Xiaomi ala 'Apple txinatarrak', hirukoiztu ditu jada iazko salmentak

Jon Berezibar 2014ko uzt. 8a, 15:51

Apple txinatarra ipini diote gaitzizen bezala eta izenez bakarrik ez, zifretan ere gerturatzen dabil, aldea oraindik nabarmena bada ere, sagartxoaren handikiarengana. Xiaomi teknologia etxeak hirukoiztu egin ditu salmentak aurtengo lehen seihilekoan, 26 milioi gailu salduz. 60 milioi mugikor saltzea da urte amaierarako nahia.

2013an baino %267 mugikor gehiago saldu dute Xiaomikoek 2014an eta urte erdian besterik ez, gainera. Smartphone-ak oso prezio merkean egiteagatik da ezaguna Txinako enpresa eta, hain zuzen, jaioterrian gotortu da, merkatu biziki zatikatuan eta prezio baxuan, lehiakideen prestazio maila bertsuko gailuak eskainita. Etxeko merkatuan hazita, mugez haraindi, asmo sendoz abiatu dira txinatarrak. Hala, emaitzek oraingoz, 2014ko lehen seihilekoaren salmentak jakinarazi berritan, zabalkundean asmatu dutela erakutsi dute eta iazko kopuru oso jada aurtengo lehen hilabeteetan gainditua zutela ikusi da.

Xiaomiren mugikorrek Android-en oinarritutako MIUI sistema eragilea darabilte eta 2014 urtean 60 milioi mugikor gura dituzte saldu.

Telebistak ere fabrikatzen ditu Xiaomi etxeak eta aurkeztu berri duten katalogoan tabletak ere badakartzate, dagoeneko. Hala eta guztiz ere, eta hazkundearen ziztu biziko bilakaera ikusita, ematen du oraindik orain Apple, Samsung eta Lenovok Txinako merkatu erraldoian duten nagusitza ukitzetik urrun dagoela Xiaomi. Are urrunago, analisten iritziz, enpreson mozkin maila handitik, Xiaomik merke bai, baina fabrikazio kostuaren prezio berean ala apur bat txikiagoan saltzen dituelako gailuak eta etekinak software-a eta zerbitzuak salduaz datozkiolako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak