"Garraioa merkantziaren jabeak ordaindu behar du, ez errepidean dabilenak"

Leire Kortabarria 2014ko uzt. 21a, 00:00
Esteban Muruamendiaraz. Argazkilaria: Javier Colmenero/Noticias de Gipuzkoa.

Garraiolari autonomoen Hiru sindikatuko idazkaria da Esteban Muruamendiaraz bergararra. Polemika sortu duen asmo bat du Frantziako Gobernuak, hain zuzen ere garraiolariei tasa bat kobratzea, baina bakarrik atzerritarrei; Muruamendiarazek asmo hori eta peaje edo bidesarien filosofia komentatzen ditu, besteak beste.

Frantziatik kanpoko garraiolariei tasa ipiniko diete azkenean?
Sarkozy gobernuan zegoenean ere saiatu ziren, eta sekulako arazoak izan zituzten Frantziako garraiolariekin, izan ere, ezin diete bakarrik kanpotarrei kobratu; Europako legeak ez die uzten. Kilometro bakoitzeko hainbeste kobratzen dutenez, herrialdekoak irteten dira galtzen, izan ere, Gipuzkoan planteatu zen bezala, azkenean kanpoko askoz kamioi gehiago pasatzen dira, baina askoz sarriago pasatzen dira bertakoak leku bakoitzetik. Horregatik, bertakoendako kostu handia da.
Frantziaren kasuan, Bretainia inguruan oso istilu gogorrak izan zituzten eta atzera egin zuten, baina diru asko ateratzeko aukera dago peajeekin eta orain berriz ahalegintzen dabiltza. Aspaldiko urteetan egoera txarra denez, gero eta jende gutxiago ibiltzen da autobideetatik eta gero eta gutxiago fakturatzen dute horiek. Horregatik, azkenean, erabaki hori hartu nahi dute.

Atzerritarrei bakarrik kobratzea lortuko dute?
Alemanian eta Frantzian horren inguruan hasi da zarata. Orain Europako Batzordeak ez du hori egiterik uzten, baina Alemania eta Frantzia indartsuak dira eta, nahi badute, aldatuko dute lege hori.

Zuek asko ibiltzen zarete nazioartean?
Bai, Gipuzkoan garraiolariak betidanik ibili dira nazioarteko bidea egiten, eta orain, inoiz baino gehiago, estatuan asko jaitsi delako industria, eta lehen Espainiara joaten zen jende asko orain Alemaniara, Frantziara… joaten da gehiago.

Zenbateko tasa izango litzateke?
Kilometro bakoitzeko hamahiru zentimo izan daitekeela irakurri dut; beraz, 100 kilometro bakoitzeko hamahiru euro. Frantziako punta batetik bestera kilometro asko dira eta, astean behin gora eta behera eginda, diru piloa da.

Eta diru hori zuen, garraiolarien poltsikotik irteten da?
Gure arazoa izaten da kostu hori bezeroari kobratzea. Batez ere tramu motzetan peajeak ipintzen direnean, oso nekeza da hori bezeroari kobratzea. Donostiatik Bilbora arteko peajea kobratzea askoz nekezagoa da Donostiatik Cadizera artekoa baino.

Gipuzkoako autobideetarako proposatzen diren formulak ze iruditzen zaizkizue?
Batzar Nagusietan errepide sarea nola ordaindu ponentzia egin zenean, hantxe izan ginen gu eta proposamena aurkeztu genuen, eta Foru Aldundia ordainketa ezartzen saiatu den guztietan irten gara gure iritzia ematen. Filosofikoki, peajea ez zaigu askorik gustatzen, ez delako gauza bera enpresa bateko goi-kargu batek edo langile batek peajea ordaintzea, baina biei berdin kobratzen zaie. Guk uste dugu, beste azpiegitura batzuk bezala, errepideak ere zerga bidez ordaindu behar direla. Aireportuak, portuak, AHTren azpiegitura… horiek guztiak ez dituzte bezeroek ordaindu behar; gizarteak ordaintzen ditu. Errepideetan, beste modu batera egin nahi da, eta hori, guretako, ez da zuzena.

Horrez gain, bakarrik kamioiei ordainsaria ipintzea onartezina da. Kamioiaren jabeak ez du kamioia kapritxoz erabiltzen, eta garbi daukagu, hori ordaindu egin behar bada, merkantziaren jabeak ordaindu behar duela.

Osasun zentimoa delakoaren itzulera zelan dago?
Propaganda da errealitatea baino gehiago. Oso nekeza da baldintza guztiak betetzea eta Espainiako gobernuak, berriz, edozein arrazoi erabiltzen du diru hori ez bueltatzeko, eta ez dakigu dirua bueltatuko diguten edo ez, sinistuta gaudelako estatuak ezin duela bueltatu, hainbeste milioi euro direlako. Beraz, traba guztiak ipintzen ari dira.

Zenbat afiliatu zarete orain Hirun?
2007a ezkero %20 inguru murriztu da afiliazioa. Sektorea nola dagoen adierazten du horrek; jende askok utzi egin behar izan du eta egoera txarrean dago. Orain 900 lagun inguru gara Hirun.

Zeintzuk dira zuen kezkak?
Momentu honetan bi arazo potolo ditugu; batetik, aldaketa dator Espainiako Kongresuak martxan jarri du garraioa antolatzeko legea, eta erregelamendua ateratzekotan daude. Horren aurrean, guk garraiolari autonomoaren figura defenditu behar dugu. Bigarrena, guretako oso garrantzitsua ere, diote krisitik ateratzen gabiltzala, hasi dela ekonomia aurrera egiten, eta guk ere zertxobait nabaritu dugu urte hasieran, baina flota guztia zahartuta dugu, ez da aldatu, horretarako finantzazioa behar delako. Hor arazo larria ikusten dugu, ez litzatekeelako egokia izango bizi osaon garraioan ibili den pertsona bat berriro mailegutan sartzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak