Rober Gutierrez: "Krisian ere lan-iragarkiak euskaraz egiten direla ikusteak pozten gaitu"

Leire Kortabarria 2014ko eka. 25a, 12:00
Rober Gutierrez.

Bai Euskarari Ziurtagiriaren elkartearen zuzendaria da Rober Gutierrez (Gasteiz, 1970). Elkarte horrek Lansarean tresna aurkeztu berri du. Euskarazko lan-ataria da eta, bi astean, 300 lagunek eman dute izena.

Zenbat erabiltzaile ditu dagoeneko Lansarean tresnak?

Aurkeztu eta bi astera, 27 enpresa daude eta 300 hautagai. Curriculum horietako batzuk publikoak dira.

Orain ari gara Lansarean ezagutarazten eta pixkana iritsiko dira hautagaiak eta enpresak. Guk tresna bat ipini dugu. Enpresen eta hautagaien arteko harreman zuzena da bilatzen duguna, eta enpresek eurek ipintzea lan eskaintzak. 

Lana bilatzeko balio dezake, ezta? 

Bai. Lansarean lan-atari bat da, eta elkar ezagutzea erraztuko die enpresa eta profesionalei. Batetik, euren lan-eskaintzen berri emateko aukera dute enpresek, eta horrekin batera, hautaketa-prozesuak Lansareanetik bertatik kudeatzeko aukera izango dute. Enpresei ibilbide hori erraztu nahi diegu eta, era berean, hautagaiak enpresekin harremanetan jartzea ere errazagoa izatea.

Bestalde, atariak baldintza gisa du erabilera euskarazkoa dela. Lan-eskaintza guztiak euskaraz agertu behar dira eta, kasu batzuetan, euskara baldintza gisa hartuko da prozesu horietan. Beraz, Lansarean bezalako atari baten izena ematen baldin badute, hizkuntzaren aldagaia ere baloratu dutelako izango da. 

Egun hauetan mugimendua badago eta hori guretzat oso pozgarria da: pozgarria da, batetik, ikustea lana egon, badagoela, eta bestetik, krisi garaian ere euskaraz egin daitezkeela horrelako iragarkiak.

Ze motatako enpresak dabiltza Lansarean-en alta hartzen?

Denetarik dago. Normalean, zerbitzu-enpresak dira, eta badaude mankomunitateetako enplegu zerbitzuetako eskaintzak. Enpresa industrialen bat ere badago.

Lansarean-ek Enpresarean proiektua osatzen edo indartzen du. Nola?

Enpresarean-eko adar bat izan daiteke. Ziurtagiriaren bidez dena dago lotuta; horren bidez, harremanetan gaude Euskal Herriko enpresa, elkarte eta entitateekin eta, egunerokotasunean, pixkanaka, euskara indartzen laguntzen diegu, ahalik eta epe motzenean enpresa horiek lana euskaraz egin dezaten. Ibilbide bat proposatzen zaie, eta laguntzea eta ebaluatzea da gure lana. 

Hasieran proiektu horrekin aritu ginen lanean, baina ikusi dugu ziurtagiria zuten entitate askok beste era bateko laguntza ere behar zutela. Enpresak hizkuntzak kudeatzea eta bere egunerokotasunean euskara barneratzea erabakitzen duenean, momentu batzuetan arazoak sortzen dira, eta gabezia horri irtenbidea eman nahian sortu genuen Enpresarean proiektua. Mahai gainean jarri nahi genituen euskaraz dauden produktu eta zerbitzu horiek, eta euskaraz lan egiten duten enpresa eta profesionalak erakusleihoan ipini, enpresak euren artean harremanetan jartzeko.

Enpresarean-en ze balorazio egiten duzu?

2010ean hasi ginen Enpresarean-ekin urratsak egiten, eta gauza berriak probatzen ari gara. 2010ean jardunaldiak antolatu genituen eta interesa bazegoela ikusi genuen. Interes hori ikusita hasi ginen urrats sendoagoak egiten. 2011n, webgune bat sortzea erabaki genuen, enpresa eta profesional horiek euren artean harremanetan jarri ahal izateko. Badaude sare profesionalak, baina horietan euskara ia-ia ez da ikusten. Enpresarean-ekin, euskaraz lan egin nahi zutenen komunitatea sortu nahi genuen.

Badago atal bat, Komunitatea, eta horren barruan enpresa eta profesional horiek euren artean kontaktuan jartzeko aukera dute. Bateren batek zerbitzu bat behar badu, nahikoa du hor mezua jarri eta automatikoki profesional eta enpresek hori ikusiko dute, erantzun dezakete… Euren artean elkarlana sustatu nahi dugu; esperientziak, jakintza… partekatu. Momenturen baten, salmentarako gune bat ere izatea nahiko genuke, euren arteko negozio aukerak handitzeko, eta horretan ari gara.

Komunitate izateaz gain, ekintzak ere antolatu izan ditu Enpresarean-ek: azokak, hitzordu azkarrak… 

Bai. 2011n adostu genuen Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetza-hitzarmena. Izan ere, 2011n, komunitate birtual hori  sortu genuenean, profesional eta enpresa horiek elkar ezagutzeko ekintza fisiko bat ere antolatu nahi genuen. Azoka bat antolatzeko ideiarekin hasi ginen eta, antolatzen ari ginela, Aldundiak gure ekimenaren berri izan eta berak ere horrelako azoka bat antolatzeko asmoa zuela azaldu zigun; orduan, lankidetza hitzarmena egin genuen. 2012tik ari gara elkarlanean, eta 2012an antolatu genuen lehendabiziko azoka, Donostiako Kursaalen, nahiko arrakastatsua.

Emaitza ikusita, Foru Aldundiarekin adostu zen bi urtean behin azoka antolatzea eta, azokarik ez dagoen urteetan, bestelako ekimenak egitea. 2013a azoka urtea ez zenez, enpresen arteko topaketa antolatu zen Arrasaten, eta beste hizkuntzatan antolatzen diren hitzordu azkarren saioak euskaraz egitea izan zen helburua. 

Arrasaten egin izan dituzue ekintzetako batzuk. Sentsibilitate berezia aurkitu duzue Debagoienean?

Arrasaten badago Euskal Herriko beste leku batzuetan ez dagoen mugimendua, eta horrek oso eragin ona du. Egoera soziolinguistikoa eta kooperatibagintza kontuan hartuta, inbertsio handiak egiten ari dira euskara egunerokoan egon ahal izateko. Horko egoera eta Gasteizena edo Arabako Errioxarena konparatuta, horkoa oso ona dela ondorioztatzen da. Kontzientzia maila nahiko handia dago eta hori esportatu egin beharko da Euskal Herriko beste eremu batzuetara, horrek emaitza positiboak izango dituelako, eta kooperatiben lidergo-gaitasuna beste eremu batzuetara bideratu beharko genuke. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak