Gazteendako enplegu plana jarriko du martxan Jaurlaritzak uda eta gero

Leire Kortabarria 2014ko eka. 25a, 14:48

Aburto sailburua, Onda Vascan.

Eusko Jaurlaritzak gazteen enplegagarritasuna hobetzeko plan berri bat jarriko du abian uda eta gero. Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak, Juan Maria Aburtok, iragarri zuen atzo, martitzena, Onda Vascan egin zioten elkarrizketan.

Aburtoren esanetan, "egiazko kontratuen alde" egingo da, gizarte-segurantzako kotizazioarekin eta sei hilabeteko iraupenarekin edo iraupen mugagabearekin. Funtsezkoa da gazteen enplegua sustatzea, Aburtoren iritziz, hala egin ezean arriskuan egongo delako kohesio soziala, bizitza-proiektuak atzeratzera behartuta egongo direnez.

"Ez da zergak murrizteko unea"



Kohesio sozialari dagokionez, sailburua kezkatuta agertu zen zerga-sistemari buruzko eztabaidak direla eta. Honela esan zuen: "Ez da zergak murrizteko unea; zerga-sistema mailakatuaren unea da, etorkizunean herritarrek arreta egokia jaso dezagun, baldin eta zaurgarritasunezko egoeran jausiz gero".


Sailburuak gizarte-babeserako euskal sistema goretsi zuen eta adierazi zuen "berme gehiegi eskatzen dituela" adieraztea edota herritarren  100 babesten ez duela eta, ondorioz, oinarrizko errenta unibertsala aldarrikatzea, "sisteman arriskuan jartzea" dela eta aurrera eramaten ari diren politikei zilegitasuna kentzen diela.



Elkarrizketa soziala hizpide hartuta, sailburuak azaldu zuen Eusko Jaurlaritzak "hirutariko elkarrizketa sozialaren" alde egin duela. Bere ustean, elkarrizketa «egingarriagoa» izango da uda ostean, metalaren hitzarmenean aurrerapausoak ematea gertatu daitekeelako, aintzat hartuta sindikatuen eta patronalaren planteamenduak. Hori guztia "aztertu egin behar" dela esan zuen Onda Vascan.

Aburtok esan zuenez, ELAk uko egin dio eztabaida-mahai sozialean parte hartzeari. Aldiz, LABek "jarrera kritikoa izan arren, parte hartzeko borondatea" duela esan zuen sailburuak. Horrenbestez, sailburuaren arabera, "LABen planteamenduak kontuan hartzea merezi du".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak