Debagoieneko saltokiak, beherapenetan murgilduta

Ubane Madera 2014ko uzt. 5a, 08:00

Gizonezkoa erakusleihoko eskaintzei begira, Arrasaten.

Gaur, zapatua, Bergarako saltokiek (Bedelkarreko kideek) atzera ere aterako dituzte euren eskaintzak kalera, beherapenei bultzada emate aldera. Ibili, aurkitu eta gozatu leloarekin, alfonbra gorriarekin hartuko dituzte bezeroak, gainera. Debagoieneko gainontzeko herrietako saltoki gehienek %20-%30eko deskontuekin estreinatu dituzte beherapenak.

Oraingo martitzenean hasi eta irailaren 30ean bukatuko dira udako beherapenak ofizialki. Eta Debagoienean ere bat egin dute udaberri-udako eskaintzak egiterakoan, datak errespetatzen. "SaltokigGehienak %30ekin hasi dira, eta aurrerago %40era eta %50era artekoak izaten dira", zehaztu du Aretxarteko Idoia Elexpuru ordezkariak.

"Hondarrak geratu ahala handitzen doaz beherapenak. Norberak ikusi behar ditu saltokitik atera gura dituen produktuaren ezaugarriak, eta, horien arabera, batzuetan beherapenak agresiboagoak dira. Hala ere, %20rekin-edo hasi dira gehienak", dio Arrasateko Ibai Arte merkatarien elkarteko Angel Alonsok.

Bergaran, asteburuan aukera

Bergaran, berriz, atzo (barikua) eta bihar gura diete eman bultzada beherapenei. Ibili, aurkitu eta gozatu leloarekin, Bedelkar dendari elkarteko saltokiek kalera aterako dituzte eskaintzak. "Denda ordutegian izango da, baina libre; hau da, eguerdian luzaroago jarraitu nahi duenak, ahal du. Saltzailea ahaleginduko da ohikoetatik apartekoak ere ateratzen. Norberak erabakiko du ze atera, zenbaterainoko deskontua…", kontatu du Bibi Anduezak, Bedelkarko presidenteak.

Irailean beste bi

Gainontzean, irailean egingo dituzte estilo horretako beste bi azoka. Handienak, Arrasateko Merkemerkauak, ez du data zehaztuta, baina irailean izango da. Aretxabaletako Ixadebaldek, berriz, bai: irailaren 13a. Oñatin, berriz, dendari elkartekoek nahiago dute urtean bakarra egin, otsailean; eta Eskoriatzako Axtroki elkartekoek ekaineko azoka aprobetxatuta atera zituzten bonuak.

Itxaropentsu, baina krisia…

Bien bitartean, itxaropentsu daude dendariak beherapenekin. "Ilusionatuta. Uste dugu onak izango direla", dio Ibai Arteko kideak.

Bergaran ere positibo samar dabiltza: "Iazkoarekin alderatuta eguraldi hobea izanak lagundu du; okerrago, behintzat, ez dabil izaten. Edozelan ere, uda bukatu arte ezin da seguru jakin. Baina jeneralean ez da ikusten jaitsiera handirik", dio Anduezak.

Hori bai, erosteko modua aldatu egin dela aitortu du, adibidez, Aranburu oñatiarrak. Eta hori krisiaren ondoren ikusi dutela dio: "Lehen, gutxiago begiratzen zen, eta kapritxoak errazago erosi. Orain ikusten da ez dagoela poz hori, eta, akaso, osagarri bat erosten da lehenagotik erabiltzen den jantzi hori erabiltzen segitzeko. Ezin delako, lanpostuak ez direlako horren seguruak, gastu asko daudelako. Adibidez, gazteek ez dute opor barik geratu nahi, edo hipoteka dago ordaintzeko, Fagorreko kontuak eragin handia izan du… Igartzen da, bai".

Bertan ikusi eta erosi

Bestalde, Debagoieneko dendari elkarte guztiek bat egiten dute mezu batekin: bertan erosi.
"Asteburuan Gasteiz eta hiriburuak hor daudela badakigu; baina astean egin dezatela begiratu bat herriko komertzioetan. Aukerak nonahi daude, herrian ere bai. Askotan, sartu egin behar dugu, ikusi, konprobatu", eskatu du Elexpuru aretxabaletarrak.

"Larregi mugitzeke herrian aurkitzen dira produktuak eta prezio onak. Baina ohitura handia dago kanpora joateko, Interneten begiratzeko… zaila da hori aldatzea. Hala ere, jendeak konparatzeko ahalegina eginez gero, sarri aurkituko du nahi duen prezioa eta produktua bertan", adierazi du Bedelkarko ordezkariak.

"Gazteak 15-16 urterekin hasten dira Gasteizera joaten. Zaila da hori aldatzea. Batez ere, egun-pasa joaten direlako, eta gero beti erosten da zerbait", dio Axtrokiko kide Nati Larrañagak.

"Arrasateko eskaintza oso handia da; gure ustez, duda barik, Debagoieneko zabalena. Guk esaten dugu 'hemen aurkitzen ez dena ez da existitzen'. Hori bai, zerbait oso esklusiboa gura izanez gero, gerta liteke hemen ez egotea. Baina saltoki gehienak kontsolidatuta gaude", borobildu du Alonso arrasatearrak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak