Beirarentzako 40 edukiontzi gehiago jarriko dituzte Mankomunitateak eta Ecovidrio-k

Jon Berezibar 2014ko uzt. 2a, 19:00

Debagoienean beiraren birziklatze maila Euskadi osokoaren gainetik dago; biztanleko urtean ia 9 kilo gehiago batzen da, hain zuzen. Hondakinen bilketarako sistema berriek eragindako aldaketengatik, beharra handitu eta Mankomunitateak 40 edukiontzi berri ipiniko ditu Ecovidrio elkartearekin batera.

Bizkaia,  Arabako eta Gipuzkoako bataz-bestekoaren gainetik dago Debagoiena eta, hala, beiraren birziklatzen maila areagotzeko, artean ere, erraztasun gehiago eman gura die Mankomunitateak herritarrei edukiontzi gehiago ezarriz. Beira birziklatzeko beste 40 edukiontzi ipiniko dituzte hondakinak biltzeko sistema berriek ekarritako beharrak bultzatuta.

Hain zuzen, 2013an biztanleko 33,6 kg ontzi birziklatu zen Debagoienean – guztira, tona bitik gora –; EAEko bataz bestekoa 25 kg-koa denean. Gaur egun ibarrean 238 biztanleko edukiontzi bat dago, 263 guztira, eta beste 40 ipiniko dituzte.

Gehikuntza hau Estatu osoan beirazko ontzien birziklatzea kudeatzen duen Ecovidrio irabazirik gabeko elkartearekin batera bideratuko du Mankomunitateak. Gogorarazten dutenez, jasotzen den beiraren %100 birziklatzen da baina, azpimarratzen dute, edukiontzi berdeetara soilik beira botatzea dela garrantzitsua eta ez zeramika, plater ala kristala, adibidez. Hala, 3.000 botila birziklatuta, tona bat gutxiago joaten da zabortegietara eta airearen kutsadura %20 murrizten da, emandako datuen arabera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak