Azken hilabeteotan egindako lorpen eta esportazioen laburpena egin du Fagor Automationek prentsa ohar baten. Gogora ekarri du 30 urteko eskarmentua duela eta teknologia dela gaur egun, "inoiz baino gehiago, Fagor Automationen giltzarri nagusia". Teknologiari esker lortu du, bere esanetan, esportazio maila handitzea eta produkzioaren %90era ailegatzea.
Gogora ekarri du Hawaiin instalatuko duten eguzki-teleskopio handienak Fagor Automationek egindako zenbakizko kontrol sistemak erabiltzen dituzten makinekin egindako zehaztasun handiko piezak daramatzala.
Bestalde, azpimarratu du Gipuzkoan lanean dabiltzan 95 ikertzailek teknologiaren, ergonomiaren, diseinuaren eta segurtasunaren araberako irizpideak oinarri hartuz garatzen ditu Fagor Automationek bere produktuak.
Beste datu esanguratsu batzuk gogorarazten ditu Fagor Automationek: CNCtan –zenbakizko kontroletan- munduko bosgarren fabrikatzailea dela, Alemaniaren eta Japoniaren atzetik, eta orain dela gutxi merkaturatu duen CNC 8060 berriak prestazio sofistikatuagoak eskaintzen dituela mekanizazio eta torneaketa zentroentzat. Hain justu, produktu honengatik Fagor Automationek Aipamen Berezia jaso du Diseinuaren eta Berrikuntzaren Sari Nazionalean, Gehigarrien, Osagarrien eta Erraminten kategorian.
Kooperatibaren esanetan, zifrek "bide onetik doala erakusten dute". Mondragon taldearen barruan, Txinan kokatu zen bigarren enpresa izan zen. Gaur egun, 13 herrialdetan dago eta 2014rako duen negozio planak %10 gehiago salduko duela dio.