Izaskun Landaida: "Uste dut emakume denok nabaritu dugula genero diskriminazioa"

Txomin Madina Milikua 2014ko uzt. 3a, 00:00

Izaskun Landaida.

1995ean sartu zen zinegotzi moduan Ugaoko Udalean, eta 2007tik 2013ra bertako alkate izan ostean, duela urte eta erditik Emakundeko zuzendaria da.

1. Ez gaude ez martxoaren 8aren, ezta azaroaren 25aren bueltan ere.Ohikoa da Emakundeko zuzendaria elkarrizketatzea?

Zorionez gero eta interes gehiago sortzen dute berdintasunarekin zerikusia duten gaiek. Gure helburua berdintasuna urteko 365 egunetan lantzeko aukera eta beharra dagoela adieraztea da. Beraz, zorionak horrela ikusten duzuenoi.

 

2. Kontziliazioak, zenbat du utopiatik?

Ez dut uste utopia denik, baina erreza ere ez da; neurri baten gure gizartearen eredua aldatu behar da. Etxekoena, enpresena eta administrazioarena, denon inplikazioa behar da. Ziur nago denok helburu berdinarekin lan egiten badugu hobetzeko aukera dugula.

 

3. Egiten denaz gain, zer gehiago egin daiteke genero indarkeriaren kontra?

Funtsezkoa da indarkeriaren erroan emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eza dagoela identifikatzea. Balioak  aldatzeak garrantzia handia du eta hausnarketa denok egin behar dugu, norberak bere erantzukizuna du-eta.

 

4. Genero kuotak: alde edo kontra? Zergatik?

Urteek eta zenbakiek diote berdintasuna ez dela berez lortuko. Neurriak hartu behar dira, bestela, aski prestatuta egon arren,  emakumeak ez dira esparru konkretu batzuetan inoiz egongo.

 

5. Bada genero politikak gizonekiko baztertzaileak direla salatzen duenik...

Datuei erreparatuta, bertan behera geratzen da argudio hori. Berdintasunaren alde egiteak, gure gizartea beste era batera antolatzeko proposamena egiten du: aldaketak suposatzen ditu, baina ez du inor baztertzen. Erreakzio horretan pribilegioak galtzeko beldurra dago.

 

6. Erraza da sektore pribatua berdintasun politiken onurez konbentzitzea?

Hor ere gauzak aldatzen doaz, baina egia da gauza asko egiteko daudela. Horregatik mantentzen ditugu enpresendako diru laguntzak, eta materiala ere sortzen dugu. Aipatzekoak dira berdintasun ziurtagiria lortu duten 94 enpresak, beste batzuentzat eredu bihurtu nahi ditugunak. 

 

7.  Zuk zeuk, sufritu izan duzu genero diskriminaziorik? 

Uste dut emakume denok, momentu baten edo bestean, era batera edo bestera, nabaritu dugula. Hau onartzea ez da erraza, ikasitakoa zalantzan jartzea suposatzen duelako eta beste era batera jokatzera behartzen zaituelako. Prozesu bat da, aberasgarria, norberaren ahalduntzea landu behar da-eta. 

  

8.  Politikari izateko garai onak dira?

Garai onenak, agian; ikustarazteko politika gizarteari zerbitzu bat egiteko dela; eta garai hauetan lanarekin, konpromisoarekin eta inplikazioarekin gauzak hobetzen saiatzeko gaudela. 

  

9. Ikusiko dugu inoiz emakumerik Lehendakari?

Emakumeen boto eskubidea lortzeko, 100 urtetik gorako lana egin behar izan zen. Berdintasunaren inguruko egoera aldatzeak denbora asko darama: norberaren balioak, sinismenak eta jarrerak aldatu behar dira, ikasitakoa berrikasi. Emakumeak Lehendakari izateko prestatuta daude, soberan; gizartearen sinesmenak eta balioak dira aldatu beharrekoak.

  

10. Imajinatu arratsalde oso bat inongo ardurarik barik duzula. Zertarako aprobetxatuko duzu?

Zibilizaziotik kanpora joan eta naturaz gozatzeko; adibidez, Gorbeiara joateko. Ibilbide horretan etxekoen konpainia badaukat, primeran.

----------

Makila magikoa baneuka...: "Berdintasuna oinarri duen gizarte bat eraikiko nuke, argi utziko luke-eta gizarteko kide guztion onerako dela"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak