2013ko txostenaren ondorioetako batzuk hauek dira: 2013an, Euskadiko Barne Produktu Gordinak %1,2 egin zuen behera. “Estatu osoan izandako atzeraldiaren parekoa eta Nafarroako Foru Erkidegoan izandako -%1,3aren antzekoa” da hori, Laboral Kutxaren esanetan. Irakurketa positiboa hauxe da: atzerakada 2012koa baino txikiagoa izan zela.
Baina enpleguak behera egin zuen Hego Euskal Herrian, Espainian baino gehiago: Euskadin, %3,8 murriztu zen; Nafarroan, %4,2; eta Espainian (Hego Euskal Herriko datua ere kontuan hartuta batez bestekoa egiteko), %3,1.
Langabezia-tasa %15,8koa izan zen Euskadin, 2012an baino %0,9 handiagoa. Nafarroan %18,1ekoa izan da, eta Espainian, %26,4koa. “Ondorioz, EAEko eta NFEko tasak poliki-poliki Europakoetatik urruntzen ari dira, eta Espainiakoak ezohiko eta paregabeko gainbehera izan du”, txostenaren arabera.
Eskaintzaren ikuspuntutik, sektore guztien “portaera ahula” nabarmetzen du Laboral Kutxak. Eraikuntza-sektorean izan da atzerakadarik handiena, eta ondoren datoz industria- eta zerbitzu-sektoreak. Azken horrek, zehazki, jardueraren euskarri izateari utzi dio.
Ziurgabetasuna eta itxaropena
Segidan, 2014-2015 eperako iragarpen batzuk egiten ditu Laboral Kutxak. Bere esanetan, “ziurgabetasuna ekartzen duten elementuekin beteta” dago etorkizuna. Hauek aipatzen ditu:
- AEBn moneta-estimuluak erretiratzea eta interes-tasak altxatzeari buruzko eztabaida. Bi elementu horiek AEBko mugak gainditu eta mundu osoan eragin dute zalantza. Politika-aldaketa horren atzean zer ote dagoen da zalantza: ea Erreserba Federalaren ustez krisia amaituta edo amaitze-bidean dagoen ala, guztiz bestela, ea politika horrek epe ertainean izango dituen ondorioen beldur den.
- Herrialde batzuetan berrikitan izandako dezelerazioak eta Frantziako eta Alemaniako ekonomien arteko decoupling-ak zalantzen kutxa ireki dute. Horretaz gain, luzaroan inflazio baxuekin bizi izan beharko duten herrialdeetan (adibidez Espainian) deflazioaren arriskua etengabea dela ohartarazten du Laboral Kutxak. "Izan ere, badirudi hemendik gutxira Europako Banku Zentralak eremu horretan kreditu-fluxua hobetzera bideratutako neurriak hartuko dituela", gaineratzen du.
- Txinan egindako erreformek eta bertako hazkundea egonkortu izanak batetik, eta garabidean dauden herrialdeek orotariko arazoei aurre egin behar izanak bestetik, neurri garrantzitsuak hartzea eskatzen dute.
- Eta, amaitzeko, “etxeko arazoak” aipatzen ditu Laboral Kutxak: finantza publikoak oraindik ere bideratu gabe daude, eta defizit errepikaria izateaz gain, BPGd-aren % 100etik hurbil dagoen zorrari ere egin behar diote aurre. Gaineratzen duenez, zor pribatua oso altua da eta lan-merkatuak “urteak beharko ditu” 2007ko magnitudeak lortzeko.
Itxaropena ere adierazten du txostenak: “Hazkundea errealitatea da”. Eta honakoa gaineratzen du: “Oraindik ere ahula bada ere, aurreikuspenen arabera 2015ean lanpostuak sortzeko adinako tasak lortuko dira txosten honen helburu diren eremu geografikoetan”. Dena dela, lanpostu-sortze hori apala izango da: 2014an, %1 inguru, eta 2015ean, %1,5 inguru.
2014rako, Laboral Kutxak ez du espero langabezia askorik txikitzerik, eta prezioak egonkor izango direla uste du.