1. Barandiaran eta ataundarra. On Jose Migelen tartekoa?
Ez dut uste. Ataunen abizen gutxi izatearen fama daukagu; ez dago sekula esaterik, baina gertu-gertukoa denik ez dut uste.
2. Bertsolaria, kazetaria, gidoilaria... Uneoro hitza duzu lanabes.
Bai, eta aldi berean, zorteko sentitzen naiz: horrelako lan baten sorkuntza landu dezakezu, eta egunero punta ateratzeko erreminta ere bada hitza. Batzuetan, mailua da, besteetan sega, aizkora... Hitzaren dohaina hori da: bakarrak mila funtzio egin ditzake.
3. Zein hitzek eragiten dizu irribarrea? Eta zeinek hotzikara?
Irribarrea, eta aldi berean beldurra, askatasuna hitzak eragiten dit; dena den, irribarrea gehiago. Beldurra, tortura hitzak.
4. Nori zor diozu, ala nori leporatu behar diozu, bertsolari izatea?
Uste dut nire kasuan kasualitateari eman behar dizkiodala eskerrak. Etxean ez genuen tradiziorik. Ordura arte sekula ere bertso on bat idatzi gabe neukan, baina 11 urterekin Gipuzkoako txapela irabazi nuen bi bertso idatzita: orduan hasi nintzen bertso eskolan, eta bide baten hasiera izan zen.
5. Zer behar du bertso saio batek zu eroso egoteko?
Garrantzitsuena da mimoz antolatuta egotea: baliabide onenak dituen bertso saio baten mimorik ez badago, saioa ez da ondo aterako.
6. Kazetari moduan, aspaldion irratian zabiltza. Mikrofonoak, publikoarekin edo publiko gabe gurago?
Publikorik gabe. Publiko aurrean gabiltzanean ere, plaza hutsik imajinatzen dut: kontzentratzeko, publikoa ezabatu behar dut.
7. Zertaz konturatzen da bat, irratian egiten duzun eran, egunkariak atzekoz aurrera irakurtzean?
Laguntzen du konturatzen mundua atzekoz aurrera dagoela: zenbat titular eta azal betetzen den ezer esan gabe; eta atzeko orrietan zenbat istorio anonimo dagoen azaleko berriak baino garrantzitsuagoak.
8. Hitz egitean egiten diren akatsen ehizan ere ibili ohi zara irratian. Lan errazegia, gauza onerako?
Ez; inor mindu gabe umorea egiten saiatuta, pentsa zenbat lagun egiten ditudan erredakzioan! Zortea dugu, lantaldean umorez autokritika egiten duen jende asko dago-eta.
9. Musikan ere sartu duzu muturra Bi bala proiektuarekin.
Musikariz eta bertsolariz osatutako lagun taldea batu eta gauza definitu ezina sortu dugu. Iñaki Gurrutxagaren eta nire ikuskizun bat du abiapuntua: etengabe aldatzen den formatua da, sekulako gozamena ematen digun proiektu txikia.
10. Oñatin bizi izandakoa zara. Zer nolako esperientzia?
Oso ona. Kanpokoendako Oñatin bidea egitea zaila zela esan zidaten, baina ez zen horrela izan: urtebete oso polita eta intentsua izan zen.
----------
Makila magikoa baneuka: "Munduko hizkuntza guztiak ulertu eta hitz egiteko gaitasuna eskatuko nioke"