Energiaren Euskal Erakundearen –Eusko Jaurlaritzaren energia gaietarako agentzia– Hidrocarburos de Euskadi (SHESA) enpresak eta Petrichor Euskadik duela hiru urte eskatu zuten Sustraia eremuan ikerketa egiteko baimena –baimenak hidrokarburoen ikerketarako dira; denek ez dute zertan fracking aukera aztertu.
Sustraia deituriko eremuak Debagoieneko azaleraren zati handiena hartzen du –Mirua izenekoak ere bai Aramaioko eta Leintz Gatzagako lurrak–, eta Eusko Jaurlaritzak baimena emateak –berari dagokio– lekarkieke aipatutako enpresei zundaketak egiten hasteko aukera, haustura hidrauliko teknika (fracking-a) bitartez lur azpitik gasa ateratzearen bideragarritasuna –askotariko ikuspuntuetatik begiratuta– aztertzeko.
'Fracking'-a zer den
Presio handiko fluido baten bidez harri-geruzak hausteko prozesua da fracking-a. Euskal Herrian 2011n hasi zen, oro har, teknika horren berri entzuten, orduko lehendakari Patxi Lopezek Texasen –Ameriketako Estatu Batuetara egiten ari zen bidaia batean– iragarri zuenean Euskadi 60 urtez hornitzeko adinako gas erreserba dagoela Araban, lur azpian, sakonera batera –aurreko Jaurlaritzek ere landu omen zuten gaia–. Gas ez konbentzional deituriko bati buruz ari zen lehendakaria, eta fracking-a da hura lur azpitik ateratzeko erabiltzen den teknika.
Harkaitzean –arbelean, adibidez– txertatuta egoten da gasa –ez, ohi bezala, lur azpiko poltsetan–, eta fracking teknikarekin lurra zulatu egiten da, gasa duen geruzara iristeko. Bertatik barneratzen da fluido bat urez, hareaz eta gai kimikoz osatua, presio handian, harkaitza zartatu eta gasa aska dadin.
Aldekoak baditu
Ingurumenaren, osasunaren eta segurtasunaren alorretan eragin ditzakeen kalteak direla-eta, badira fracking-arekiko errezeloak agertu dituzten eta haren erabileraren kontra eragitea helburu hartu duten taldeak; kontrara, bada ikertu behintzat egin behar litzatekeela uste duenik, eta, areago, teknika aplikatzeari ondo leritzokeenik ere.
Euskadiko, Nafarroako, Errioxako eta Soriako Meatzeetako Ingeniari Teknikoen Elkargo Ofizialeko Gobernu Juntako kide Iker Gartziaren iritzia da, adibidez, "ikertzeko helburuz zundaketak egitea denon onerako" litzatekeela, "hor behean zer dagoen" jakiteko.
Emaitzak esku artean, kontua onurak eta eragozpenak balantzan jartzea litzatekeela dio; gauzak ondo eginez gero arazorik ez legokeela iradokitzen du, AEBetako esperientziari buruz honela mintzatuta: "AEBetan, ondo ikertu diren eta gauzak ondo egin diren ustiategien kasuan ez dira arazoak ematen ari; gauzak aztertu egin behar dira eta kontrolatu egin behar dira, ondo egin daitezen: gauzak ondo eginez gero ez dago beldurrik zertan izan".
Eta dio ondorengo gai kimikoak nahasten direla urarekin eta harearekin, hausturarako: azido klorhidrikoa, azido zitrikoa, glutaaldehidoa, amonio bisulfitoa eta etilen glikola, besteak beste; gaineratuz gaiok ez direla, oro har, kaltegarri ingurumenarentzat, "nahiz eta badaitekeen gaietakoren bat toxikoa izatea"; baina joera omen da gero eta gehiago "produktu ekologikoak eta biologikoak" erabiltzea, "batere eraginik ez dutenak".
Are baikorrago mintzo da SHESAko –Debagoienerako zein beste hainbat eremutarako ikerketarako baimena eskatu duen enpresa– geologo Juan Gartzia Portero berriki egindako hainbat adierazpenetan –toki desberdinetan eginak–: "Iritsi da eta geratu egingo da", adierazi du fracking-az. Milaka lanpostu lekarzkeela eta hausturarako erabiltzen den fluidoak akuiferoak ez lituzkeela kutsatuko dio, hodietan joan ohi delako gasa duen harkaitzeraino, eta harkaitzaren eta akuiferoen artean 1.000 metroko distantzia egon daitekeelako, gainera.
Erabilgarri legokeen gas kopuru handia aipatzen du, eta, "iraultza energetikoa" ahotan, beste herrialde batzuetako gasarekiko –kasu gehienetan mendebaldekoak ez direnak– menpekotasuna txikitzea lekarkeela gaineratu, kanpokoaren beharrik batere ez izatera iristeraino zenbait kasutan, dioenez, AEBetan gertatuko omen den moduan. Horrela, Europan gasaren prezioa asko igo den bitartean, AEBetan asko jaitsi dela dio, gas ez konbentzionala ateratzea garestiagoa izan arren, kopuruak handiak izatera balantzea oso baikorra delako. Kontinente zaharrean, Britainia Handia eta Polonia izendatzen ditu "iniziatiba hartzen" ari diren herrialdeei buruz diharduela.
Kontrakoak ere bai
"AEBetan hasi ziren, baina sekulako protestak eta mugimendu handiak –nahiz eta hemen haien berri eduki ez– izan dira, eta badirudi orain ahulduta dagoela teknika hori", dio Fracking Ez ekimeneko Maritxu Goikoetxeak, Polonia ere aipatuz, baina justu egindako apustuaren zentzugabekeria azpimarratzeko: "Zulatzen ari diren neurrian ikusten ari dira kopuruak ez direla hainbestekoak, eta eragindako kalteak ikusita ohartzen ari dira ez duela merezi"; herrialdean ezarri ziren konpainiak alde egiten ari omen dira. Aurrez aipatutako balizko onurak gezurtatu eta fracking-aren kontrako mugimenduaren arabera teknikak dituen eragozpen ugariak azaleratzen ditu, Bergarako Agorrosinen jarri duten erakusketa erakusten duen bitartean.
Fracking-ean "500 elementu toxiko" erabil daitezkeela dio, baina zeintzuk diren jakiterik ez dagoela, "sekretu industrialagatik": batzuk ezagutzen ei dituzte gaixotutako pertsonei, hildako animaliei eta etxeetako urari azterketak eginda; etxe bateko txorrotako urari pospoloa jarrita sua darion argazkia –ura gasarekin nahastearen ondorioz– dago erakusketan. Gai toxikoak urarekin nahasten direla frogatu omen dute hainbat ikerketa zientifikok AEBetan –nahiz konpainiak diruz saiatu kaltetuak isilarazten, diotenez–; airera metano ihesak izan direla ere bai. Gas konpainia bat kondenatu duten lehen epaia ere eman ei da han.
"Putzu bakoitzeko 32 milioi litro ur" behar izatea, sortutako lohiak birziklatu ezina –adibidez uholdeekin haien gai kutsakorrak zabaltzeko omen dagoen arriskuarekin– edo lurren okupazio handia –lehen sektorea ahularaziz, besteak beste– ere aipatzen ditu Goikoetxeak, fracking-a geratu beharra arrazoitzeko.
----------
Alderdietan, askotariko iritziak
Energiari buruzko lantaldean agerraldia egin dute astean Fracking Ez taldeko kideek. Ondoren, lantaldeko PSEko kide Natalia Rojok, adibidez, adierazi zuen balizko energia iturri berri baten aurrean, "arduraz jokatzea" litzatekeela iturri hori baden edo ez aztertzea, eta "edozein arriskuren aurrean" erabakiak ezezkoa behar lukeela gaineratu. EH Bilduko Dani Maeztuk, berriz, zioen fracking-a "ihesbide faltsu" bat dela egungo arazo energetikoaren aurrean. Lantaldetik kanpo, Iñigo Urkullu lehendakariak berriki esan du Jaurlaritzak ez duela emakidarik egingo, ingurumen arauak "erabat" betetzen ez badira. PPk, berriz, Legebiltzarrean fracking-aren debekuaren aurka bozkatu zuen, baina gerora fracking-aren kontra agertu dira Gipuzkoako Batzar Nagusietan.
----------
Ia Gipuzkoa erdirako baimen eskariak
Gipuzkoako azaleraren %40rako daude eginda baimen eskariak. Besteak beste, hori ikusita jarri dute martxan hemen ere Fracking Ez taldea –aurreko astean aurkeztu zuten–. Aurreneko egiteko bezala, Legebiltzarrean Herri Ekimen Legegilea aurkezteko sinadurak biltzen ari dira –gainerako taldeekin–; horrekin nahi dute Erkidegoan fracking-a debeka dadin lortzea, Nafarroan, Kantabrian, Errioxan eta Katalunian bezala. Konstituzio epaitegiak, dena den, astean ebatzi du, Espainiako Gobernuak jarritako helegitea onartuz, erkidegoek ez dutela halako debekurik ezartzeko eskumenik. Ebazpena ezagututa, Fracking Ez-ek adierazi du "gaur atzo baino zentzu handiagoa" duela sinadura kanpainak. Fracking-a martxan jarri aurretik geratu behar dela diote, bestela, gero, behin hasita, "oso zaila" izango dela.

