"Borroka armatuaren egiturak desegin" dituela esan du ETAk

Leire Kortabarria 2014ko uzt. 20a, 10:46

ETAk "borroka armatuaren azpiegiturak desegin" ditu eta "konponbidearenak indartu" ditu, "akordioen zain egon gabe". Hori esan du Naiz eta Gara komunikabideek argitaratu duten prentsa ohar baten.

Naiz eta Gara komunikabideei bidalitako prentsa ohar baten, ETAk dio "erabaki historikoak" hartu dituela azken urteotan. Bere ustez, "baldintza aski dago herriak osoki bere gain har dezan Euskal Herriaren eskubideen defentsa". "Euskal Herria ukatu eta zapaltzen duten Estatuekiko konfrontazioa herri gisa burutzeko, indar metaketa eta herriaren aktibazioa tresna eraginkorrenak" direla esaten du.

"Barne eraldaketa" hasi duela esan du, militanteek berretsi dituzten bi konpromisotan oinarritzen dena: "Batetik, konfrontazio armatuaren fasea behin betiko amaitzeko konpromisoa", eta bestetik, "ETAren helburu estrategikoa den independentzia eta sozialismoaren defentsan jarduteko konpromisoa".

Aurrerago, azken pausoen berri ematen du ETAk. Hauek dira, bere hitzetan:

- Borroka armatuaren praktikatik eratortzen diren egitura logistiko eta operatiboen desegitea burutu da.
- Armategien zigilatzea burutzeko zeregina izango duen egitura tekniko-logistikoa osatzen ari da.
- ETAren zeregin politikoak burutzera zuzendutako egitura sendotuko da, bai eta bake prozesuan aurrera egiteko alde ezberdinen arteko elkarrizketak bideratzea helburu dutenak ere.
- Barne dinamikari dagozkion egokitzapenak burutzen ari dira, ETAren militante guztiak prozesuan partaide aktiboak izan daitezen, besteak beste.
- Barne funtzionamendua bermatzeko beharrezkoak diren egiturek bere horretan jarraituko dute.

Gaineratzen duenez, "ETAren militantzia aipatu zeregin eta egituraketaren arabera antolatuko da".

Honakoa "bide baten hasiera" dela deritzo ETAk eta "konfrontazio politiko demokratikora egokitzeko eraldatzea bere osotasunean gatazkaren ondorio guztien gainditzearekin" gertatuko dela dio, hala nola pauso hauekin, ETAren hitzetan:

- Euskal preso eta iheslari guztien etxeratzearekin, egun klandestinitatean dauden ETAren kideak barne.
- ETAren armagabetze adostu eta ordenatuarekin.
- Euskal Herriaren desmilitarizazioarekin, gatazkaren ezaugarrien aldatzearen ondorioz eta normaltasun demokratikorako oinarri gisa.
Honekin guztiarekin, ETAk dioenez, "konfrontazio armatuaren fasea behin betiko gaindituko litzateke". Hala ere, "gatazka politikoa bere osotasunean konpontzeko, Euskal Herriko eragile politiko eta sozialen artean bestelako elkarrizketa dinamikak garatu beharko lirateke, gatazka politikoaren jatorriari heldu eta berau gainditzeko akordioetara iristeko".

Prentsa ohar osoa, hemen.

Hainbat erreakzio

Euskal Herriko eta Espainiako komunikabide nagusien portadetan oihartzuna izan du prentsa ohar horrek. Bestalde, hainbat erreakzio egon dira.

ETAren agiriaren berri izan aurretik, hartutako konpromisoak betetzeko eskatu dio Iñigo Urkullu lehendakariak. Urkulluk esan du lehen armak zigilatu ostean berak "hartu beharreko arrisku guztiak" hartu zituela. Zapatuan esan zuenez, ETAk desarmatzeko "konpromisoa" zuen eta "ez du bete".

Espainiako Barne ministroak, Jorge Fernandez Diazek, berriz, garrantzia kendu dio agiriari eta "baldintzarik gabe bere burua desegiteko" eta "bere azpiegitura kriminal guztiak desmantelatzeko" exijitu dio ETAri, Europa Press-ek jasotzen duenaren arabera.

PSE alderdiak ETAri eskatu dio "behingoz bere burua desegin" dezala.

Martin McGuinnessek esan duenez, agiria "aurrerapauso handia" da.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak