Sanferminetan bete-betean gaude eta horrek zuzenean eragiten dio Gipuzkoako turismoari ere. Zelako uztaila da aurtengoa turismoari dagokionez?
Donostia eta inguruan, Zarauzko kanpinean-eta, jende asko ikusten da zuri jantzita. Eragina dauka, bai, halako festa ospetsu batek.
Orain arte eguraldiak ez du askorik lagundu. Eraginik izan du horrek turismoan?
Eguraldiak beti dauka eragina, baita hemen ere. Nahiz eta saiatzen garen eguraldiak ez baldintzatzen gure turismo eskaintza, urte sasoi guztietan saiatzen gara turismoa erakartzen eta azkenaldian lortzen ari garela esan genezake. Beste leku batzuetan baino eragin txikiagoa dauka eguraldiak hemen, turismoaren aldetik. Halere, ostalariak eta sektorea, oro har, eguraldiari begira egotea normala da.
Oro har, zein da aurreikuspena udarako turismoari dagokionez?
Ona. Izan ere , azkeneko urteak eta hilabeteak onak izan baitira. 2013an errekorra hautsi genuen, milioi bat bisitari baino gehiagorekin. Eta 2014a hobeto hasi dugu. Udako daturik ez daukagu oraindik, baina jende asko dabil kalean eta okupazio maila ere handia da. Kontsumoa ere hazten doa, gainera.
Aste Santukoak datu historikoak izan ziren?
Bai, bai. Gainera, baserri turismoari dagokionez, bereziki onak izan ziren eta hori nabarmentzea merezi du.
Azkeneko hilabeteotan Gipuzkoak erakartzen ditu turista gehienak Euskal Autonomia Erkidegoa kontuan hartzen badugu. Zergatik da hori?
Diputaziotik, Frantziako merkatua zaindu dugu bereziki. Marketin eta sustapen kanpainen bidez-eta. Eta horrek izan du erantzuna, turista frantziarrak hazi egin direlako lurraldean; oro har, uste dut gipuzkoarrok konturatu garela turismoak geroago eta garrantzi handiagoa daukala. Eta hauek geroago eta hobeto zaintzen ditugu dendetan, ostalaritzan, herrietan… Horrek herri abegikor irudia ematen digu, ondo tratatzen dugula turista, eta horrek baditu ondorio positiboak. Eskualdeko turismo agentziekin ere badihardugu lanean, esperientzia-pakete bereziak sortuta.
Ze alorretan jarri duzue indarra turismoa sustatzeko Gipuzkoako Foru Aldundian?
Gure ingurune hurbilean, 500 kilometroko distantzian, jeneralean, gertuko herrietatik datozelako turistak, baina geroago eta alemaniar gehiago dator Gipuzkoara. Baita Ameriketako Estatu Batuetatik ere. Eta Espainiako merkatua berriro ere errekuperatzen hasi gara, bereziki katalanak eta madrildarrak.
Ze pisu dauka turismoak Gipuzkoako ekonomian?
Jarduera ekonomiko oso garrantzitsua da, Barne Produktu Gordinaren %7,5.
Elkarrekin diharduzue turismo agenteek eta erakundeek turismoa bultzatzeko?
Elkarren artean dihardugu hainbat erakundek. Gipuzkoan, esaterako, mahai bat eratuta daukagu eskualde guztiekin eta askotariko politikak adosten ditugu.
Non jartzen duzue indarra estrategiak diseinatzerakoan?
Gastronomia da gure indargune garrantzitsua eta hainbat eskualdetan ere gastronomia ardatz duten politikak diseinatzen ari dira. Industria edo lan turismoa ere garrantzitsua da eta horretarako ditugu Kursaal eta Ficoba, eta hor ere indarra egin nahi dugu. Bestetik, kultura eta kirol turismoan ere bai.
Gipuzkoako Turismo Gida berria argitaratu duzue berriki. Zein da berritasuna?
Eskaintza guztia bateratu eta esperientziak modu erakargarri eta bisualean aurkeztea izan da helburua. Eskaintzak errazago topa ditzan Gipuzkoa ezagutu nahi duenak.
Berrikuntza da zure ardurapeko beste departamentu bat. Berritzailea izaten jarraitzen du Gipuzkoak?
Bai, datuek hori erakusten dute. Gipuzkoan, Berrikuntza eta Ikerketari eskaintzen zaio Barne Produktu Gordinaren %2,71. Erkidegoaren eta Europako batez bestekoaren gainetik. Egia esan, berritzaileago izan behar dugu, ez bakarrik teknologikoki, baizik eta lan egiteko moduetan, kudeaketan, eta abar. Munduko onenekin lehiatzen ari gara eta hauek %5 eta %7 inbertitzen dute alor horretan. Foru Aldundian ere geroago eta gehiago inbertitzen dugu horretan. Berrikuntza teknologikoa, zientzia eta teknologia sarea, ikerketa zentroak… Horiek izan dira gure apustuak.
Zertan gauzatzen da hori?
3 milioi euro bideratu ditugu unibertsitateetarako… Bestalde, berrikuntza ez teknologikoari edo kudeaketari dagokionez, garrantzitsutzat jo dugu.
Gipuzkoako enpresak berritzaileak dira?
Orokorrean bai. Baina lehiatzen ari dira dimentsioz askoz ere handiagoak diren enpresekin. Gipuzkoako enpresen ahulezia bada txikiegiak direla, eta inbertsioetarako, esaterako, baliabide txikiagoak dituztela. Nahiz eta horrek badaukan alde ona ere: malguagoak dira. Enpresen nazioartekotze prozesuan ere inbertitu dugu. Proiektu dezente lagundu dira, betiere, deslokalizazioa helburu ez bada. Bestetik, kanpora doazen hemengo enpresak bertako beste enpresen traktore izan daitezen bultzatzeko laguntza lerroak ere badira.
Bidelaguna plana bultzatzen diharduzue. Ze aurrekontu dauka eta zein da helburua?
25 milioi euroko diru-partida bideratuko dugu enpresei laguntzeko. Bereziki enpresa txikiei zuzendutako edo horiengana heltzeko programa da.
Udalekin batera, enplegua bultzatzeko plana ere abian jarri duzue.
Eskualdeetako garapen agentziak edo agenteak ezinbestekoak dira lurraldea garatzeko. Eta horiei inportantzia eta protagonismoa eman nahi diegu. Milioi bat euro pasako lerro bat onartu berri dugu oraingo astean enplegu politikak sustatzeko eta bultzatzeko eskualdeetan. Nitxo berriak identifikatzen laguntzeko, eta abar.
Berriki jakin dugu Gipuzkoa dagoela ekintzailetasun tasaren buruan Euskal Autonomia Erkidegoan eta Espainian. Zergatik da hori?
Beti izan da ekintzailea hemengo jendea. Eta izan da ekintzaileagoa beste sasoi baten, kooperatibak aipatzea besterik ez dago, esaterako. Ekintzailetasun sen horri eusten dio gure izateko moduak. 2 milioi euroko partida bat aurkeztu genien orain dela gutxi, enpresa berria sortu eta lehenengo urteetan sendotzeko.
Langileek enpresetan duten parte hartzea bultzatzea bada zuen beste erronka bat. Ze alorretan bultzatu nahi duzue, jabetzan ere bai?
Bai, hori da helburua. Aurreko agintaldian hasi ziren asmo horiekin eta geuk indartu egin dugu egitasmoa. Izan ere, Europa mailan garatzen ari den egitasmo baten barruan gaude. Bai Jaurlaritza eta baita beste eragile batzuk ere badabiltza horrelako mezuak eta politikak bultzatzen.
Zergetan onurak izango dituzte parte hartzea bultzatzen duten enpresek?
Bai, hobari batzuk aurreikusten genituen, langileendako ez ezik, akzioak saltzen zituzten enpresendako ere bai. Hori zen gure proposamen fiskala. Baina ondoren etorri zen EAJk, PSE-EEk eta PPk bultzatu zuten erreforma fiskala eta desagertu egin ziren hobari horiek.
Langabeziak behera egin du azken hilabeteotan. Krisitik ateratzen ari garela igarri duzue?
Bai; oraindik ere egoera oso kezkagarria da. Modu ahulean igartzen dira tendentziak. Enpleguaren sorreran, diru sarreretan, ogasunean aurreikuspenak hobetzen ari direlako. Enpresen erronka da finantzazioa lortzea.
Gipuzkoan Ondasun Handien eta Aberastasunaren Zerga indarrean dagoelako beste lurralde batzuetara ihes egin duten enpresen berririk baduzue?
Ez. Mezu hori, gainera, okerra eta gaiztoa da. Ezin da mezu hori erabili helburu politikoekin. Datuek erakusten dute kontrakoa. Gipuzkoako enpresaburuek erakutsi dute elkartasun handia, eta, alde horretatik zoriondu nahi ditut. Lanaren zergak eta kapitalarenak orekatu nahi ditugu halako zergekin.
Hobera egin dute Adegiren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko harremanek?
Hobetu beharko lirateke, baina horretarako Adegik ere jarrera aldatu beharko luke. Haien batzar orokorrean mezu katastrofistak botatzea helburu politikoekin ez zaigu zilegi iruditzen. Harremanak baditugu, normalak dira, baina hedabideetan zabaltzen diren mezuak saihesten saiatu beharko genuke.
Jaso diren eskaintzekin gustura dago Foru Aldundia?
Fagorreko esparru, negozio edo enpresa batzuk bideragarriak direla argi geratu da. Eta azpimarratuko nuke jaso diren eskaintzek bermatzen dituztela lanpostuak. Hori da inportanteena. Eta, bestalde, ziurtatzea kalitatezko enplegua izango dela.
Landa Garapenari dagokionez, harremanak gaizto dira Diputazioaren eta baserritarren artean?
Uste dut erabili dituztela hedabideak haserrea adierazteko. Baina funtsik bako haserrea, nire ustez. Ezberdintasunak badaude, baina adostasunetara heltzen ari gara. Egurraren ustiapena garrantzitsua da, sektore ekonomiko bat dago hor. Baina pinuaren ordez beste espezie batzuk bultzatu nahi ditugu. Industria berritu behar bada, beste sektore batzuk ere, lehen sektorea, esaterako, berritu beharra dago. Hori da planteamendua.