Droneen zirkulazioa eta baimentzea erregulatu du Espainiako Gobernuak

Jon Berezibar 2014ko uzt. 8a, 10:26

Droneen erabilpena erregulatzeko araudia kaleratu berri du Espainiako Gobernuak. Pilotatze lizentzia bat beharko da, edozein delarik ere, gailu hegalarien kontrolerako eta galarazita daude hiriguneen gainetiko hegaldiak. 25 kilotik gorako droneek erregistratuta eta plaka identifikatzaile batekin egon beharko dute.

Maiz gertatzen den bezala, legearen aurretik etorri da erabilera eta, zehazki, Espainian berantiarra eta zurrun antzekoa izan da droneen erabileraren arautzea. Urrutiko kontrol bidez pilotatuko ibilgailuen erregulaziorako hamaika eredu daude nazioartean eta araudiaren beharra geroago eta handiagoa da, gailuon gaitasun eta irismena egunik egun areagotzen baitabil.

Zehazki, Espainiako erregulazioari dagokionez, Gobernuak onartu berri duenak hiru motatako aerontziak bereizten ditu: 2 kilotik beherakoak, 25 kilora artekoak eta, hirugarrenik, 25 kiloz gaindiko ontziak. Pisuaz gain erabilera ere bada sailkapen irizpide eta Gobernuak droneak baimenduko ditu baldin eta horien erabilera ikerketa eta garapenerako, suteetarako, filmaketetarako ala zaintza jardueretarako erabiltzen badira. Aire-publizitatea ala larrialdietarako operazioak ere ezartzen dira baimenen artean. Galarazita geratzen da, jada indarrean diren legedi askotan bezalaxe, hiriguneen gainean hegaz egitea baina puntu horren garapen zehatza Europa mailako erregulazio orokor batek zehaztu beharko ei luke epe ertainera, eskuduntza maila horretakoa da-eta, izatez.

Azkenik, gailuen erregistroa ere ezarri da baina soilik 25 kilotik gorako droneen kasuan. Hori baino arinagoek ez dute erregistrorik beharko ezta aeronabigagarritasun ziurtagiririk ere. Hala eta guztiz ere, drone guzti-guztiek, salbuespen barik, plaka identifikatzaile bat beharko dute izan ageriko lekuren baten eta gidariek pilotu lizentzia bat, edozein, beharko dute. Puntu honetan ez da zehazten, ordea, modelorik arinenetan ere lizentzia beharko den ala ez. Merkatuan diren droneetako asko jostailuak dira ala aisialdirako erabiltzen dira, hain zuzen ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak