Txirrindulari gehiago, baina ez nahikoak

Gizonezkoa bizikletan, Arrasate-Oñati bidegorrian.

Bidegorrietan bizikletaz gero eta bidaia gehiago egitea, horra hor Gipuzkoako Foru Aldundiak duen erronka eta, oraingoz, bete ez dena, 2013ko datuek, berrienek, erakusten dutenez.

Gipuzkoako herri arteko tramuetan ipinitako kontagailuek emandako datuen arabera, 2011tik 2013ra bitartean %5,5 txirrindulari gehiagok erabili zituzten bidegorriak, baina, denetara, txirrindularien kopurua oraindik marjinala da: erabiltzaile guztien %28 bakarrik (iaz, 889.000, zenbaki borobiletan). Oso antzera gertatzen da kontagailuak dituzten Debagoieneko tramuetan: Eskoriatza-Aretxabaleta ibilbidean, iaz erabiltzaileen %19 izan ziren txirrindulariak; Soraluze-Mekolalden, %32; eta Antzuola-Bergaran, %17.  

Debagoieneko tramuetako erabilera datuei begiratuz gero, atentzioa ematen du neurtutako hiruetatik bitan Gipuzkoako batez bestekoa baino nabarmen gehiago txikitu dela erabilera azken bi urteotan. Salbuespena Eskoriatza-Aretxabaleta tramua da, izan ere, hor 186.879 joan-etorri egin ziren iaz, aurreko urtean baino 5.791 gutxiago baina 2011n baino 44.758 gehiago; Soraluze-Mekolalden, berriz, nabarmen egin du behera kopuruak 2011 ezkero, izan ere, 182.405 joan-
etorri izan ziren iaz denetara, 2012an baino ia 7.000 gutxiago eta 2011n baino 40.425 gutxiago; eta Antzuola-Bergara tramuan, iaz 46.098 bidaia egin ziren bizikletaz eta oinez, 2012an baino 11.560 gutxiago eta orain hiru urte baino 12.224 gutxiago.

Datuak zertxobait hobeak dira bizikletazko bidaiez hitz egiten badugu. Hala, Soraluze-Mekolalde tramuan asko handitu da azken urteotan bizikletaz egindako joan-etorrien kopurua: 2011n, bidaien %18 izan ziren bizikletaz; 2012an, %23; eta iaz, %32. Eskoriatza-Aretxabaleta tramuan, 2011n baino %4 bidaia gutxiago egin ziren bizikletaz; eta Antzuola-Bergaran, datua %17ren bueltan egon da hiru urteetan, bilakaera positiboa hortaz, baina Gipuzkoako batez bestekoaren (+%5) azpitik hala ere. Edozein modutan, Gipuzkoako batez bestekoa baloratzeko orduan, kontuan hartu behar da txirrindulariek asko erabiltzen dituztela bereziki tramu batzuk. Adibidez, Endarlatsan, bidaien %60 izan ziren iaz; Zumarraga-Azkoitian eta Tolosa-Alegian, %44 eta %43, hurrenez hurren; eta Astigarraga-Martutenen, %35.

Erabiltzaileak, pozik 

Kontagailuez gain, inkesta bidez ere batu ditu datuak Mugikortasun Foru sailak. Debagoieneko tramuak nabarmentzen dira hor, izan ere, balorazioa eskatu da hainbat tramuren inguruan eta, horietatik, erabiltzaileek ondoen baloratutako tramua Eskoriatza-Aretxabaleta izan da (hamar puntutik 8,2 eman zioten erabiltzaileek; Gipuzkoako batez bestekoa 7,7 izan da), eta laugarrena, Soraluze-Bergara, 7,6 punturekin. Bakarrik txirrindularien balorazioa kontuan hartuta, Eskoriatza-Aretxabaletak ere puntuazio handiena lortu zuen, 8,1; eta Soraluze-Bergarak, hirugarren onena, 7,7. Batez bestekoa 7,6 izan zen.

Euriak eragina izan du 

Datu orokorrak hartuta, 2012tik 2013ra erabiltzaile gutxiago izan zituzten Gipuzkoako bidegorriek: hain zuzen, %1,4 gutxiago. Hala, 2012an, 3.264.576 bidaia egin ziren, eta 2013an, 3.211.592, batez beste 8.823 bidaia eguneko. Foru Aldundiko Mugikortasun eta Bide Azpiegituren sailak esaten duenez, "kontuan hartu behar da 2013. urtea oso euritsua izan zela, 2012a baino %41 euritsuagoa". 

Dena dela, 2013ko datua azken bi urteotakoen antzekoa da eta bidegorrien erabilera kontsolidatu egin dela aditzera ematen du; izan ere, 2008an kontagailuak ipini zirenetik, oinezko bidaiak %60 ugaritu dira, eta bizikletazkoak, bikoiztu baino gehiago. Erabilera gehien handitu zen 2008tik 2011ra bitartean. 

Esandako datuak Gipuzkoako Bizikleta Bideen Foru Sareko 17 bideri dagozkie, hain zuzen kontagailuak dituztenei. Debagoienean herri arteko tramu gehiago dago bukatuta, baina oraindik ez dute kontagailurik.

%83, gizonezkoak 

Bidegorrian bizikletaz gero eta gehiago ibiltzera animatzeaz gain, zehazkiago, bidegorriak eguneroko joan-etorrietarako erabiltzera animatzea da Foru Aldundiaren helburua; hain zuzen, derrigorrezko mugikortasuna delakoa bidegorriz gero eta gehiago egitea gipuzkoarrek. Gaur egun, bizikletaz egiten diren bidaia guztietatik %29 daude derrigorrezko mugikortasunarekin lotuta, hau da, lanera joateko, erosketak edo gestioak egiteko… 

Beste datu deigarri bat hau da: bizikletazko joan-etorriak batik bat gizonezkoek egiten dituzten arren (txirrindularien %83 dira gizonezkoak), eguneroko gauzetarako emakumeek erabiltzen dituzte gehienbat bidegorriak. Hala, bizikletazko joan-
etorriaren arrazoia galdetzerakoan, emakumeen %23k esan zuten lanerako zela (gizonezkoen %18k); gestioak, bisitak edo erosketak egiteko, emakumeen %13k (gizonezkoen %3k); eta ikasketetara joateko, emakumeen %7k (gizonezkoen %5ek). 

Gizonezkoek emandako arrazoi nagusia kirola egitea izan zen (gizonen %48k erantzun zuten hori, eta emakumeen %19k); eta emakumeen kasuan, aisialdia edo paseatzea (emakumeen %39k esan zuten hori, eta gizonen %26k).

Lanera, bizikletan 

Bidegorriak eta bizikletak "mugikortasun tresna garrantzitsu bihurtzeko", Aldundiaren esanetan, Bizikletaren Estrategia aurrera eroan nahi du Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako Foru sailak. Izan ere, "Europako beste lekuetako portzentajeetatik oso urruti" dago oraindik Gipuzkoa: "hainbat lekutan mugikortasunaren %20 bizikletaz egiten da eta, hemen, %2,4".

2014tik 2022ra bitartean egingo da plana. 2015erako, kudeaketa plana egingo du Aldundiak.

Lehenengo pausoetako bat Debagoienean eman dute: Foru Aldundiak eta Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Oñatiko udalek "esperientzia aurreratua" ipiniko dute martxan, lantokietara joan-etorriak bizikletaz edo oinez egitera animatzeko. Proiektu horren aurkezpenean Arrasateko alkateak, Inazio Azkarragaurizarrek esan zuen moduan, "Debagoienean eta Gipuzkoan, egunero sortzen diren joan-etorri gehienak (%36 inguru) lanak eraginda derrigor egin beharrekoak dira, eta horietatik erdiak 7,5 kilometro baino laburragoak dira, eta beraz, oinez edo bizikletan egingarriak". Horretara animatzeko kanpaina egingo dute lau erakundeek. Proiektuak 30.000 euroko aurrekontua dauka.

Udalekin eta Foru Aldundiarekin hainbat enpresa batzartu ziren proiektuaz hitz egiteko; zehazki, hauek: Auzo Lagun, Copreci, Chinchurreta, Elektra, Fagor Automation, Fagor Electronica, Jose Arana egoitza, Lagun Aro, LKS, S. Carrascal, Ternua eta Tete de la Course.

26.680 metro egiteko 

Hrri barruko sareari ere bultzada eman gura dio Foru Aldundiak. Horretarako 250.000 euro banatuko ditu laguntzatan, eta partida handiena –35.600 euro– Bergarak izango du, merkatuko bidegorri tramua egiteko; Aretxabaletak 7.920 euro jasoko ditu herriko bidegorriaren proiektua idazteko; eta Arrasatek, 7.000 euro, Anboto kaleko zatia egiteko. Debagoieneko udal sarea 15.785 metro luze da, eta horietatik 6.708 daude eginda, eta 9.077, egiteko.

Hori, Gipuzkoako Bizikleta Bideen Oinarrizko Udal Sareari dagokionez. Debagoieneko herrien arteko loturak Gipuzkoako Bizikleta Bideen Oinarrizko Foru Sarearen zati dira, bi ibilbidetan banatuta: Debarroa ibilbidea, Gipuzkoako sareko 4.a; denetara, 45.165 metro bidegorri. Honako tramuak bukatuta daude: Soraluze-Bergara (4.032 m), Aretxabaleta-Eskoriatza (1.699 m), Eskoriatzako zeharbidea (1.365 m) eta Elorregi-Oñati (5.912). Hauek gelditzen dira bukatzeko: Bergara-Elorregi (142 m eginda, 2.948 m planifikatuta), Elorregi-Arrasate (1.700 m eginda, 1.078 planifikatuta), Arrasate-Aretxabaleta (1.251 m eginda, 73 planifikatuta), Eskoriatza-Arabako muga (858 m eginda, 17.931 planifikatuta), Bergara-Antzuola (1.526 m eginda, 939 planifikatuta), Arrasate-Arrasate (Gesalibar) (2.487 metroak planifikatuta) eta Leintz Gatzaga (1.224 metroak planifikatuta). Hortaz, Debagoieneko herri arteko loturetan, 18.485 metro bidegorri daude eraikita eta 26.680 gelditzen dira egiteko. 

Bergara-Elorregi zatia urte bukaerarako eginda nahi du Foru Aldundiak, eta Bergara-Antzuola, legealdi bukaerarako. Ekainaren 11n ekin zion Aldundiak Bergara-Elorregi tramuaren lehen faseko obrak lizitatzeko prozedurari. 2,6 kilometro hartuko ditu eta lau metro zabal izango da. Bergarako Ibarra kale bukaeratik Tavesaren lurretaraino joango da, eta zati handiena Maltzaga eta Gasteiz arteko trenbide zaharretik egingo dute. BEZ barne, milioi euro pasako aurrekontua du, eta lau hilabetean eginda egon beharko litzateke. Behin obra hori bukatuta, Elorregitik Arrasatera eta Oñatira doazen tramuekin Bergarakoa lotzeko 500 metroko tramu bat bakarrik geratuko da egiteko.

Debagoienetik pasatzen den beste bidegorria, Gipuzkoako 6. ibilbidea, Beasain-Bergara ibilbideko Bergara-Urretxu bidegorria da. Hori 17.424 metro luze izango da; Debagoienetik 14.224 pasatzen dira. Horietatik 6.000 daude erabilgarri, Bergarako Udalaren jabetzarenak.

----------

Unai Erroitzenea (Mugikortasun foru zuzendaria): "Bidegorri tramu berriak egoteak erabilera banatzen lagundu du"

Nola baloratzen dituzu 2013ko erabilera datuak? Balorazio orokorra oso positiboa da. Lurraldean, 3.211.000 joan-etorri egin ziren gure bidegorri sarean, eguneko 8.823, eta %28 bizikletaz. Kopuru totalak alderatuta, %1,6 jaitsi zen, baina iazko urtea aurrekoa baino %41 euritsuagoa izan zen.

Bizikletazko erabilerak beste bultzada bat behar duela dirudi. Bai. Gipuzkoa aitzindari da eta gauzak lortzen ari da. Hala, 2008tik hona bikoiztu egin da bizikletazko joan-etorrien kopurua; baina urruti gaude Europan aitzindari diren herrialdeetatik.

Tramu batzuetan askoz gehiago ibiltzen da jendea bizikletaz beste batzuetan baino. Zergatik? Bidegorriaren izaeraren arabera eta distantzien eta lotzen dituen guneen arabera, askotan bizikleta gehiago erabiltzen da eta egunerokoarekin lotura handiagoa dute tramu horiek; beste tramu batzuek aisiarekin lotura handiagoa dute. Askotariko faktoreak daude.

Ondoen baloratutako tramuak zergatik daude hain ondo baloratuak? Sare orokorra oso ondo baloratua dago: batez beste 7,5ko balorazioa ematen diote oinezkoek eta txirrindulariek eta faktore asko egon daitezke: eguneroko joan-etorrietarako aukera berri bat delako, segurtasuna ematen dielako… Ondo baloratzen denean, bizikletazkoen eta oinezkoen artean elkarbizitza ona dagoen seinale ere izaten da. Gaizki baloratzen denean, beharbada elkarbizitza hori ez dago, edo mantenu kontuekin lotuta dago balorazioa…

Bereziki jaitsi da erabilera tramu batzuetan… Soraluze-Bergaran, %13 jaitsi da, eta eguraldia faktore bat izan daiteke baina, bestalde, egunero hortik ibiltzen zenak erabiltzen jarraituko du, baina beharbada aisialdirako erabiltzen zuenak orain beste gune bat dauka, adibidez Arrasate-Oñati. Azpiegitura berri horrek banaketa horretan lagundu du.

Antzuola-Bergaran, bidegorria lehen puntu batera iristen zen, eta orain, Deskargako obren ondorioz, zati bat moztuta dago eta seguru nago horrek eragina izango zuela.

Oñati-Arrasate tramuaren gaineko daturik baduzue? Kontagailuak aurten jartzeko asmoa dago, baina pertzepzioa ona da.Ikusi besterik ez dago jendeak egunero nola erabiltzen duen. Zati handi baten, eguneroko joan-etorrietan ibiltzen da jendea, eta hori ikusteak poza ematen digu.

Bizikletaren Estrategian, ze pauso emango dituzue hurrengo? Norbanakoek ekarpenak egiteko aukera irekiko da laster, Gipuzkoabizikletaz.net-en. Iraileko lehen hamabostaldian, tailerren bigarren erronda egingo da, eta estrategiaren aurrerapen dokumentuari ekarpenak egingo zaizkio. Gero, Gipuzkoako bizikletaren estrategiaren behin-behineko dokumentua osatuko da; 2015erako, plan estrategikoa eta, urte bukaerarako, behin betiko dokumentua.

Eta lanera bizikletara joateko plana zertan dago orain? Proba pilotu hori sustatuko duen aholkularitza teknikoa martxan jartzeko deialdia prestatzen gabiltza; irailetik aurrera izango da hori. Bestetik, asmoa dago enpresa interesatuendako aparkalekuak emateko. Deialdi hori ere lantzen gabiltza.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.