Laboral Kutxaren Ikerketa Departamentuak egin du txostena eta Xabier Egibarrek eta Joseba Madariagak aurkeztu zuten txosten hori.
Frantziaren antzera
2014ko bigarren hiruhilekoan, balio ezkorretan kokatzen zen oraindik euskal familien konfiantza: -30 eta 30 puntuko eskala baten, -17. Hala ere, aurreko hiruhilekoan -23ko puntuazioa izan zuen; hortaz, hobera egin du zertxobait.
Dena dela, Hego Euskal Herria eta Espainia batera hartuta, konfiantza maila -7 puntuetan dago (aurreko hiruhilekoan, -12 puntuetan); beraz, Euskadiko familiak ezkorragoak dira. Europako Batasunean, konfiantza indizea -5en dago; aurreko hiruhilekoan, -8 izan zen balioa.
Frantzian ere antzeko konfiantza maila dute familiek: -22 (aurreko hiruhilekoan, -21). Erresuma Batuan eta Alemanian baikorragoak dira: 7 eta 4 puntu, hurrenez hurren.
Langabeziak, berdin
Oro har, ekonomiaren eboluzioa modu ezkorrean ikusten dute euskal familiek: -19 puntu ematen diote eboluzio horri, aurreko hiruhilekoan baino lau puntu gehiago. Puntuazio horrek familien etorkizuneko aurreikuspenak neurtzen ditu.
Langabeziaren martxaz ere ezkorrak dira: -17. Laboral Kutxaren esanetan, "langabeziak berdin edo txarrera egingo duela" uste dute familia gehienek.
Aldiz, etxeko ekonomia hobeto ikusten dute familiek: -13 puntu eman dizkiote, aurreko hiruhilekoan baino hiru gehiago.
Gehien hobetu den espektatiba aurrezpenarena da: 15 puntu hobetu da. Hala ere, puntuazio txarra da: -18. Horrek esan nahi du kontsumitzaile askok uste dutela datozen hilabeteotan gutxi edo ezer ez duela aurreztuko.