1. Zer kontatu gura izan duzu Toure protagonista duen hirugarren liburu honetan?
Sagako aurrekoekiko guztiz ezberdina den nobela bat egin gura izan dut. Lehena, 19 kamera, dokumentalagoa zen; 612 euro-n, umorearen alde egin nuen; eta azken hau beltzena da, gordinena, gogorrena.
2. Oraindik ezagutzen ez duenari, nola azaldu nor den Toure?
Bilboko San Frantzisko auzoko patera pisu baten bizi den afrikarra da. Iruzurti hutsa den arren, igarle boteretsua dela esango du, eta gero, pixkanaka, detektibe antzerako zerbait bihurtuko da.
3. Hain berezia den pertsonaia sortzeko, zein da lehen urratsa?
Orijinala izan gura nuen, horregatik bururatu zitzaidan gure artean bizi den afrikarra izatea. Gordintasuna eta umorea uztartuz, pertsonaia sinpatiko bat sortzen saiatu nintzen. Asko estimatzen dut Toure, beragan sinesten dut.
4. Nobela beltzaz gain, bidaia literatura lantzea ere gogoko duzu.
Lehen, nire liburu denak ziren era horretakoak eta nobela beltzarekin hastean ere, bidaia nobela beltzak ziren, atzerrian kokatzen nituen-eta. Azkenek ere ukitu hori dute: San Frantzisko Afrika txikia da.
5. Etxetik mugitu gabe bidaiatzeko liburu bat gomendatzekotan...
Ryszard Kapuscinskiren Ebano; barruraino heldu zitzaidan eta Afrika asko estimatzen dut, gainera.
6. Zu zeu, egon zara gura izan duzun leku guztietan?
Bai. Pribilegiatu bat naiz, bisitatu nahi izan ditudan leku guztiak bisitatu ditut: leku batera joateko gogoa izan dudanean, joan naiz. Azken bidaiak idazteko helburuarekin egin ditut.
7. Helmuga edozein dela ere, zer aholkatuko zenioke bidaiari bati?
Beti errespetuz jokatzeko. Jarrera izan dadila ezer egin edo esan aurretik begiratzea, aztertzea, oso erreza da-eta hanka sartzea. Tentuz jokatu behar da beti.
8. Idazteaz gain, baduzu beste gustuko jardunik: opera abestea, esaterako.
Idazlea eta bidaiaria baino lehen, musikaria izan naiz, sei urterekin hasi nintzen-eta. Inoiz ez dut izan ogibide, baina hamar urte daramat nahiko serio abesten, lehen Bilbon eta orain Nafarroan. Bakarka ere banabil; primeran pasatzen dut.
9. Heziketa Fisikoko ikasketak dituzu eta pianoa ere ikasi zenuen. Kirola eta kultura ez dira aurkakoak?
Ez horixe! Gehitu egin behar da, ez biren artean aukeratu. Oso tristea iruditzen zait bizitzan gauza bakarra izatea; bizitzak aprobetxatzeko gauza eder asko ditu.
10. Egongo da harrituko denik Basauriko batek euskaraz idazten duelako.
Hori ezjakintasuna da askotan: Basaurin milaka euskaldun daude, baina sakabanatuta.
----------
Makila magikoa baneuka: "Neuretzat erabiltzekotan, ondo ezkutatuko nuke, eta behar dudan egunean atera; izan ere oso zoriontsua naiz"