Hori da behin betiko eskaintza. Astelehenean bukatzen zen azken eskaintzak egiteko epea. Momentu honetan ez da publiko egin CNA taldeak bere eskaintza hobetu duen; bertako komunikazio iturriek esan dute "oraingoz ez" dagoela enpresaren aldetik oharrik.
Cevitalek lehen momentuan ordaintzeko asmoari eusten dio; are gehiago, hasieran 18 milioi lehen momentuan ordaintzeko gertu bazegoen, orain 28 milioiak ordainduko lituzke erosketa formalizatu eta berehala, Treviñok esan duenez. Ez hori bakarrik: hiru urtean, 520 langile izango lituzke, Edesa, Fagor, Aspes eta Splendid markei eustea proposatzen duen plan industrial bati esker. Garagartza, Eskoriatza eta Bergarako lantegiak erosiko lituzke Cevitalek.
Cevitaleko ordezkariak esan duenez, Ecomac-ekin negoziatzen dabiltza. Ecomac-ek Edesa erosi nahi du eta lantegi horretan jarduerari eusteko negoziaziotan dabiltza.
Treviñok esan duenez, Cevitalen eskaintza "zuzena" da, izan ere, Fagor Etxetresnak berriz martxan jartzeko, 30 milioi baino gehiago inbertitu beharko dituzte.