Fagor Etxetresnengatik 18 milioi eta 1.300 lanpostu sortzea eskaintzen du Cevitalek

Leire Kortabarria 2014ko eka. 28a, 10:14

Cevitalen egoitza bat.

Fagor Etxetresnen inguruko lehia bizi-bizi dago. Aljeriako Brandt-Cevital multinazionalak 18 milioi euroko eskaintza formala egin du enpresarengatik, eta Euskadin 1.300 lanpostu agintzen ditu. Egosketa eta etxetresna txikien negozioak erosi nahi ditu Cevitalek.

Multinazionalak Donostiako 1. Merkataritza Auzitegian aurkeztu du bere eskaintza. Jakinarazi duenez, esandako negozio-lerroez gain, garbiketa eta klimatizazio negozioen ekoizpen lerroak erosi nahi ditu. Garagartzan eta San Andresen daude horiek, hurrenez hurren; beraz, Garagartzako eta Eskoriatzako lantegiak eta San Andreskoaren zati bat erosi nahi ditu. Lanpostuei dagokienez, horietatik 300 zuzenak izango lirateke eta lehenengo urtean sortuak, eta beste 400 lanpostu zuzen sortuko lirateke 2019ra arte.

Eskaintza horrek 5,5 milioi eurotan hobetzen du aljeriarrek aurretik egindako eskaintza ez ofiziala.

65 milioi Euskadiren ekonomiarendako

"Aktiboak erosten diren momentutik bertatik" proiektua martxan jartzeko "gai" dela azpimarratu du Cevitalek, eta, gaineratu duenez, euskal ekonomiarendako 65 milioi euroko aberastasuna sortuko luke 2015erako. Kopuru horren %65 Euskadiko hornitzaileek sortuko lukete.

Edesa, Fagor, Aspes eta Splendid marken bizi-iraupena, laguntza tekniko guztia eta taldeak Malasian duen filialaren partizipazioak eta Txinan De Dietrich enpresarekin duen joint venturea erostea bermatzen du eskaintzak.

Cevitalek prentsa oharrean esan duenez, "Fagorren aldeko apustu" horrekin, etxetresnen negozioak multinazionalaren fakturazioaren laurdena ekarriko du -gaur egun, %10- eta, 2016an, Espainiako lerro zuriaren merkatuaren %10 izango du Fagor markak.

Cevitalen eskaintza gailenduko balitz, erosketa horrekin, gaur baino 500.000 unitate gehiago ekoiztuko lituzke.

Kataluniako CNA taldeak joan den astean egin zuen bere eskaintza loteslea, eta 16,2 milioi euro ordaintzeko eta 1.400 lanpostu sortzeko gertu azaldu zen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak