Malen Ruiz de Azua, Munduko onenekin lehiatzera

Xabier Urtzelai 2014ko uzt. 18a, 09:14
Malen Ruiz de Azua, asteleheneko lan-saioan, Mojategin.

Astelehena. Astebete baino gutxiago geratzen da Malen Ruiz de Azuak (Arrasate, 1995) AEBetarako bidea hartzeko, Eugene-n (Oregon) egingo duten munduko txapelketan lehiatzeko. Hainbat selekziotako ordezkariak dagoeneko han daude, ordutegi berrira egokitzen, hango pistetan entrenatzen, gauzak behar den moduan egiten. Arrasateko atleta, ostera, Mojategin dabil berotze ariketak egiten, Maialen Axpe lagun duela [Bedoñakoa Espainiako txapelketa absolutuan izango da asteburuan], Jonathan Perez entrenatzailearen begiradapean.

Azken astearen aurrean dago Ruiz de Azua, baina ez da aste erabakigarria, etxeko lanak dagoeneko eginda daudelako: "Salto batzuk egiteko aprobetxatuko dugu astea; mantentze-lana da, gehienbat". Eta zapatuan abiatuko da Madrilera: "Ea pertikekin ez dugun arazorik izaten, hegazkin batzuetan ez dira-eta sartzen. Nahiko buruhauste ematen du horrek; iazko Europako txapelketan arazo batzuk izan nituen, baina, azkenean, hegazkinez eraman nituen. Baina Maialenek, esaterako, aurten arazo handiagoak izan ditu. Marsellan jokatu zituzten Mediterraneoko Jokoak, eta pertikak eraman ezinka ibili zen. Azkenean, beste atleta batenak erabili behar izan zituen. Ea oraingoan ez dugun arazorik izaten; Madrilera guk eraman beharko ditugu, baina handik Chicagora eramateaz Federaziokoak arduratuko dira ". 

Iritsi, eta lehiatzera

Arrasateko atletak bihar, zapatua, ekingo dio bidaiari, Madrildik, eta astelehenean iritsiko da Eugenera. Jet-lag edo ordu aldaketa gainditu barik, martitzenean izango du kanporaketa erabakigarria. "Hor ere aurrekontuak eta aurrekontuak daude...", dio, irribarrez, haserre handirik erakutsi barik.

   

Ondo berotu ostean hasi dira arratsaldeko lehenengo saltoak egiten, Ruiz de Azua lehenengo, Axpe gero. Eta entrenatzailea uneoro zuzenketa txikiak egiten dabil. Bitartean, Jonathan Perezi iritzia eskatu diogu, haren ikasleetako batek egin dezakeen txapelketaren gainean: "Halako hitzordu handietan Malen urduri jartzen da, eta ez du daukan onena ematen. Aldiz, edozein entrenamendutan Espainiako txapelketa erraz irabazteko moduko saltoak egiten ditu. Badirudi oraingoan lasai hartu duela, sari moduko bat da AEBetan egotea; ea horrek presioa kentzen laguntzen dion eta pertikarekin benetako Malen ikus dezakegun".

Lau metro buruan 

Iaz Europako txapelketan izan zen Ruiz de Azua, Italian: "Nahiko pozik itzuli nintzen handik, baina ez nuen aparteko markarik egin (3,80)". Eugenen, berriz, sinatuko luke 4 metroko saltoa egitea [4,02 izan da denboraldiko markarik onena]. Eta, hala ere, marka horrekin ez litzateke finaletan sartuko: "Gainontzeko neskek oso egun txarra izan beharko lukete marka horrekin finalean sartzeko. Nik uste dut, gutxienez, 4,05eko saltoa beharko dela finalean egoteko". 

Horrek esan nahi du gaitza izango dela Espainiako txapelduna finalean ikustea: "Hemen badirudi 4 metroko saltoa egitea asko dela, baina kanpoan edonork egiten ditu 4 metro. Irabazleak 4,30 metro inguru egingo ditu, seguru". Hala, hobekuntzak zentimetroz zentimetro neurtzen diren modalitate horretan, 30 zentimetroko aldea handia da. 

Motibatuta, gogotsu

Onenekin egoteko aukera gutxi dituela jakinda ere, Super Amara taldeko atleta motibatuta doa AEBetara: "Bai, gogotsu noa. Gainera, azkeneko txapelketetan gustura ibili naiz; nire marka  hobetu ez badut ere, emaitza politak lortu ditut eta horrek beti laguntzen du". 

Arrasatekoak, baina, 4,02ko saltoa egin zuen duela hiru aste –denboraldiko marka–, baina Castellon ezin izan zuen marka hori gainditu: "Halako txapelketa batean lehenengo postuan sailkatzea eta, gainera, norberaren marka ontzea gauza handia da. Suposatzen da urte osoko prestaketa bideratu dugula uztailean indartsu egoteko, eta salto onenak orain egin ditzakegula. Baina txapelketa batean onena ematea ez da erraza izaten. Ez nuen halakorik lortu, baina nahiko pozik geratu nintzen". 

Ondoren, merezitako oporrak

Urte osoa txapelketa hori prestatzen ibili ostean, Eugenetik bueltan atleta arrasatearrak oporrak hartuko ditu: "Oraingoz, ez dut aparteko planik. Lagunek uztailean egiten dituzte planak, eta ni entrenatzen eta txapelketetan ibili naiz. Atseden hartzeko aprobetxatuko dut, baina kirola gustuko dut; horrenbestez...". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak