CNAren eskaintzak Fagor Taldeak eskatzen zuena gainditzen du

Leire Kortabarria 2014ko uzt. 23a, 12:30

Fagor Taldeko iturriak pozik azaldu dira Fagor Etxetresnengatik CNAk egindako azken eskaintzarekin, bereziki lanpostu kopuruari dagokionez: "Fagor Taldeak eskatutako minimoak baino gehiago dabiltza eskaintzen". Jabe berria CNA baldin bada, Fagor Taldearekin aurre-akordioa eginda dauka eta gauzak "lotuta" dituela esan du Fagor Taldeak. Cevitalek, ordea, ez dauka aurre-akordiorik.

Fagor Taldeak argi utzi zuen Fagor Etxetresnengatik lehian zeuden enpresei lanpostu aldetik baldintza batzuk eskatuko zizkiela; marken jabe izateak negoziatzeko indarra ematen dio Fagor Taldeari. Bada, CNAk egindako behin betiko eskaintza ontzat ematen du Fagor Taldeak alde horretatik: "Guk eskatutako gutxienekoa baino gehiago dabiltza eskaintzen".

Fagor Taldeko iturriek gogorarazi dute adjudikazioa uztailaren 29an izango dela, epeak betetzen badira. "Eta jabe berria CNA baldin bada, aurre-akordio bidez dena nahiko lotuta dauka", esan dute Taldeko iturriek. Gero, hilabete izango dute aurre-akordio hori behin betiko bihurtzeko eta sinatzeko.

Oraindik ez da jakinekoa lanpostu horietatik zenbat izango diren bazkide kooperatibistendako eta zenbat soldatapeko langileendako, baina Fagor Taldeak argi utzi du "prozesua bideratuko" duela eta lanpostuen definizio prozesuaren "gainean" egongo dela. "Ikusi egin beharko da enpresak ze langile profil behar duen, bazkideek ze profil duten…", gaineratu dute Fagor Taldeko iturriek.

"Cevital ez da guregana etorri"

Cevitalen eskaintzari dagokionez, Fagor Taldeak esan du Aljeriako taldea ez dela eurengana hurbildu aurre-akordiorik egiteko, nahiz eta epaileak interesatu guztiei aurre-akordio hori sinatuta izateko eskatu zien. Honakoa esan dute Fagor Taldeko iturriek: "Dena dela, gure baldintzak berberak dira interesatu guztiendako eta epailearen bidez jakinarazi zitzaien denei".

Euskal Herriko aktiboen jabe berria zein izango den erabakitzen den bitartean, beste kontu bat ere badago: Frantziako Fagor-Brandt filiala zenak baduela jabea, eta Cevital dela hori. Beraz, Euskal Herriko aktiboen jabe berria CNA baldin bada azkenean, hor sortzen den egoera argitu egin beharko da behin adjudikazioa egin eta gero. Izan ere, Fagorreko iturriek gogorarazten duten moduan, "marka batzuk Cevitalenak dira dagoeneko, eta produktuen arteko antzekotasun handia dago kasu batzuetan". Hori izango da etorkizunean konpondu beharreko beste kontu bat.

Foru Aldundia: "Zuhurtziaz ari gara lanean"

Bestalde, bi enpresek egindako eskaintzen harira, Gipuzkoako Foru Aldundiak adierazpen batzuk egin ditu eta hiru lehentasun dituela berretsi du: "ahalik eta lanpostu gehien mantentzea, lanpostu horiek iraunkorrak eta kalitatezkoak izatea eta enpresaren erabakiguneak, ahal den neurrian, Euskal Herrian geratzea. Hiru baldintza horiek ondoen betetzen dituen eskaintza izango da Fagorrentzat, Debagoienarentzat eta Gipuzkoarentzat onena".

Foru Aldundiak gaineratu du "zuhurtziaz lanean" ari dela Fagorri "ahalik eta irtenbiderik onena emateko". Eta honakoa azpimarratu du: "Foru Aldundi honek ez du itxaropen faltsurik sortu nahi, ez dabil titular bila komunikabideetan; seriotasunez eta arduraz lanean ari da, Fagorreko kooperatibista eta langile guztien eta Debagoiena osoko ehun industrialaren alde, eta berdin jarraituko du aurrerantzean ere".

Epaileak behin betiko erabakia hartutakoan, Fagorren aktiboen eroslearekin elkartuko da Foru Aldundia, egitasmoari jarraipena egiten hasteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak