Iñigo Arregi: "Basterretxea euskal eskulturaren erreferentzia izan da"

Maider Arregi 2014ko uzt. 12a, 19:36

2012an, Trapagarango Meatzaldea Goikoa parkean, Basterretxea eta Arregi.

Nestor Basterretxea  gaur hil da Hondarribiko etxean; 90 urte zeuzkan. Haren lagun Iñigo Arregi arrasatearrak azkenaldian oso gaixorik zegoela dio eta penaz, gogoratu du Nestor Basterretxea: "Oso artista garrantzitsua izan da; bere lanak betiko geratu dira; nortasun handiko obrak egin ditu, oso lotuak Euskal Herriarekin. Ondare oso garrantzitsua utzi du".

2012an Iñigo Arregik, Trapagarango (Bizkaia) Meatzaldea Goikoa parkean jarritako eskulturaren inaugurazio ekitaldian ikusi ziren euskal eskulturgintzako bi maisu handiak elkarrekin. Gorriz jantzita, korten altzairuan eginda, hiru metrotako alturako lan deigarria goraipatu zuen orduan Basterretxeak.

Gurean hainbat lan

Debagoienean, Arantzazuko Santutegiko Kriptan egindako margoak dira Nestor Basterretxearen lanen artean garrantzitsuenak. 1982an bukatu zituen margo hauek egiten. Ezin utzi aipatu gabe, Arantzazura bidean, Uribarri auzoan dagoen altzairuzko monumentu handia. Euskal artzainak omentzen dituen eskultura abangoardista, 1998ko irailaren 20an inauguratu zuten. Bertan, hauxe irakurri daiteke, gainera: "Euskal Herriak euskal artzainari".

Euskal eskultura irauli bazuen ere, margolaria eta zine zuzendaria ere izan zen Basterretxea.
Familiak ez du beilatokirik jarriko, baina azken agur ekitaldia egingo diote astelehenean Donostian, 20:00etan.

Eusko Jaurlaritzaren oharra

Cristina Uriartek, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak, egindako adierazpenean, besteak beste hauxe esan du: "Eusko Jaurlaritza zeharo nahigabetuta dago Nestor Basterretxearen heriotza dela-
eta. Euskadik XX. mendeko erreferente artistiko nagusietako bat galdu du haren heriotzarekin.
Pintorea, eskultorea, zinemagilea, artista polifazetikoa; ezagut daitekeen egiazko aztarna ezabaezina utzi du. Haren lanak luzaroan iraungo du; oraingo eta etorkizuneko belaunaldientzako ondarea da, eta, seguruenera, are garrantzi handiagoa hartuko du urteen igarotzeak ematen duen ikuspegiarekin.
Bermeon sortua, frankismotik ihesi Argentinara erbesteratua, Euskadira itzuli zen, eta bertan garatu du bere obra, bertan hartzen du zentzu osoa. Artista handia, egiazko demokrata, euskaltzale sutsua eta pertsona bikaina joan da; haren oroitzapena eta obra, ordea, betiko egongo dira gurekin".

Foru Aldundia ere "nahigabetuta"

Gipuzkoako Foru Aldundiak ere dolumina azaldu du Basterretxea artista handiaren heriotzagatik: "Nazioartean garrantzi handia izandako Gaur arte garaikideko taldeko azkenetako artista bizia zen, eta lanean jardun du bere azken egunetaraino. Zehazki, Koldo Mitxelena Kulturunean udazkenean irekiko den erakusketa prestatzen ari zen modu aktiboan".

Ikerne Badiola Kulturako diputatuak bere nahigabea azaldu du: "Asko miresten nuen artista eta laguna zen niretzat Nestor. Duela aste gutxi, emaztearen heriotza zela eta berarekin egon nintzenean, lanak eusten zuela esan zidan, eta zehazki, Aldundiarekin elkarlanean prestatzen ari zen erakusketa berriak".

Nestor Basterretxeari Gipuzkoako Urrezko Domina eman zion Aldundiak, joan den urteko uztailan, bere bizitza osoan zehar euskal arteari egindako ekarpen bikaina saritzeko.

Eta iragarri dute datorren udazkenean, Koldo Mitxelenako Kulturuneak Nestor Basterretxearen azken erakusketa  eskainiko duela, "bera pertsonalki, Xabier Saenz de Gorbea komisarioarekin batera" prestatzen ibili dena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak