Korporazioaren "axolagabekeria" salatu dute Ordainduk eta Eskuratuk, atzera ere

Hedabideei helerazitako gutun baten bidez, Ordaindu plataformak eta Eskuratu Elkarteak beste behin ere eskatu diote Mondragon Korporazioari aurrezkiak itzul diezazkietela eta Fagor Etxetresnen eta Edesaren zati garrantzitsu bat bideragarri zela agerian geratu dela iritzita, korporazioaren "axolagabekeria" salatzen dute.

Ohar osoa:

"FEDaren likidazio prozeduran, zenbait enpresek: Cevital-ek, CNA-k, Ecomac-ek … Frantzian, Eskoriatzan, Bergaran, Garagartzan, San Andresen, Basaurin, eta beharbada Polonian kooperatibak dauzkan aktiboengatik aurkeztutako interesa eta eskaintzek, industri jarduerarekin jarraitzeko asmoz, erakusten dute denok genekiena, hau da: Fagor eta Edesaren zati garrantzitsu bat zela eta dela bideragarria, beti ere horretarako plan ekonomikoa, soziala eta finantziarioa aurkezten bada.


FEDaren konkurtsoaren prozeduran aplikatzen ari da gogorki eta hitzez hitz FEDaren bideragarritasun planean aurreikusitakoa.Beraz horra iristeko, ez zen beharrezkoa hainbeste buelta eman beharrik
Horrek frogatzen du argi eta garbi MCC eta FED-aren hanka sartze galanta eta beraien arduragabekeria Fagor-aren porrotean.Era berean arazo larri honetan arrazoia ematen zaigu zuzendaritza bi horien irizpideak partekatzen ez ditugun kooperatibako kideoi, azken batean FEDa eta Edesa jausten utzi zutenen axolagabekeria gupidarik gabe pairatzen ari garenoi.


FEDa eta Edesa salbatzeko plana mahai gainean jarri zenean, FEDaren zuzendaritzak, MCC-aren Kontseilu Orokorrak eta Batzorde Iraunkorrak eztabaidatu eta hasiera batean onartu zuten.Gogoratu behar zaie memoria gutxikoei Mondragon Korporaziokoen babesa argudio sorta, gure ustez oso ondo landuta, oinarriturik egon zela.Hau da: FEDaren tamaina korporazio barruan funtsezkoa denez bere jarduera bertan behera eten izanak eragin itzela eduki izan du.Eragin itzela enpleguan, 2000 kooperatibako kide langabezian geratu direlako, eta orokorrean kooperatiba guztietan. Era berean eragin negatiboa zor sozialean: lanik gabe geratu diren kooperatibakideen aurrezkien galerak, kide inaktiboen maileguen galerak.Eragin ere Koporazioaren kostuetan: MCC-ek FEDean egindako inbertsioak, Euskadiko Kutxaren finantziazioan… irudi korporatiboaren ospearen galera, Mondragon ereduaren konfdantza falta, baita eragile ekonomikoengan eta sozialengan ere; erakundeen eta partner-en arteko harremanen narriadura.Hortaz argudio sendo hauetaz baliaturik eta FEDa eta Edesaren zati handi bat bideragarria zela jakinik, Mondragon Korporazioak ontzat eman zuen FEDaren jarraipena.


Bat egiten dugu Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak esanekoarekin: kanpoko enpresentzat gure faktoriak bideragarriak badira zergatik ez MCCrentzat? Eta gainera guk diogu eredu kooperatiboa honen ona bada zergatik ez dugu mantentzen gure enpresetan?


Halan eta guztiz ere, hilabete batzuk igaro ondoren, goikoek, FED eta MCCkoen zuzendaritzakoek, inolako azalpenik eman gabe, azterlanik egin gabe eta kideei kontsultatu gabe kontrako ebazpena hartu zuten: FEDa jausten utzi eta Donostiako Merkataritza Epaitegian FEDaren likidazioa konkurtsoaren bideari hasiera eman izana.


Zer gertatu zen hain epe laburrean hau bezalako aldaketa izateko? Zeintzuk diren erabateko aldaketa honen azpian dauden benetako argudioak eta arrazoiak? Are gehiago erabaki honek , nahi eta ez, ekar litzakeen ondorio ekonomikoak eta sozialak jakinik eta FEDa eta Edesaren zati handi bat bideragarria zela jakinik zergatik izan dira baztertuak kooperatibako kideak funtsezko ebazpen hau hartzeko prozeduratik?
Gaur, ez kooperatibako kideei ezta gizarteari ere ez zaizkie ebazpen honen arrazoiak eman.


Argi gera dadila: zorigaiztoko ebatzi hau FED eta Mondragon Korporazioko goikoek bakarrik hartu zutela, kooperatibako kideok baztertuz. Beraiek, FED eta Mondragon Korporazioko goikoek, dira zoritxarreko erabaki honen erantzule bakarrak; beraiek dira guk eta gure familiak pairatzen ari diren ondorio lazgarrien errudunak: 2000 lagunen lanpostuetan eragina izan dutenak; kooperatibak iraun dezan bizitza osoaren aurrezkiak inbertitu zituzten lagun horiengan eragina izan dutenak.


Orain konkurtsoaren bidez eskubide eta aurrezki horiek ukatzen zaizkigu FEDa jausten uzteagatik, bere aktiboen balioa gutxitu egin delako.Izan ere beren balioa %66a jaitsi da: 800 milioi eurotik 272 milioi eurora, hain zuzen ere. Horren ondorioz, banketxeak eta herri administrazioak izango dira aktibo horien %100a eramango dutenak.Azken batean milaka eta milaka inbertsio-egile txikiek, produktuaren ezaugarriak ezagutu barik, pairatuko dute FEDaren menpeko zorraren jaulki izana.


Bien bitartean, Mondragon Korporazioa ibili da, alde batetik, propaganda gezurtia eta maltzurra erabiltzen esanez FEDaren langabetuak birkolokatzen ari dela; eta bestetik, ari da apropos ezkutatzen bere zorigaiztoko erabakiaren ondorio kaltegarriak kooperatibako kideen bizitza osoaren aurrezkietan, haietako asko hondamen egoerara eramanez.


Aurreztaile txikien gehiengoa jubilatuek osaturikoa da.Gainera batzuei merkatal maileguak kontratatzera behartu zitzaien eta beste batzuei aurrezpenen itzulpena eskatu zutenean ez zitzaien egin araututa zegoen moduan.Beraz kasu hauetan erantzuleen erruduntasuna oraindik larriagoa izan da.
Mondragon Korporazioari argi eta garbi esan nahi diogu: FED eta Edesaren likidazioarekin ez dela arazo hau amaituko; haiek duten erantzukizuna ez dela konkurtsoaren bidez zurituko eta irtenbide bat eman behar diotela egoera honi.


Behin eta berriro exijituko diogu Mondragon Korporazioari guk kooperatibari utzitako diruaren itzulpena.Kontuan izan dezatela."

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.