Halako argazki saioetara ohituta egongo zara honezkero.
Ez pentsa horrenbeste egiten ditugunik. Normalean, egunkariekin egiten ditugun elkarrizketetan argazkiak berehalakoan egiten ditugu, argazkilariak presaka ibiltzen direlako batera eta bestera. Baina duela ez asko Antxon Epelde argazkilariaz –hura ere Arrasatekoa– egon nintzen aldizkari baterako argazki batzuk egiten, eta gustura ibili ginen, ondo landutako zerbait izan zen, eta emaitza polita izan zen.
Gordorenak ere ikusgarri geratu dira [Publikatu aurretik argazki gutxi batzuk ikusteko aukera izan du].
Benetan direla ederrak, taldean ere erakutsi ditut eta jendea harrituta geratu da, ea nork egin dituen galdezka ibili dira. Gauzei denbora eskainiz gero, eta dedikazioa, emaitza ona izaten da. Halaxe lan egiten duen jendearekin kolaboratzen pozik ibiltzen naiz. Ondo gordeko ditut.
Tourrera begira jarriko gara; dagoeneko zure hirugarren edizioa izango da... hasierako ilusio hori galdu egiten da?
Ez, ilusioa ez da galtzen, baina bai hasierako egunetako urduritasuna. Asko kosta zitzaidan lehenengoz Tourrera joatea, profesional moduan egiten nuen zortzigarren urtean izan zen eta munduko lasterketa garrantzitsuenera joateko irrikan nengoen. Horrenbeste urtez itxaroten egotea luze egin zitzaidan, baina iritsi zen aukera. Orain ere ilusio galantarekin noa, baina dagoeneko ezagutzen dut lasterketa, eta horrek beste segurtasun bat ematen du.
Aurten ez dut ikusten taldean sailkapen orokorrera begira borrokan ibil daitekeenik. Podiumean egoteko ez, behintzat.
Ez, gauzak diren moduan, sailkapen orokorrera begira Haimar [Zubeldia] da indartsuen ikusten dudan taldekidea, eta ez diot Haimar laguna dudalako, sasoi onean dagoelako baizik. Akaso, azken urteotan gaizki ohitu gara; iaz, esaterako, Espainiako Itzulia irabazi genuen Hornerrekin, baina oraingoan beste helburu batzuekin goaz.
Gogoan dut lau lider zenituzteneko Tourra, Radioshacken.
Bai, baina orain beste proiektu batean murgilduta gaude. Gure helburu nagusiak apirilean izaten diren harbideko klasikoak dira, eta taldeko izarra Fabian Cancellara da. Babesle bakarra du taldeak, eta beste taldeekin alderatuta aurrekontua asko murriztu dugu. Hala, baditugu beste indargune batzuk, baina ez dugu, esaterako, Valverde edo Nibali moduko ziklistarik sailkapen orokorrean aurre-aurrean ibiltzeko.
Tourrean, bosgarren etapa zuen neurrira egina dago, Ypres eta Arenberg artekoa.
Iparreko klasikoen antza duen etapa bat da, Paris-Roubaix moduko bat, eta hori da taldeak duen helburuetako bat, Fabianekin [Cancellara] etapa hori irabaztea. Horregatik gaude harbideko klasikoetan ibili garen taldetik hiru ordezkari Tourrean [Danny Van Poppel, Gregory Rast eta Markel Irizar]. Etapa horretan garrantzitsua izango da erorikoetatik eta halakoetatik ihes egitea, seguru denetik egongo delako. Eta eroriko batek, esaterako, goitik behera baldintzatuko dituelako hurrengo bi asteak. Eta gero, aurreko urteekin alderatuta taldeak egungo egoerara egokitzen jakin beharko du, eta, esaterako, ihesaldiak bilatzen ahalegindu beharko dugu. Hau da, beste modu batean bilatu behar dugu protagonismoa, baina lider bakarrarendako lan egin beharko ez dugunez, urrunetik jotako ihesaldiengatik borrokatu ahal izango dugu askatasun handiagoz.
Zein da bederatziko horretan izango duzun rola?
Belgikako etapa horretan garbi dago, Cancellararendako egin beharko dut lan. Klasikoetako taldekook urteak daramatzagu elkarrekin lanean, ondo konpontzen gara eta ondo ezagutzen dugu elkar. Horrek asko errazten du lana. Gregory Rast eta biok lan iluna egiteko egongo gara, taldekideei laguntzekoa, eta posible denean ihesaldietan sartzeko borrokatuko gara. Danny Van Poppel esprint onak egiteko gauza da, nahiz eta badakigun Tourrean munduko esprinter onenak batzen direla. Eta schlecktarrak eta Haimar mendiko etapetara begira ibiliko dira gehiago. Gero, ikusi egin behar lasterketak ze norabide hartzen duen. Hori bai, nahiz eta sailkapen orokorrerako hautagai garbirik ez izan, ohorea da talde honekin Tourra moduko lasterketa batean egotea.
Sailkapen orokorrerako borroka horretan, zer-nolako lasterketa aurreikusten duzu? Contadorren eta Froomeren arteko borroka baino ez da izango?
Uste dut aspaldian ez moduan jendeak zalantza handiak dituela aurtengo lasterketari begira, eta hori ona da txirrindularitzarendako. Garaipenerako hautagai nagusiak dira bi horiek, duda barik, baina badago aurrean ibil daitekeen jende gehiago ere. Esango nuke orain momentuan Valverde Nibali baino indartsuago dagoela, eta murtziarra denok uste duguna baino indartsuago dagoela. Ez dut uste Contador edo Froome horren urrun dituenik. Eta lider horien taldeek egiten dutenaren arabera mugituko da lasterketa. Sailkapenean lehenengo hamarren artean ordezkari bat sartzea ere izango dugu helburu, eta Haimar ikusten dut hor egoteko gaitasunaz. Baina bai, pena da podiumagatik borrokatzeko ziklistarik ez izatea.
Frantziako lasterketa alde batera utzita, entrenatu eta lasterketak lehiatzeaz batera beste zeregin batean ere ibili zara azken urtean. Trek etxeko azken bizikleta garatzen. [Argazki saiora bizikleta berriaz etorri zen Irizar, modelo berriak Emonda du izena, baina bizikletan izena estalita du, aurkezpenera arte isilpean mantendu nahi izan dutelako dena. Aste barruan aurkeztu dute]
Bai, urte eta erdiko lana izan da, lan polita. Trek etxeak bizikleta talde profesionalaz aurrera egiteko asmoa erakutsi zuenean bi helbururekin izan zen: publizitatea lortzekoa eta bizikletak garatzekoa, materialak etengabe hobetzen joatekoa. Best in class esaldiak laburbiltzen du taldearen filosofia; hau da, onenak izatea. Horretarako diru kopuru handia inbertitzen dute bizikletak garatzen, eta munduan etxe gutxi daude halako baliabideekin lan egiteko gaitasuna dutenak.
Bizikleta garatzen urte eta erdi esan duzu.
Bai, 2013an hasi genituen bizikleta honen lehenengo testak, Kalifornian. Prototipoa sentsoreekin bete, eta zikliston ardura zen testak egiten joatea, bizikleta estutzea, beste modu batean esatearren. Ondoren, ingeniariek ikusten zuten koadroak non sufritzen zuen gehien, eta lau hilabete geroago test gehiago egin genituen, eta aurrerago gehiago... Horregatik diot marka gutxi daudela horrela lan egiteko gaitasuna dutenak.
Eta zelakoa da, bada, bizikleta berri hori?
Hasteko, merkatuko bizikletarik arinena egitea lortu dute, 4,6 kilo baino ez ditu! Eta aldi berean, kontraesankorra badirudi ere, oso bizikleta egonkorra da, segurtasuna transmititzen duena.
Erretratu hauek dira argazki saioak emandako adibide batzuk. Galeria, osorik, Aritz Gordoren argazki galerian.