Dagoeneko aurkeztu dituzte '.eus' domeinuaren 92 aitzindariak

Leire Kortabarria 2014ko eka. 28a, 14:00

Aitzindarietako zazpi aurkezpen mahaian izan dira; tartean, Goienako Iban Arantzabal.

Gaur eguerdian egin dute aurkezpena, Bilboko Kafe Antzokian. 92 aitzindari horien artean, erakunde publikoak, euskalgintza, enpresak eta hedabideak daude, Goiena, esaterako; baina baita  Debagoieneko beste zenbait ordezkari ere.

Aurkezpenean esan dutenaren arabera, gaur hasi eta abenduaren 3ra arte, Euskararen Nazioarteko Egunera arte, .eus Domeinuaren Aitzindariak izango dira aktibatuak egongo diren .eus domeinu-izen bakarrak. Hilabeteko epea eman zuten proposamenak bidaltzeko, eta beste hilabete bat eman dute domeinu-izen horiek erregistratu, aktibatu eta ikusgarri izateko urrats guztiak egiten. Prozesu horren emaitza eta balorazioa egin du gaur fundazioak.

Guztira, 113 domeinu-izen ezberdin proposatu ziren, 92 entitateren eskutik. Hasiera batean 90 Aitzindari aukeratuko zituztela esan zuten, baina, fundazioak esan duenez, "muga tekniko erreala" 93tan zegoen. Horregatik, erabaki bat hartu zuten: .eus Domeinuaren Aitzindari izan nahi zuten 92 entitateei aukera emango zietela horretarako. Hortaz, entitate bakoitzak soilik domeinu-izen bakarra eska zezakeen. Horixe zen hautaketarako jarri zuten irizpide bakarra.

Gaur aurkezpenean esan dutenez, aitzindarien zerrenda hori "oso anitza da, izaera, dimentsio eta jatorri ezberdineko entitateak biltzen dituelako".

Segidan, .eus domeinuaren aitzindari diren 92 erakundeen berri eman dute. Tartean, Goienaz gain, Debagoieneko beste erakunde eta enpresa batzuk daude. Hauek dira, kategoriatan banatuta.

Bederatzi enpresa:
Bankoa Crédit Agricole
Elay SL
Euskaltel
Grupo ULMA, S. Coop.
Hamaika Itzulpen SM
If
Iparragirre Eraikuntzak
Kutxabank SA
Laboral Kutxa

23 erakunde publiko:
Atarrabiako Udala
Pasaiako Portuko Agintaritza
Baztango Udala
Bilboko Portuko Agintaritza
Donostiako Udala
Eibarko Udala
ELA Euskal Sindikatua
Etxepare Euskal Institutua
Euskal Herria Bildu
Eusko Jaurlaritza
Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartea EJIE SA
Eusko Legebiltzarra
Gipuzkoako Foru Aldundia
HAZI Fundazioa
Hendaiako Herriko Etxea
Langile Abertzaleen Batzordeak LAB
Sopelako Udala
SPRI SA
Tolosako Udala
Udalbiltza
UEMA
Uztaritzeko Herria
Zeraingo Herria

14 hedabide:
ARGIA. Komunikazio Proiektua
Berria
Bertako Hedabideak -HITZA guztien ordezko
Bilbo Hiria Irratia
Eguzki Irratia
Euskal Irrati Telebista (EiTB)
Goiena Komunikazio Taldea
Hamaika Telebista
HEKIMEN Euskal Hedabideen Elkartea
Iparla Elkartea
Naiz
Radiokultura
Tokikom SL
ZUZEU – Xoraturikan SL

Euskal kulturgintzako 46 entitate:
AEK
Ametzagaiña AIE
Aranzadi Zientzia Elkartea
Ardatz Kultur Elkartea - IKA
Astigarragako Herri Eskola
Athletic Club
Azkue Fundazioa
Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkartea
Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartea
Bertsozale Elkartea
Bizi Sagardoa
CodeSyntax (Sustatu)
Dantzan.com, dantza susatu eta hedatzeko elkartea
Delorean
Deustuko Unibertsitatea
DYA – Asoc. De Ayuda en Carretera
Elhuyar
Elikaherria
Elkar Fundazioa
Emun Koop. E.
Erein Argitaletxea
Errigora
Euskal Herrian Euskaraz (EHE)
Euskal Herriko Ikastolak
Euskal herriko Txistulari Elkartea
Euskal Idazleen Elkartea
Euskal Kultur Erakundea
Euskaltzaleen Topagunea
Euskararen Gizarte Erakundeen KONTSEILUA
Euskokultur Fundazioa
Gaindegia
Garabide Elkartea
Iparra, Euskara Mundutik zabaltzen
Jakin Fundazioa
Kiribil Irakaskuntza Kooperatiba
Laguntasuna Euskal Folklore Elkartea
Lauro Ikastola, Koop. E.
Ordizia Rugby Elkartea
Otxoa de Barandika Fundazioa
Sare
Seaska, Ipar Euskal Herriko Ikastolen Federazioa
Sortzen Elkartea
Ttalaka Kultur Elkartea
Udako Euskal Unibertsitatea (UEU)
Ulibarri Euskaltegia
Urtxintxa -Gipuzkoa-

Horietatik guztietatik 22, PuntuEus Fundazioko kide dira, eta fundazioko presidentea Juan Mari Torrealdai da.

92 horietatik zazpi mahaian izan dira, tartean Goiena, bere zuzendari nagusi Iban Arantzabalek ordezkatua.

Aitzindari guztien gaineko informazio gehiago,  www.aitzindariak.eus webgunean.

"Izaera inklusiboa du"

PuntuEus Fundazioarendako eta .eus proiektuarendako "berebiziko garrantzia" du Aitzindarien Programak; batetik, fundazioak esan duenez, duela bi hilabeteko aurkezpenean jartzen zituzten bi helburuengatik: .eus Domeinuaren sustapena eta bultzada ekonomikoa. Zentzu horretan, ekarpena modu finantzarioan edo espezietan egiteko aukera irekitzeak bi helburuei "ondo baino hobeto" erantzuteko aukera ireki diela esan dute. "Modu horretan, .eus Domeinuaren zabalpenerako kanalak eta euskarriak modu esponentzialean hazi zaizkigu eta, era berean, .eus proiektuak orain datorkion bidearen hasiera duintasunez egiteko adina bultzada ekonomiko jaso du".

Gaineratu dutenez, fundazioko kideek bazekiten "beste argazki bat" ere atera ahal izango zutela: hain zuzen, .eus domeina martxan jartzera bidean, "komunitatearen partetik izango duen babesari nolabaiteko neurria hartzen" lagunduko ziela. Zentzu horretan, azaldu dutenez, 92 entitate horien barietatea ".eus domeinuaren izaera inklusiboaren isla zuzena" da. "Hortaz, Aitzindarien Fase honek .eus Domeinuaren izaera inklusiboa bera ere indartzea lortu du", fundazioaren iritziz. "Argi utziz, bide batez, .eus Domeinua komunitate oso baten domeinua dela", gaineratu du, eta eskerrak eman die berriz aitzindari guztiei.

Irailaren 16tik, beste eskaera guztiak

Bukatzeko, etorkizun hurbilari buruzko zenbait datu eman dituzte. Hain zuzen, Aitzindarien Fasearen ondoren, abiarazte-aldia etorriko da. Fase horretan, mota guztietako erakunde publiko, elkarte eta enpresek euren domeinu-izenak eskatu ahal izango dituzte, lehentasunez, publiko orokorrera ireki aurretik.

Zehaztu dutenez, abiarazte-aldia irailaren 16an hasi eta azaroaren 18an bukatuko da. Eta denbora tarte horretan eskatzen diren domeinu-izen guztiak abenduaren 3an aktibatuko dira, Euskararen Nazioarteko Egunean. Egun berezi horretan .eus Domeinuaren Fase Irekia edo Orokorra hasiko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak