Askotariko erreakzioak eragin ditu Diputazioaren isunak

Ubane Madera 2014ko uzt. 12a, 09:00

Istripua gertatu zenekoa.

Gipuzkoako Diputazioak 1,6 milioi euroko zigorra ezarri dio Lapatza enpresa elkarteari, 2013ko irailaren 18an Deskargako obretan izandako lan-istripuan gertatutako heriotza dela-eta. Lanean zebilen  kamioia irauli, eta 33 urteko langilea hil egin zen.  Gaurdaino ezezaguna da erakunde batek enpresa bat horren gogor zigortu izana lan-istripu baten erantzule izateagatik. Aitzindaria da Diputazioaren erabakia. Baina aitzindaria izanagatik justua edo eredugarria ere baden galdetuta, sindikatuek ez dute modu berean baloratzen ebazpena.

LAB eta CCOO sindikatuek modu positiboan baloratu dute zigorra; ELA eta UGT, berriz, kiritikoago azaltzen dira. Eta Lapatza enpresa elkarteak ez du baloraziorik egin gura izan.

Jose Ramon Kortabarria: LAB sindikatua
"Administrazio publikoak obren jarraipena egin du"

LABeko Debagoieneko ordezkariak modu "positiboan" baloratu du zigorra. "Pentsatzen dugu administrazio publikoak isuna sartzeak esan nahi duela jarraipena egin duela. Normalean ez da hori gertatzen. Izan daiteke lehen kasua", dio Jose Ramon Kortabarria, Moztuk.
Puntualizazio bat ere egin du sindikatu abertzaleko ordezkariak:  "indarra prebentzioan jarri" beharra dagoela. "Lanak hasi aurretik gauzak behar den moduan egiteko segurtasuna behar da. Batez ere lanera doan jendeak istripurik ez izateko, eta hildakorik ez izateko" (…) Ikusten dugu kasu gehienetan dokumentazio aldetik betetzen direla gauzak, baina eguneroko kontuetan ez. Gaur egungo egoerak ekartzen du prekaritatearen bitartez prebentzio falta eta hor dirurik ez jartzea, eta halako kasuak. Adibide garbi bat dago: AHTko obretan zortzi bat langile badirela hildakoak, eta hor ez dirudi ezer gertatu denik, ez inongo neurririk hartzen den ere, ez neurri prebentiborik egon denik eta ezta isunik ere. Beraz, ondo ikusten dugu, baina kontuan hartuta aurreko lan hori ere egin egin behar dela, eta administrazioak jarraipena egitea ondo ikusten dugu".

Alfonso Rios: CCOO sindikatua
"Halako isunak orokortu egin beharko lirateke"

"Positibo" berba erabili du, baita ere, CCOO sindikatuko Euskadiko Lan Osasun arduradunak. "Gehiegizko kopurua dela eman dezake, baina heriotza eragin duen lan-istripu bati buruz dihardugu. Horrelakoei buruz berba egiten dugunean lerro gorriak gainditu egiten dira, eta uste dugu Diputazioak aktuatu duela aktuatu behar zuen moduan, azken batean Diputazioaren menpeko den obra batean diharduen enpresa dela kontuan hartuta. Ulertzen dugu halako isunak orokortu egin beharko liratekeela, batez ere kontuan hartuta eraikuntzari buruz berbetan gabiltzala, eta hainbat abusu ematen diren esparrua dela: jendea ordu luzez lan egitera behartuta dago, behartzen da baldintza ez egokietan lan egitera askotan, eta egoera horiek dira halakoak gertatzearen arrazoia", adierazi du Riosek.

Igor San Jose: ELA sindikatua
"Gipuzkoan dagoen eraikuntzarik okerrena da Deskargakoa"

ELA sindikatua, berriz, oso kritiko azaldu da. Bai kopuru aldetik eta baita ere erakundearen jardun aldetik ere. ELAko Eraikuntza Arloko Igor San Jose arduradunak onartu du, "isunaren zenbatekoa ikusita, asko" izan daitekeela. "Behin ere ez da halako isunik jarri. Egia da", dio. "baina ez da bete hitzartutakoa", gehitu du.  

Batetik, zenbatekoari begira, dio "inkongruentea" dela. "Foru Araura bagoaz, isun hori falta arin bati dagokiona da (adjudikatutakoaren %4, 40 milioi euroren arabera). Aldiz, isunari larritasun maila ezarri izan bazitzaion, kopurua %7koa litzateke. Eta oso larria izango balitz, berriz, %10ekoa".
Hala, sindikatu abertzaleak "etorkizunera begirako" zigorrak egokiago ikusten ditu. "Hau da, zigorrak eragina izan dezala etorkizuneko adjudikazio posibleetan", esplikatu du San Josek.

Horrez gain, ELA ez dago ados Diputazioaren jarduteko moduarekin. " Hutsetik hasi eta berriro ere esleitu beharko zukeen obra hori. Bertako lan baldintzak oso txarrak dira, eta gaur egun ere ez dira segurtasun neurriak betetzen. Gipuzkoan dagoen eraikuntzarik okerrena da Deskargakoa. Adjudikazioa hasieratik egin da gaizki. Diputazioa da promotorea eta haren interesa da merke eta bizkor egitea. Horren erakusle da obraren prezioa 70 milioi euro zirela eta aldiz, 40 milioitan adjudikatu zela (%37 gutxiago). Eta eskatzen duguna da eraikuntza publikoan erabiltzen den diru publikoa egoki erabiltzea".

Angel Ramos: UGT sindikatua
"Kamioiak ez zuen segurtasun uhalik, jarlekurik, balaztarik…"

Eta ELAren bide beretik jo du UGTko Gipuzkoako Metal, Eraikuntza eta Antzekoen arloko arduradunak. Angel Ramosek dio kopuru "garrantzitsua" izan eta "enpresendako eredugarria izan daitekeela" eman arren, ez dutela "horrela" ikusten. "Ikuspuntuaren arabera. Azkenean itxi egin behar izan duen Aballa enpresarendako asko izan daiteke, baina hildakoaren familiarendako ez (…) Osalan eta lan ikuskaritzaren txostenen arabera, jakinekoa zen kamioi horrek istripu horren aurretik beste batzuk ere izan zituela; langile batzuk ez zuten nahi kamioi horrekin lanik egin, ez zuen segurtasun uhalik, ez zuen jarlekurik, balaztek ez omen zuten funtzionatzen… Eta enpresei ikustarazi behar zaie arauak betetzea oso garrantzitsua dela, bai euren zuzeneko langileenak eta baita azpikontratenak ere. Azken horiek ere enpresa nagusiaren ardura dira, kasu honetan enpresa elkartearena".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak