Merkealdia ondo aprobetxatzeko aholkuak

Ubane Madera 2014ko uzt. 1a, 07:00

Gaur, martitzena, hasi dira udako beherapenak. Euskal Autonomia Erkidegoan irailaren 30era arte iraungo dute.  Edozelan ere, gaur egun, legez, saltoki bakoitzak gura duenean egin ditzake eskaintza bereziak.

Kontuak kontu, errealitateak erakusten du batzuk lehenago hasi arren ere, beherapen sasoian saltoki gehienek (guztiak ez esatearren) bat egiten dutela beherapenak eskaintzeko.

Eta horren jakitun, EKAK (Euskal Kontsumitzaileen Elkarteak) "arrazoizko jarraibide batzuk" eta "aholkuak" helarazi ditu merkealdia ahalik eta egokien aprobetxa dezagun.

Aholkuak

Hona hemen EKA-ren aholkuak.

Erosketa zerrenda eta aurrekontua.

Lehen urratsa aurrekontu bat eta erosketa zerrenda bat zehaztea da, aurretik behar edo nahi ditugun produktuak eta gure ekonomiak erosketa horretarako uzten diguna ere ondo pentsatuta.

Kontuz txartelarekin.

Kreditu edo debitu txartela erabiltzen badugu, zentzudun gastu muga bat ere ezarri behar da, izan ere txartelarekin ordainduz eskudiruarekin baino gutxiago konturatzen gara egiten ari garen gastuaz. Jakin behar da ere bai beherapenetan saltokiek txartelarekin ordaintzea uka dezaketela, horixe nabarmenki ohartarazita.

Ondo erreparatu etiketari, prezio bikoitzari.

Karteletan iragartzen diren deskontu deigarriak ez dira beti saltokiko produktu guztietan ezartzen. Ondo begiratu behar dugu beraz gura dugun artikuluaren etiketa, zeinek merkealdiko salneurria zein aurrekoa (edo ezarritako deskontu portzentaia) azaldu behar dituen.

Kalitatea ere ikusi.

Beherapenetan saltzen diren artikuluek ezin dute akatsik eduki eta salgai egon behar izan dira merkealdia hasi baino hilabete lehenagora arte gutxienez. Produktu akastunak soilik saldoetan edo likidazioetan sal daitezke, ez merkealdian. Hala ere, erosi aurretik komeni da begiratu bat ematea hutsunerik ez dagoela egiaztatzeko.

Bermeetan murrizketarik ez onartu.

Merkealdian Bermeen Legea ez doa oporretara. Produktu berriek bi urteko bermea izaten jarraitzen dute, eta bigarren eskukoek, urtebetekoa. Idatzizko edo eustarri iraunkorreko bermea beharrezkoa da bizitza luzeko produktuetan (etxeko elektrotresnak, erremintak, altxariak, jostailuak, instrumentuak, ibilgailuak...).

Artikulua aldatzeko edo itzultzeko aukeraz galdetu.

Merkealdian zein denboraldi normalean merkatariak erositakoa aldatu edo dirua itzuli behar du soilik produktuak akatsen bat badu edo saltokiaren edo produktuaren publizitatean kontsumitzailearen aldetik zuzenespen beharrik gabeko aldaketa edo diru itzulpena iragartzen badira. Soilik etxez-etxeko salmentan egindako erosketa atzera bota dezake kontsumitzaileak (7 egun naturaleko epean) arrazoirik eman gabe. Dena dela, produktu bat erosi baino lehen komeni da ondo egon arren alda daitekeen galdetzea, merkatari askok hori onartzen baitute.

Tiketa hartu eta gorde.

Erosketaren tiketa edo frogagiria hartu eta gorde egin behar dugu beti, izan ere ezinbestekoa da erreklamazio bat aurkezteko, adibidez produktua akastuna delako edo ondo ez dabilelako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak