Euskal ekoizleen 10.000 elikadura-produktu salgai dituela esan du Eroskik

Leire Kortabarria 2014ko uzt. 11a, 00:00

'Bertakoa delako' jardunaldiko une bat.

Euskal ekoizleen 10.000 elikadura-produktu ditu salgai Eroskik, urtero 400 milioi euro erosketetan, eta sektorean 2.350 lanpostu dakartenak; hori esan zuen Eroskiko zuzendari komertzial Eva Ugartek 'Bertakoa delako' izeneko jardunaldian, eguaztenean. 

Euskadiko 250 ekoizle batu zituen jardunaldiak, eta han izan zen ere Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordea, Bittor Oroz. Gaineratu zuenez, "esparru oso lokaleko" ekoizle txikien %15 produktu gehiago ditu salgai Eroskik gaur egun 2012an baino.

Jardunaldi horren helburua hauxe zen: Euskadiko bere hornitzaile nagusiekin topaketa egitea Eroskik, eta batera duten estrategia eguneratzea. Estrategia horren oinarria lehen sektorearen dibertsitatea bultzatzea da, kontsumitzaileari aukeraketa-askatasun handiagoa emateko.

Kontsumoan aditu Eric Nougayredek esan zuenez, euskal kontsumitzaileak "produktu fresko gehiago eta marka gehiago" eskatzen ditu. Etorkizuneko joera gisa aipatu zituen komertzio elektronikoa, lekuko produktua, produktu ekologikoa eta aukeratzeko askatasun erabatekoa.

Denda bakoitza, "plataforma irekia"

Eroskiko zuzendari komertzialak, Eva Ugartek, lekuko produktuen politika berria azaldu zuen. Eroskiren denda bakoitza "bere lurraldean ekoiztutako elikagaiak merkaturatzeko plataforma ireki" gisa definitu zuen, eta gogora ekarri zuen Jatorrizko Izendapenekin eta Babestutako Adierazle Geografikoekin elkarlan-akordioa duela Eroskik.

Eroskiren dendak bertan lan egiten dutenek gestionatzeko egin diren aurrerapausoak ere azaldu zituen Ugartek, eta Zurekin eredua nola zabaltzen dabiltzan ere azaldu zuen. Helburua da "denda bakoitza bere ingurunean integratuagoa" egotea, bertako produktu freskoei protagonismo handiagoa emanez.

Esan zuenez, Euskadiko 450 hornitzaile baino gehiagorekin dihardu Eroskik, 10.000 produktu komertzializatzeko.

Euskadiko "oso esparru lokaleko" 300 ekoizle txikiren ia 2.000 erreferentzia ditu Eroskik bere dendetan. 2012a ezkero, produktu horiek %15 gehiago saltzen dira, freskoetan urteko ia 31 milioi euroko salmentak eginez.

Elikadura iraunkorraren Eroski saria

Jardunaldiaren barruan, lurrari, ingurumenari, osasunari, animalien ongizateari eta lekuan aberastasuna sortzeari errespetua sustatzen duten ekoizleendako saria aurkeztu zuen Eroskik: hain zuzen, Elikadura Iraunkorraren Eroski saria. Bestalde, bukatzerakoan, Nirea Akordioa delakoarekiko atxikimendua sinatu zuen Eroskiko presidente Agustin Markaidek. Lehen sektorea biziberritzeko Eusko Jaurlaritzak duen programa da hori.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak