San Juan de Dioseko ospitaleratzeen %40 abusu-substantziengatik izan dira

Irati Goitia 2014ko uzt. 23a, 09:57

Arrasaten dagoen San Juan de Dios ospitale psikiatrikoan, azken urtean ingresatu dituzten pertsonen %40 abusu-substantzia kontsumoagatik izan da eta ingresatuen adinak nabarmen egin du behera. Azkenak 19 eta 24 urte artekoak izan ziren.

Bada, horrelako substantzien kontsumoak pertsonengan izan  dezakeen eragina nolakoa den erakusteko asmoz, Ezagutu ospitalea izeneko programa jarri zuen martxan ospitaleak berak duela urte batzuk. "Uste dugu ospitaleak funtzio soziala edo gizartearekin konpromiso bat duela, eta horren harira sortu zen programa", adierazi du Emilio Martin psikologo klinikoak eta ospitaleko errehabilitazio zerbitzuko buruak. Hala, DBHko 4. mailako eta batxilergoko lehen mailako 455 ikasle pasa dira ospitaletik azken urtean.  Hasiera batean, helburua ikasleei osasun mentalaren gaineko informazioa eskaintzea zen, baina programa martxan jarri zuten lehen urtean ikasleen galdera gehienak abusu-substantzien kontsumoak eragiten dituen desoreken gainekoak ziren. Ondorioz, gai horretan zentratzea erabaki zuten, eta kontsumo horrek garunean nola eragiten duen erakustea erabaki.

Bestalde, ospitalean drogen kontsumoari lotuta ingresatu diren azken pertsonen adina "modu esponentzialean" jaitsi dela nabarmendu du Martinek eta kezka adierazi. Hain zuzen, hori da  programa martxan jartzearen beste arrazoi bat. "Gazteak ingresatzeari uztea lortzen badugu honen bitartez.... Uste dut guztiona dela erantzukizuna". Gaineratzen du gizartea erralitate bat albo batera uzten dabilela. "Uste dut ez garela ohartzen 22 urteko gazte bat egonaldi luzeko ospitale psikiatriko baten sartzeak inplikatzen duenaz. Izan ere, 16 urterekin hasi bada kontsumitzen, bost urteko ibilbidea darama eta horrek esan nahi du bizi izan duen kaltea oso handia izan dela denbora motzean. Hau da, gorputzean sartu duena ikaragarria izen dela kantitateari dagokionez edo sartu duenaren afekzioa oso handia dela". Datu bat ere ematen du Martinek gizartearen jabetzarik eza azaltzeko: "Hemendik pasa diren 455 ikasletatik, %60k onartu dute drogekin harremana izatea".

Ondorioak garunean

Abusu-substantzien kontsumoak eragin ditzakeen ondorioak hainbat izan daitezkeela dio Martinek, eta, beraz, askotariko egoerei aurre egin behar izaten dietela. "Kognitiboki oso ukituta egon daitezke, eta, ondorioz, sistema operatiboak ez du behar bezala funtzionatzen. Horretaz gain, arazo psiko-patologikoak ere izaten dituzte. Esaterako, patologia duala". Zehaztu du pertsonalitatearekin lotutako desoreka, desoreka psikotikoak eta jarrera desoreka larriak izan ohi direla ohikoenak, betiere, alterazio edo kalte kognitiboei lotuak. Egoera horietan bizitza normala izatera itzultzeko aukerak murriztu egiten direla ere badio: "Aktibitate okupazionalak egin ahal izango dituzte, baina ikuskatutako estruktura baten bizi beharko dute. Ezingo dira euren etxean bizi". Argitu du, bestalde, drogek garunean izaten duten eragina ez dela desagertzen, kontsumitzeari utzita ere. Are gehiago, ospitalera eginiko bisitaren amaieran, kontsumitzaile ohi baten bizipenak entzuten dituzte ikasleek eta honek azaltzen die kontsumoak eragindako eskizofreniarentzako medikamenduak hartu behar dituela orain bizi guztiak zehar.

Eskanerrez, begi bistako egin

Droga kontsumoaren aurrean zer egin daitekeen galdetuta modu sinplean azaltzen du: "Imajinatu pipak saltzen dituzula. Inor ez bada pipak erostera etortzen, zer egingo zenuke? Negozioz aldatu, ezta? Azken batean, negozio batek porrot egiten du, inork ez duenean produktua erosten. Orduan, zuk 27.000 polizia jar ditzakezu, baina erosteko borondatea badago, erosteko modua bilatu bilatuko da. Baina lortzen badugu modu boluntarioan ez daitezela erostera joan, negozioa aldatu egingo da". Horretan hezkuntzak eta gizarteak duten garrantzia nabarmendu du.

"Nik uste dut zigorraren bidea esplotatzen dela soilik, eta hezkuntzaren bidea ez". Bigarren aukera horren garrantzia azpimarratzen du psikologo klinikoak, baina dio orain arteko formulak ez duela funtzionatu, gazteak ospitaleratzen direlako, besteak beste. Ondorioz, beste metodo bat bilatu behar dela dio: "Nik ez dut uste edukiak huts egiten duenik, formak baizik". Hori azaltzeko adibide bat jartzen du: "Ikasleei apurtutako hezur baten erradiografia erakusten diezunean, oso erraz ikusten dute kalte bat dagoela. Hein batean, kalte fisikoak ikusi egiten dira; psikikoak, ordea, ez. Nola egin dezakegu 12, 13 edo 14 urteko gazte batek kalte zerebral bat sortzen dela ulertzea? Izan ere, ezagutuko du kontsumitzen duen lagun bat eta egunerokotasunean normal ikusiko du. Bada, ni eskaner zerebralak erakusten hasi nintzen. Adin eta kontsumo maila askotariko pertsonen eskanerrak. Hasi ziren ikusten garuneko eremuak ez direla modu berean estimulatzen. Kalte hori identifikatzen lagundu behar diegu, ikusgarri egiten. Gainontzean, ez dira jabetuko". Medikuak gaineratzen du tomografiek edo eskaner zerebralek oinarri zientifikoa dutela. "Ez da nik uste dudan zerbait edo nire iritzia, argi ikusten da obulu okzipitalean eragiten duela". [Behean Martinek ikasleei erakusten dien eskanerretako batzuk ikus daitezke. Zonalde urdinak abusu-substantziak eragina duten guneak dira, ez dira era berean estimulatzen. Lehen argazkian ezkerraldean alkoholiko baten garuna azaltzen da eta eskuinean pertsona normal batena. Bigarren argazkian, goian pertsona normal batena, erdian marihuana kontsumitzen duenarena eta behean marihuana eta neopren kontsumitzen duenarena].

Bestalde, Martinek dio informazioa eman behar dela gazteengan interes bat sortzeko nahiarekin. "Nik uste dut 9 edo 10 urteko gaztetxo bat informazio hau maneiatzen hasi behar dela. Drogen gaineko zalantza bat sortu behar diegu hasieratik; bestela, izango duen jakin-minak hil egingo du".

Berdinen Taldeak duen eragina ere aipatu du: "Bere lagun edo ingurukoek uneoro hornituko dute informazioz subjektua. Berak izango duen informazio oker bera izango dute haiek ere, baina izugarrizko eragina dute. Ezin dugu pentsa guk berdina dugunik, baina gure betebeharra izango litzateke informazio hori kontrajartzea eta datuak eskaintzea subjektuarengan zalantza bat sortzeko".

Beraz, informazioa eskaintzen den formatua eta zein adinetan ematen den aztertu behar da, Martinen iritziz. "Gure programatik pasatzen diren ikasleei ospitaleko telenofo zenbakia ematen diet edozer nahi badute deitzeko. Aurten hamabost ikaslek deitu didate, kontsumoarekin arazoak dituztela esaten. Deitu didan azkenak kontatu dit bi urte daramatzala kontsumitzen. Zenbaitzuen arreta gureganatzea lortzen badugu eskaintzen dugun informazioarekin, zer izango litzateke gizarte gisa, modu sistematikoan egingo bagenu... Lortuko genuke inor ez joatea pipak erostera, eta banatzaileak pipa-postua itxi beharko luke".

Gizartearen "definizio eza"

Hain zuzen, Martin oso kritikoa da gizarteak drogen gaian daukan jarrerarekin; haren esanetan, oso anbiguoa da: "Beste gai batzuetan urtetako lanketa egin da eta gizartea konturatu da oso garrantzitsuak direla. Esaterako, gazteek hezkuntza maila minimo bat izan behar dutela. Edo bortxatzaileen aurrean gizarte bezala jarrera bat izan behar dugula. Hala al da drogen kasuan, ordea? Uste dut bortxatzaileen kasuan askoz garbiagoa dela. Izan ere, bortxatzailearekiko zero tolerantzia izateak politikoki ez gaitu alde baten edo bestean kokatzen; bai, ordea, drogen aurkako posizioak. Beste adibide bat tratu txarrena da. Oso gai larria da hori, baina drogen auziak zenbaki handiagoak uzten dizkigu eta telefonorik ere ez dago. Astero esaten digute zirkulazio istripuetan zenbat lagun hiltzen diren. Horrek izugarrizko kostua du dirutan; zenbat bideratzen da honetara? Gizarteak jartzen al du zalantzan kantzerraren aurka ikertzen jarraitu behar denik? Inork ez du arazo bat denik zalantzan jartzen. Drogen gaian, berriz, banatuta gaude. Aditu batzuok kaltegarria dela diogu, beste batzuek ez dela horrenbesterako diote eta beste batzuek ez dute halakorik ikusten. Gauzak horrela, sartuko al dugu hezkuntza-curriculumean gaia? Nik uste dut lehenik gizarte bezala argitu behar dugula. Nola ulertzen edo ikusten dugu argitu, eta ondoren, erremedioa jarri. Izan ere, guk gizarte bezala ez baditugu gauzak garbi, nola izango dituzte gazteek? Ezin ditugu egoeraren erantzule egin. Gizarteak ez du zehaztu arazo bat denik. Argi dago, baina, errealitate klinikoak ezin duela joan bide batetik eta gizarteak beste batetik. Ospitalean sartzen diren gazteek arazo bat dute eta haien familiak sufritzen dabiltza. Ez esan eurei ez dela arazo bat. Nik ez dut esaten era batera edo bestera izan behar duenik, baina bai erabaki egin behar dela. Nik uste dudana da adingabeak babestu behar ditugula gizarte bezala. Bestalde, anbiguotasun horrek erruduntasun sentimendua eragiten du. Tratu txarrak sufritzen dituzten emakumeak ez dira azalera irten, gizartearen babesa dutela ikusi duten arte. Drogen kasuan, baina, posizioa anbiguoa da eta familiek dena irentsi behar dute".

Bestalde, honakoa ere badio: "Uneoro hazten doan arazo bati petatxuak jartzen gai besterik ez gara. Adibidez, Europan kontsumoak sortzen dituen eraginak ikusita, 17 bilioi euro bideratzen dira gai honetara. Hala ere, bost bilioi besterik ez dira bideratzen prebentziora. Hau da, bi herenak ondorioak arintzeko erabiltzen dira". Horrela, era berean, kritikatu du guztiek irabazten duten ekonomia dela drogarena. "Produktoreek, banatzaileek eta kontsumitzaileek osatzen dute katea, eta hirurek irabazten dute dirua. Gizarte hau horren gaizki dago muntatuta, kontsumitu duen pertsona batek %60ko ezgaitasuna duenean diru laguntza bat ematen diogula". Bestalde, modu zuzenean edo zeharka honetan lan egiten duten asko daudela ere gehitu nahi izan du (nefrologoak, neurologoak, psikiatrak, auzitegietako medikuak, gizarte laguntzaileak, hezitzaileak...). "Bideratzen den diruaren bi herenak egunen baten prebentziora bideratzea lortzen badugu, ingresoen zenbatekoa jaitsi dugun seinale izango da. Ea lortzen dugu. Izan ere, abusu-substantzien kontsumoagatik 19 edo 20 urteko gazte bat ospitalean ingresatu behar den bakoitzean, ezinezkoa da porrot sentsaziorik ez izatea. Horren erantzukizuna guztiok dugu".

----------

Programako ondorio batzuk:

Hona hemen Ezagutu ospitalea programatik ondorioztatu dituzten hainbat datu:

  • Programatik pasa diren 455 ikasleetatik 91 izango dira artatuak noizbait osasun mentaleko unitate baten.
  •  91 horietatik hogeik nolabaiteko desoreka psiko-patologikoren bat sufrituko dute abusu-substantzien kontsumoari lotua.
  •  Ospitalean bisitan izan diren ikasleen %60k du edo izan du kontaktua drogekin.
  •  %55ek onartu du alkohola edatea asteburuetan eta %67 mozkortu da noizbait.
  •  %72ek ez liekete beraien neba-arrebei utziko abusu-sustantziak, alkohola barne, kontsumitzen.

----------

Orokorrean, kontsumoak behera

Eusko Jaurlaritzak eginiko Euskadi eta drogak 2012 txostenean zehazten da legez kanpoko substantzien erabilerak behera egin duela 2004tik Euskal Autonomia Erkidegoan; heroinarenak izan ezik. Gehiegi edaten dutenen kopurua igo egin da, ordea, modu kezkagarrian, batez ere asteburuetan eta gazteen artean. Tabakoa inoiz probatu dutenen zenbatekoak ere gora egin du, baita gazteen artean ere. Eta Erkidegoa kanabisaren kontsumo altuena duen eskualdeen artean dago Europar Batasunean . Alkohola, tabakoa eta kalamua dira gehien kontsumitzen direnak. Legez kanpoko sustantzien artean, berriz, anfetamina eta kokaina dira nagusi. Biztanleriaren %8,6k onartu du noizbait probatu izana.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak