Roberto Moso: "Zarama ez da musika talde bat soilik, lagun talde bat baizik"

Txomin Madina Milikua 2014ko eka. 26a, 00:00
Roberto Moso.

70eko hamarkada amaieran Santurtzin sortu zen Zarama taldeko abeslaria Radio Euskadin dabil 'Leit Motiv' eta 'Aquí Macondo' aurkezten eta hainbat saiotan kolaboratzen.

1. Abeslaria, irrati esataria... Zenbat denbora eman duzu gehienez mikrofono aurrean jarri barik?

Oporretan nagoenean egoten naiz hilabete mikrofonoa ukitu gabe, eta ez beti! Mikrofonoarekin ezkonduta nago, bai.

 

2. Leit Motiv saioa aurkezteko diozue musika ona entzuteko motibo zehatzik ez dela behar. Zer da zuretzat musika ona?

Hori galdera! Esango nuke dela bakoitzak kalitatezko musikatzat duena, eta hori errespetatu behar da; norberaren baitan dago. Gustuak ere aldatzen dira, gainera.

 

3. Zerk piztu zuen Zarama sortzeko sua?

Rock-and-rolla entzuten genuen, baina kantaldiak ere bai: asteburu baten Benito Lertxundi eta hurrengoan Leño. Biak batu eta euskaraz abestea erabaki genuen, jorratzeko bidea zegoela ikusi genuen-eta.

 

4. Talde batek bere buruari Zarama izena jartzeak ere badu berea...

Nire alabak gauza bera esaten dit... Punk garaia zen, zerbait gordina eta zuzena jarri behar genuen, eta, hiztegi batean ikusita, aproposa iruditu zitzaigun. AEBetan ere bada Garbage izeneko taldea.  

 

5. Iñaki-rekin, immigrazioaz hitz egiten aitzindariak izan zineten. 

Garai berean, Jotakiek Joxemai beltza ere egin zuen. Ez genuen espero egun ere Iñaki-ek hor jarraitzea: produktuak aldatu dituzte, baina ez euren egoera.

 

6. Talde mitiko bat itzultzean muturra okertzen dute hainbatek.

Ulertzen dut, nik ere horrelako iruzkinak egin ditudalako. Oso ondo pasatu dugu, esperientzia polita izan da, eta, zerbait polita irteten bada, egingo dugu berriz ere. Guretzat ez da musika talde bat soilik, lagun talde bat baizik; esan dezatela gura dutena.

 

7. Eta zeuri, zein talde itzultzeak egingo lizuke ilusioa?

Itoiz. Duela hiruzpalau urte ikusi nituen Juan Karlos eta Foisis jauna Bilboko Oskestra Sinfonikoaz kantu bat jotzen, eta gosez geratu nintzen. Baina ezinezkoa dirudi.

 

8. Gaurko zein euskal talde oroituko dugu 20-30 urte barru?

Berri Txarrak, Esne Beltza, Betagarri... Jarraikortasuna duen talderik dagoen? Denetarik dago... Kontua da industriak behera egin duela, eta talde asko dagoela, lehia handiagoa. Baina baliabideak ere eskuragarriago daude. 

 

9. Idazle moduan, mikroipuinak eta ipuin motzak landu dituzu, batez ere. Nobela bat idazteko nagiegia?

Falta zaidana denbora da. Datorren urterako gauzak hobeto antolatu eta eleberri bat hastea, behintzat, gustatuko litzaidake. 

 

10.Blogari moduan ere nahiko aktiboa zaitugu. Zer ematen dizu?

Plazer handia da: lehen bi fantzine egin nituen, eta lan itzela zen. Egun, dena zure etxean egin dezakezu, eta mundu osoan zabaldu.

----------

Makila magikoa baneuka: "Inbidia pikutara botako nuke; eta Miss Unibertsok esango lukeen moduan, munduan bakea zabalduko nuke"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak