Datu-ihes larririk atzera ez gertatzeko 'hacker' taldeak erabiliko ditu Google-ek

Jon Berezibar 2014ko uzt. 16a, 14:54

Apirilean azaleratu zen datuen odolustea eta gero – Google barne, sareko handiki guztietan segurtasunen hutsune handiak azaleratu zuena–, Project Zero delakoa iragarri berri dute. Hacker talde bat kontratatuko du Google-k segurtasun neurriak hausten ibiltzen diren beste hacker-en mugimenduak aztertzeko. Google-tik diote sare osoaren segurtasuna hobetzea dute helburu.

Apirileak jakin zen Yahoo, Facebook, Flickr ala Google-n bertan segurtasun hutsune oso handiak zeudela, erraldoi horien zerbitzarietarako sarbidea zabalik egon zela urte askoan eta milioika erabiltzaileren datuak zeudela konprometituta. Heartbleed izenez deitu zitzaion eskandaluari, OpenSSL segurtasun liburutegian akats larria agerian laga zuena, HTTPS segurtasun protokoloa kinkan zegoelarik.

Hala iragarri zutenez, apirilean bertan konpondu zen hutsunea eta erabiltzaileei deia luzatu zitzaien sareko kontuetako pasahitzak aldatu eta nabigatzaileak egunera zitzatela eskatuz. Google-k orain urrats bat gehiago egin gura du aurrera eta aitzindaritza hartu gura du, diotenez, halakorik atzera ez gertatzeko.

Inork sare erabat seguru eta kontrolatua nahi izatekotan, hori Google da, inondik ere. Google-ek sareko ia esparru guztiak ukitzen ditu, bilaketetatik hasita, merkataritza digitala tartean eta baita sistema eragile eta hardware alorrean.

Xehetasun larregirik eman gabe, iragarri dute hacker espezializatuak kontratatzen hasi direla, hain zuzen, halako hutsuneetara sartzen diren beste hacker-en mugimenduak gertutik zelatatu eta hortik ikasteko, teknikak eta bilatzen dutena atzemateko. Hesi digitaletan, firewall-etan ala segurtasun protokoloetan egiten dituzten hobekuntzak gainontzekoekin partekatzeko prest daudela esan dute Google-etik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak