko azken egunean. Cevitalek aurretik iragarri zuen atzo azken eskaintza. Sergio Treviño Fagor Etxetresnetako zuzendari ohi eta gaur egun Cevitaleko ordezkaria denak hedabideen aurrean agerraldia egin zuen Cevitalen eskaintzaren berri emateko. Eta iluntze aldera jakin zen Cataren eskaintza, aurrekoa baino askoz hobea, milioi kopurua eta lanpostuak kontuan hartuta.
Sergio Treviño atzo hedabideen aurrean, Cevitalen eskaintzaren berri emateko gertu.
Bata edo bestea aukeratu, konkurtso administratzaileen eta Malagon epailearen erabakia izango da, orain. Treviñok adierazi zuen atzoko agerraldian Fagor, Aspes era Splendid ustiatzeko akordioa zuela Cevitalek, baina ez dute ezer sinatuta oraindik.
Eta Edesa?
Edesaren etorkizuna airean geratzen da, baina. Catak Edesa marka eskuratzea proposatzen du, baina ez du eskaintzarik egin Basauriko plantagatik. Ez dago haien aurreikuspenetan Basauriko plantaren produkzioarekin jarraitzea eta ezta han termo elektrikoak fabrikatzea ere. Cevitalen eskaintzak Edesaren etorkizuna ahalbidetzen du, Ecomac txiletarrekin akordioa egina baitu, Edesa marka erabili ahal izateko eta Basauriko plantaren jarduerarekin jarraitzeko.
Hortaz, Cataren eskaintza hobea izan arren, Edesaren etorkizunarendako Cevitalena ei da hobea. Hortxe koska: batzuendako hobea dena, besteendako okerragoa izan daiteke.